Lakuntzako Hatortxu jaialdian ariko diren beste 22 talderen berri eman dute

Guaixe 2025ko mar. 13a, 11:54

Hatortxu Rock musika jaialdia Lakuntzan despedituko da. ARTXIBOA

Garilaren 24tik 27ra bitartean izanen den “agur” festa erraldoian ehun bat taldek joko dute.

Hatortxu Rock-en azken edizioa hartuko du Lakuntzak udan. Antolatzaileek han ariko diren beste 22 talderen berri eman dute, honakoak dira: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne, Maruxak, Ibil Bedi, Sukena, The Lio eta Kaotiko. Aurretik jakina zen musika jaialdian ariko zirela ere Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos, Betagarri, Buitraker, Autobus Magikoa eta Never Surrender.

Musika jaialdiko kartelaren herena, beraz, ezagutzera eman du antolakuntzak. Azaldu dutenez, “garileko azken asteburuan Hatortxu Rocki merezi duen amaiera eman asmoz, 100 talde inguru bilduko ditugu, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta guzti haien senideen eskubideen alde berriz ere 'Hator-hator neska-mutil etxera!' oihukatu asmoz. Antolatzaileek azaldu dutenez, “eszenatoki gaineko eskaintzaz aparte, elkartasun jaialdia inguratuko duen guztian ere lanean ari gara: akanpalekua, bestelako programazioa… Heldu den asteetan joanen gara xehetasun guztiak ematen". Dagoeneko sarrerak hatortxurock.eus webgunean eskuratu daitezke. Lau eguneko bonoa 105 eurotan eskuratu daiteke. Aurrerago egun bakoitzeko sarrerak eskuratzeko aukera emanen dute.