Lakuntzak hartu zituen apirilaren 5ean, larunbatean. Jardunaldiak Lakuntzako Udalaren laguntzaz antolatu zituzten.
VIII. Landa Eskolen Jardunaldiak izan ziren Lakuntzan.
Landa eskoletan "ahaztuak" izanaren sentsazioa dugu. Edozein lege-edo egiten denean, beti izaten da eskola handiei begira. Gure errealitatea inoiz ez da, gehiegi behintzat, aintzat hartzen. Jardunaldiak sortu ziren landa eskoletako irakasleen arteko topaketa gisa. Aldi berean, esperientzia edo praktika hezitzaileak partekatzeko topagune gisa. Elkarren artean esperientziak partekatu, ikasi. Horiek ziren helburu nagusiak. Horretaz aparte, landa eremua eta landa eskolen ikusgarritasuna bermatzea. Landa eremua bizirik mantentzeko beste ahalegin bat da, baina hezkuntzaren ikuspegitik.
Zeini zuzenduta daude?
Nafarroan landa eremuko eskoletan lanean ari diren irakasleei zuzenduta daude. Egun Nafarroan 64 landa eskola daude. Sakanako bederatzi eskoletatik sei dira landa eskolak: Uharte, Lakuntza, Arbizu, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutiakoak. Gainontzeko hiruak (Irurtzun, Etxarri eta Altsasu) tamainagatik ez dira landa eskolatzat hartzen. Gutxienez bederatzi gela badituztelako. Hala ere, Sakanan eskola guztiek sarean lan egiten dugu. Eskertzen da eskola handi horiek gure eguneroko zereginetan bustitzea. Jardunaldi horietan ere aktiboki parte hartuko dute.
Zein dira landa eskolen bereizgarria?
Bederatzi unitate, gela, baino gutxiago izatea. Hau da, gutxienez ikasgelaren batean bi adinetako haurrak elkarrekin daude, kopuruek ez dutelako ematen adin bakoitzerako talde bakarra sortzeko. Baldintza horiek betetzen dituzten eskolak dira landa eskolak.
Zeren inguruan ariko zarete?
Topaketa horietan beste irakasleei praktika onak edo esperientziak azaltzen zaizkie. Batzuetan eskualdean bertan ez dago nahikoa jende. Guk zortea dugu, gure eskualdeko irakasle asko animatu ziren eta, beraz, topaketan Sakanako herri eskoletan garatzen diren meteorologia edo hizkuntza praktikak azaldu ziren. Lehenengoa orokorra izan zen, Lakuntzako eskolak aurkeztuko duena, joan zen urtean garatu zuten Geroaren bidean proiektuaren ingurukoa. Hamaiketakoaren ondoren, praktika onen txanda izan zen. Han irakasleak banatu genituen. Eta zeuden praktika onen inguruan irakaslek beraien lehentasunak aukeratu zituzten. Zeuden horien guztien artetik irakasle bakoitzak bi entzun edo jaso zituen. Guztiak, esan bezala, Sakanako eskoletako metodologien ingurukoak ziren.
Urtetik urtera jardunaldietako gaietan bilakaerarik izan da?
Desberdinak dira. Batzuen eta besteen artean harreman gehiago edo antzekotasuna izan dezakete. Baina, orokorrean, urtero gauza berriak lantzen edo partekatzen saiatzen gara.
Jardunaldietakoa jasoko duzue?
Bakoitzak bere motxilan badarama. Gainera, Hezkuntza Departamentuko webgunean zintzilikatuko da topaketan erabilitako materiala. Horretaz aparte, bada aitzakia ere kontaktuak sortzeko. Norbaiti zehazki ikastetxe bateko praktika on batek interes berezirik piztu da dio, bada aukera bat ere hortik kontaktu bat lortzeko eta jardunaldi horietatik kanpo elkarrekin harremanetan jarri eta haien artean ezagutza partekatzeko.
Halakoetara Hezkuntza Departamentukoak joaten dira?
Esan digute etorriko direla. Beraiek kontziente dira araudietan dena eskola estandar horietarako egiten dela. Beti tokatzen zaigu pixka bat gainean egotea. Baina hezkuntza arloan ez ezik, beste hainbat alorretan ere hala gertatzen da. Garrantzitsua da landa eremuan bizi garenok, bakoitza bere esparrutik, hori aldarrikatzea. Eta herri txikien bizi iraupenerako hezkuntza zerbitzu egoki bat, osasun zerbitzu egoki bat eta hainbat zerbitzu publiko aldarrikatzea tokatzen zaigu. Kasu honetan, gainera, herri baten iraupenerako ere garrantzitsua da eskola herrian bertan izatea.
Departamentukoekin kontaktua sortzeko balio badute, ederki, ez?
Bai. Badakigu jardunaldiak aurten ere interes handia piztu duela. Esaterako, Nafarroako Unibertsitate Publikotik irakasle pare bat etorri ziren. Castellonetik eta Errioxatik ere bai. Nolabait unibertsitateetan ere garrantzitsua da irakasle ikasketako ikasle berriei ikastetxe hauen errealitatea ezagutaraztea. Eta jakitea posible izan daitekeela beraiek landa eskola batean lan egitea, eta ez nolabaiteko gela estandar batean. Nafarroa osotik ia laurogei irakasle etorri ziren.