Matxismoaren kontrako borrokan emakume langileak lehen lerrora deitu dituzte

Guaixe 2025ko mar. 10a, 12:15

Itaiak Lakuntzan deitutako mobilizazioa. UTZITAKOA

Itaiaren iritziz "faxismoari eta matxismoari aurre egingo dion langileon mugimendu indartsua eraikitzeko momentua da". Horretarako, "emakumeon antolakunde indartsuak" eraiki eta "emakumeok borroka prozesuetan aktibo politiko" izatera deitu dituzte.

Itaiak Lakuntzan mobilizatzera deitu zuen Emakumeen Nazioarteko Egunean. "Martxoaren 8a aurpegi zuriketarako erabiltzen duten alderdi politikoen, instituzioen eta enpresarien hitzontzikeriak alboratu, eta matxismoaren eta faxismoaren aurka egiteko borroka eguna da gaurkoa. Horregatik, Martxoaren 8aren izaera iraultzailea berrartu nahi dugu", adierazi zuten. 

Emakumeen antolakunde sozialistatik azaldu zutenez, "gaur egungo testuinguruak antolatzeko eta mobilizatzeko beharra areagotu du. Izan ere, ideia atzerakoiak eta matxistak indartzen ari dira nonahi. Eta ideologia erreakzionario horrek zuzenean eragiten digu emakume langileoi. Izan ere, kultura matxista hedatzeko izugarrizko lana egiten ari dira alderdi eskuindarrak, eta emakumeon irudi otzana eta sexualizatua normalizatzen ari dira". Gaineratu zutenez, "kontuan eduki behar dugu alderdi ultraeskuindarrek boterea eskuratu ahala, estatu aparatuak erabiliko dituztela emakumeok oraindik gehiago zapaltzeko, bai eta emakume migranteen esplotazioa areagotzeko ere". Itaiako kideek nabarmendu zutenez, "matxismoaren kontra borroka egiteko baldintzak ezabatuko dituzte, faxistek beti langileon eskubide politikoak erasotu baitituzte". Horren guztiaren "kontra premiazkoa da altxatzea". 

Itaiakoek nabarmendu zutenez, "soluzioa ez da etorriko estatu aparatuetatik, ezta ezkerreko alderdi politikoetatik ere. Alde batetik, azken urteek argi erakutsi dute instituzio kapitalistek emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko egiturazko mugak dituztela. Bestetik, ezker politiken porrotek sorturiko desatxikimenduak eskuineratzen eraman du gizarteko sektore handi baten pentsaera". 

Haien iritziz, "instituzio kapitalistak ezin ditugu eraldaketarako bitarteko gisa ikusi". Horregatik, "lehentasunezkoa da emakumeon zapalkuntzaren kontrako alternatiba joko-zelai parlamentarioetik kanpo gorpuztea, alternatiba hori zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren eraikuntzan kokatzea, eta azken urteetan galdutako kale mailako borroka eta antolakuntza indartzea". Horretarako, "langile klaseko kolektiboen arteko lankidetza ezinbestekoa da, eta hor emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu: emakume migranteak, sektore feminiziatuetako langileak, indarkeria matxista pairatu dutenak, eta abar". Horrela "guztiok kalitatezko bizi baldintzak berdinak izateko eta eskubide politikoak bermatuak izateko borrokatu behar dugu!"