Nafarroako Futbol Federazioak antolatutako Nire gaitasuna kirola ere bada liga otsailaren bigarren asteburuan hasi zen. Otsailaren 9an Lagun Artea talde inklusiboak Lakuntzako Sakana frontoian egin zuen debuta ezin borobilagoa izan zen. Aurretik taldearen aurkezpena egin zuen klubak, eta ligako lehen partidan 4-1 irabazi zion Aspace Navarra A taldeari.
Jokalariak pozik, eta Lagun Artea Kirol Elkarteko arduradunak beste horrenbeste. Miren Iriarte Lizarraga juntako kidea da taldearen arduraduna, eta Unai Otermin entrenatzailearen laguntzailea. "Gehienek, hiruk izan ezik, Tasubinsatik ezagutzen zuten elkar, eta batu diren hirurak ongi egokitu dira. Taldean giro oso ona dago" azaldu du.
Ostiraletan entrenatzen dute, hamabostero, Unai Otermin entrenatzaileak lanarengatik ahal duenean, Zelai Berri ondoan dagoen Sakana frontoian. "16:30ean jasotzen ditugu Tasubinsatik, eta entrenamendua 17:00etatik 18:00etara izaten da. Oso gustura aritzen dira".
Miren Iriarte: "Futbol talde inklusibo bat izatea oso garrantzitsua da guretako. Horren isla da taldea aurrera ateratzeko Lagun Artean egin dugun esfortzua"
Debuta "hunkigarria" izan zen. "Pozarren zeuden. Gainera, Lagun Arteako gainontzeko taldeetako kapitainek eta erregional taldeko entrenatzaileek pasilloa egin zieten aurkezpenean. Eguneko protagonista egin genituen. Oso ongi pasatu zuten, eta partida irabazi zuten. Ezin da gehiago eskatu".
Familiak pozik daude futbol taldean hasi direnetik. "Motibatuta ikusten dituztela transmititzen digute, eta zoriontsu ikusten dituztenez, eurak ere kontentu daude. Igandean partidara etorri ziren animatzera".
"Gutako bat"
Klubarendako talde inklusiboa atera izana oso pozgarria da. "Lagun Artearendako oso garrantzitsua da gaitasun ezberdinak dituen futbol talde bat izatea. Horren isla da taldea aurrera ateratzeko egin dugun esfortzua. Beraiei aukera bat ematea handia da, eta guztiondako esperientzia oso aberasgarria ari da izaten. Eurak futbolean jokatzen zoriontsu ikustea, klubeko beste edozein talde bezala... hori da garrantzitsuena. Gutako bat dira". Taldeak ateak zabalik dituela gogoratu du.