Maiatzaren 15etik 25era “Elkar mugituz egingo dugu” leloari jarraiki, Euskaraldian murgilduko dira Laida Garziandia, Saioa Uzkudun, Izaro Arakauz, Izadi Razkin eta beraien kuadrillako zenbait kide.
Aurretik Euskaraldietako beste edizioetakoren batean parte hartu al zenuten?
Ez, aurten izena eman dugun lehen urtea da. Berriak gara Euskaraldian.
Zergatik animatu zarete?
Euskaraldia euskara bulkatzeko ekimen bat da. Euskara galduz doa, eta horregatik Euskaraldia sustatzen eta egitasmoa aurrera eramaten saiatu beharra dugu gazteok baita ere.
Non eman zenuten izena?
Euskaraldiaren webgunean.
Zein rol aukeratu duzue?
Ahobiziena. Batetik, euskaraz dakigulako, eta, bestetik, aktibo izaten saiatuko garelako. Gure lehenengo hitza euskaraz egiten saiatuko gara, euskaraz hitz egiten. Hori da Euskaraldian hartuko dugun konpromiso pertsonala: gure lehenengo hitza euskaraz izatea, eta euskararen alde aktiboak izatea.
"Gure lehenengo hitza euskaraz izatea, hori izango da gure konpromiso pertsonala"
Gazteak zarete, euskaraz jaio eta euskaraz ikasitakoak. Zer gertatzen da euskaraz bizitzetik zuen artean gaztelera erabiltzera pasatzeko? Zergatik uste duzue gertatzen dela fenomeno hori?
Agian ez dago arrazoi edo zergati sendo bat. Nahiz eta txikietatik euskaraz egin, ia konturatu gabe gutxika hasten zara norbaitekin gazteleraz hitz egiten eta, azkenean, ohitura bihurtzen da. Kuadrilla askotan hori da gaur egungo egoera.
Gazteen artean erabiltzen dituzuen esamolde asko gazteleraz direlako izan daiteke, agian?
Batetik, izan liteke. Bestalde, Sare Sozialek honetan eragina dutela uste dugu, bertan ikusten dugun ia guztia gazteleraz delako, eta, azkenean, bertatik esapideak hartzen dituzulako. Euskarak, esapide horiek agian ez dauzkanez, gazteleran murgiltzen zara gehiago.
Instituturako pasabidean, agian hor ere ematen da salto hori?
Bai. Ikastolatik edo eskolatik institutura salto egin genuenean diferentzia somatzen da. Beste herrietako jende askok ez dute euskara ama hizkuntza, eta nabaritzen da. Lakuntzan euskaraz hitz egiteko ohitura gehiago dugu, baina Altsasun edo beste herri batzuetan ez dago horrenbesteko ohitura, eta aldaketa nabaria da.
Euskaraldian izena emateko unea da oraingoa. Euskaraldi giroa nabari da?
Pentsatzen dugu Euskaraldia iristen denean gehiago nabarituko dela giro hori. Oraindik jendea ez dago horren kontzientziatua, baina eguna iristen denean klik egin eta jarrera aldatuko da.
Euskaraldiaren inguruan Lakuntzan edo beste edonon antolatuko diren ekitaldietan parte hartuko al duzue?
Bai, ahal izanez gero, parte hartzen saiatuko gara.
Gazteak izanik, Biltoki gazteen gunean, tabernetan eta bestelakoetan, beste gazte kuadrillekin erlazionatzen zarete. Gainontzekoek ere Euskaraldian izena eman dute?
Egia esan, ez dakigu.
Beraz, Ahobizi txapa janzteko prest?
Bai, konpromisoa hartuta dago.
"Euskaraldiaren eguna hurbiltzen den heinean klik egin eta giroa sortzen hasiko da"