Hatortxun 7.049 txanda egiteko auzolankideen bila

Guaixe 2025ko api. 14a, 12:25

Hatortxu Rock-ek Jantzi petoa! ekimenarekin lan txandak betetzera animatu du "mundu guztia"

Txorongo Txarangak Lakuntzako plazatik kontzertu gunera arte gidatutako kalejira baliatu zuen Hatortxu Rock antolakuntzak Jantzi petoa! ekimenarekin Euskal Herriari peto laranja janztea eskatzeko. "Lakuntzatik dei egin nahi diogu mundu guztiari txanda bat egitera anima dadin, eta azken edizio hau modu berezian bizi dezan. Ezinbestekoa delako, bai, baina baita Hatortxu ezagutzeko modu desberdin bat delako. Ez da edonolako jaialdi bat, elkartasunean eta elkarlanean eraikitzen da. Ez ezazue galdu".

Hatortxu Rock behar bezala antolatzeko 7.049 txanda bete behar dira. Izena ematea zabalik dago hatortxurock.eus/txandak webgunean. "Auzolanaren herria gara. Auzolanaren indarra gara. Jantzi petoa eta egin txanda!" eskatu zuten. 

Herrira kalejiran jaitsi eta gero, Lakuntzako Kultur Etxean Maskak, Mirua, Juantxo Arakama eta Pello Reparazen artean auzolanean ondutako "Bi t´erdi" bideoa ikusteko aukera izan zen. Bideoa apirilaren 15ean aurkeztuko da. Auzate ederrarekin despeditu zen ekitaldia.

Hatortxu Rock elkartasun jaialdia uztailaren 24tik 27ra ospatuko da Lakuntzan. 26 urteko ibilbidean, Hatortxuren 30. edizioa izango da, azkena. Preso politikoen senide eta lagunen zama arintzea du helburu, eta erronka ekonomikoa zein politikoa da aldiberean. Auzolan erraldoia.