Lagun Artea Kirol Elkarteak futbol talde inklusiboa sortu du aurten. Taldea hamar futbolari ingururekin hasi da martxan, baina animatu nahi dutenek ateak zabalik dituzte. Lagun Arteako futbol koordinatzaile Aitor Goikoetxea, eta atezainen entrenatzaile Unai Otermin dira entrenatzaileak, eta juntako Miren Iriarte da taldearen arduraduna. Zelai Berri futbol zelaiaren ondoan dagoen Sakana frontoian entrenatzen du taldeak. "Taldekideen artean sortzen den harremana ikusgarria da. Oso ongi pasatzen dugu" aipatzen du beti Aitor Goikoetxeak.
Hain zuzen ere asteburu honetan abiatuko da Nafarroako Futbol Federazioak antolatutako "Nire gaitasuna kirola ere bada" futbol liga. Lagun Artea taldeak etxean hasiko du denboraldia, bihar, larunbata, 12:00etan, Aspace A Navarra taldearen kontra, Sakana frontoian. Bigarren multzo honetako beste taldeak Aspace Navarra B, Ardoi, Bidezarra eta Iruntxiki dira.
Partida hasi baino lehen, 11:30ak aldera, Lakuntza futbol talde inklusiboaren aurkezpen ekitaldia izango da. "Gogotsu daude, liga hasteko irrikaz" azaldu du Ainhoa Soto idazkariak.