Lakuntzako Udalak 1.292.091,98 euroko aurrekontua du aurten, aurreko urtean baino 27.512,02 euro gehiago dira. Oihane Uribetxeberria Garmendia alkateak azaldu duenez, "igoeraren arrazoia da, besteak beste, lur ondasunen kontribuzio zerga berrikusi delako. Balorazio txostena 2022an onartu zen eta legearen arabera zerga %0,25 eta %0,50 artekoa izan beharko da. Lakuntzan %0,16koa denez, aurten eta heldu den urtean zerga hori %0,045 igoko dugu, legeak eskatzen duen gutxienekora iristeko".
Alkateak azaldu duenez, "aurtengo aurrekontuan ez dago inbertsio handirik baina 762.931,84 euroko balioa duten hiru lan eginen dira aurten: eskoletako inguratzaile termikoa hobetu (306.734,99 euro), plazako estalpea (238.000 euro) eta Sakanako Mankomunitateko teilatuaren konponketa (218.196,85 euro). Hiruak joan zen urteko aurrekontuan zeuden. Atzeneko bi lanak hasiak daude. Uribetxeberriak jakinarazi duenez, plazako estalpeko egitura martxo hasieran jartzen hasiko dira. Udaberrian egiten den azokarako prest nahiko lukete. Eskolako lanei dagokienez, emateko deialdia egina du udalak. "Lanek bost hilabeteko iraupena izanen dute. Eskola jarduerari ahalik eta gutxien eragitea nahi dugu. Sikiera udan leihoak aldatu nahi genituzke", azaldu du alkateak.
Parkea eta basoa
Tirolina jarrita dago eta futboleko ateak tokiz aldatu ditu udalak, parkearen iparraldean jarriz, luzeran beharrean parkearen zabalera hartuz. "Hurrengo lanak zehazten ari gara orain. Esate baterako, bankuak eta mahaiak zenbat eta non jarri, zuhaitzak non eta zenbat landatu... Aurten zati bat eginen dugu eta gelditzen dena 2026an. Lanen diru balorazioa egiten ari gara", aurreratu du Uribetxeberriak. Egitekoen artean daude irisgarria izanen den porlanezko bide zirkularra, plazatxo bat, futbol zelaiaren ondoan sareak jartzea baloiak etxeetara ez joateko, boleibol zelaia egitea... Lanen batzuk auzolanean eginen dira, beste batzuk enpresek eginen dituzte. Bide batez jakinarazi du udalak langabe bat kontratatuko duela urte erdirako. Apirilean hasiko da lanean, garai horretatik aurrera lan gehiago izaten baita udalean.
Basoari dagokionez, alkateak azaldu du udalak basoan konponketa eta garbiketa batzuk egin dituela, batere dirulaguntzarik gabe. Aurtengo aurrekontuan igo den sailetako bat baso eta bide konponketena da, 7.000 euro gehiago dituena. Gaineratu duenez, 2024-2025 baso antolamenduko planari jarraituz, Urrizamendi, Usotegieta eta Soitxiki parajeetan pagoz osatutako aprobetxamendua saldu dio Maderas Zubillaga enpresari. Hark 2.273,3 m3 aterako ditu eta udalak 68.808 euro (BEZik gabe) jasoko ditu.
Azterketak
Nafarroako Gobernuak Toki Azpiegitura Planeko dirulaguntza deialdira zer lan aurkeztu aztertzen ari da udala. Sareak eta kaleetako zorua berritzeko lanek aukera handiak dituzte. Bestalde, kultur etxean jarritako eguzki plakekin eraikina bera, eskola eta udaletxea argindarrez hornitzen ari da udala. "Zer emaitza ematen dituen aztertuko ditugu eta, horren arabera, baloratuko dugu beste eraikinetan jarri edo ez", azaldu du alkateak. Beste eraikinak eskolak eta igerilekukoa izanen lirateke.
Bestalde, azaroaren 8an mustu zen liburutegian "beti jende mugimendua" dagoela jakinarazi du Uribetxeberriak. "Nafarroako Liburutegi Sareak 9.000 euro eman zizkigun katalogoa berritzeko 2024an. Oraintxe liburutegiak eskaintza interesgarria du", ziurtatu du alkateak. Gaineratu duenez, "Sarean sartzeko pausoak ematen ari gara, hitzarmena lehenbailehen sinatu nahi genuke. Arbizuren moduko lankidetza programa bat izan nahi genuke. Hala, Sarearen programetan parte hartzeko aukera genuke, eta katalogoa berritzeko laguntza jasoko genuke".
Azkenik, Uribetxeberriak jakinarazi duenez, “gauzatxo batzuen faltan”, Arnaizko hondakindegia itxita dagoela dagoeneko. “Larre bezala utziko da. Aska ere badago”.
Zenbait diru sail
Festak 70.000
Argiteria publikoa 23.000
Kultur jarduerak 17.000
Kirol guneko argiteria 8.500
Bideak eta basoa mantentzeko 10.000