Karatea

Hiru domina Shotokanera

Maider Betelu Ganboa 2025ko ots. 20a, 11:00

Leire Meaza, goian, ezkerretik hasita hirugarren, Lakuntzako taldeko ikasleekin. Tartean daude Aray eta Aleix Montecelo. UTZITAKOA

Shotokan klubeko Aray eta Aleix Montecelok eta Eloy Cachok podiuma egin zuten Nafarroako Kirol Jokoen Kumite Txapelketan. "Ahalegin, dedikazio, diziplina eta talde lanaren isla" direla azaldu du Leire Meaza monitoreak

Abian dago 2024/2025 karate denboraldia eta Shotokan karate klubetik albiste onak datoz. Otsailaren 8an Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Kumite Karateko Txapelketa jokatu zen Aranguren ibarreko kiroldegian, kimuen, haurren eta gazteen mailetan. Shotokan klubeko hiru karatekek parte hartu zuten, eta hirurak podiumera igo ziren. 

Aray eta Aleix Montecelo Casillas anai lakuntzarrei dagokienez, Aray gazteen -48 kiloko kategoriako txapelduna izan zen eta Aleix kimuen -28 kiloko kategorian bigarrena. Eloy Cacho Astiz uharte arakildarra haurren -40 kiloko kategorian hirugarren sailkatu zen. "Oso pozik gaude. Hirurek lan bikaina egin zuten eta lorpen horiek egiten duten ahalegin, dedikazio, diziplina eta talde lanaren isla dira" azaldu du Lakuntzako Shotokan karate klubeko monitore eta arduradun Leire Meaza Pizarrok. Lakuntzan hamabost karateka trebatzen dira, eta Irurtzunen hamar inguru, Ruben Trinidad monitorearekin. 

Karatea, diziplina
Karatea arte martzial tradizionala da, armarik gabeko borroka artea. 1933. urtean sortu zen ofizialki, Okinawa izena duen uhartean zeuden borroka sistemak ere oinarri hartuta. "Karateak diziplina asko eskatzen du. Eskuak, hankak, posizioa, erritmoa... elementu asko lantzen ditugu batera eta mugimendu ezberdinak sortzen ditugu, arte martzialetan oinarritutakoak. Ostikoak jo daitezke, baina badaude ukitu ezin diren puntu batzuk: genitalak, aurpegia, kopeta...". Karatean bi modalitate lantzen dira: kumitea, bi karateken arteko borroka, eta kata, karate mugimenduen erakustaldia edo karate mugimenduen segida. Gainontzeko arte martzialekin antzekotasunak daude, "baina nire iritziz, karatea osoagoa da, gorputz guztia lantzen dugu eta askoz sakonago egiten ditugu mugimenduak". Errespetua, diziplina, ez etsitzea... balore handiak lantzen dira karatean.

Arangurenen lortutako hiru dominak espero ote zituzten galdetuta, "bai, baina ez" erantzuten du Leire Meazak. "Txikienendako, Aleix eta Eloy, lehen aldia zen, eta probatzera joan ginen. Beti esaten diegu garrantzitsuena ongi pasatzea dela; zerbait lortuz gero, ba primeran, eta ez bada lortzen, hurrengorako. Eta lortu zuten". Arayrendako bigarren edo hirugarren txapelketa izan zen. "Geroz eta lan eta helburu handiagoak jartzen dizkiogu eta ahal duela erakusten ari da. Primeran ari da, aurki monitoreei pasako digu" azaldu du irakasleak, harro. Arayk gerriko urdina du, eta Eloy eta Aleix horia eta laranja artean dabiltza. "Beltzera iristeko bi kolore falta zaizkio Arayri, eta horretarako geroz eta gehiago aritu beharko da. Orain ongi prestatzen jarraitzea da erronka, datozen txapelketei begira" azaldu du gerriko beltza eta Lehen Dan maila duen monitoreak. 

Lakuntzan eta Irurtzunen
Lakuntzan astearteetan eta ostegunetan entrenatzen dute, 18:30etik 19:30etara txikiak eta hasiberriak, eta 19:30etik 20:30etara handienak. "Txikiei kata eta kumite oinarriak erakusten dizkiegu, sarritan jokoen bidez. Oso pozik datoz. Eta handienekin, ordea, kata eta kumitea sakonago lantzen da". Irurtzunen, astearteetan eta ostegunetan aritzen dira, 17:00etik 18:00ak arte, Ruben Trinidadekin. Klubeko ateak zabalik daude. "Nahi duena edozein unean batu daiteke gurekin. Entrenamendu batera etor dadila, probatu dezala, eta jarraitu nahi izanez gero segi dezala. Bestela, beste esperientzia bat izango da" argi du Meazak. 

Joan zen astean NKJ-en Kumite txapelketa zen, eta asteburu honetan Katakoa izango da. "Emaitza onak daudenean, beste lehiaketa batzuetara joateko gogo gehiago izaten dute".