Lakuntzako euskaraz

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko maiatzaren 12a

Lakuntzako Herri Eskolako ikasleak antzerkia entseatzen. UTZITAKOA

'Astue baino astopotrogoa!' herriko hizkeran egindako antzezlana aurketuko du Lakuntzako Herri Eskolak maiatzaren 16an, ostirala, kultur etxean. Lakuntzako euskara ezagutarazteko eta sustatzeko egiten duten hirugarren ikuskizuna da

Lakuntzako hizkera "eskolara ekartzea" helburuarekin antzezlan bat prestatzen hasi ziren duela hiru urte. Aurtengoa Astoa baño astopotrogoa! deitzen da, eta maiatzaren 16an, ostirala, 19:00etan, Lakuntzako kultur etxean aurkeztuko dute. Goizean eskolako ikaskideendako emanaldia eginen dute ere. Esketx txikiez osatutako pieza bat da, Ane Miren Iruretagoiena eskolako irakasleak azaldu duen bezala, "bakoitzak hiru edo lau esaldi esan behar ditu. Kontua da denek ikastea bakoitzak esaten duena, baita besteena ere". Horrela entzutearekin batera herri hizkera "ezaguna" egiten zaie. "Batzuk etxetik dakarte, baina beste askok eskolan ikasten dute euskara, eta batua da. Badirudi ere euskara bakarrik eskolako zerbait dela, eta eskolatik kanpo ere sustatu nahi dugu". Hori da herri eskolak egiten duen antzezlanaren helburu nagusia. 

Antzezlana osatzeko "oso lakuntzarrak" diren ekimenak hartzen dituzte. Aurten, esaterako, Lakuntzako Pertza udan ospatzen duten Aralarko San Migelera erromeria aukeratu dute, eta aurreko urtean Lagun Artea futbol taldeko partida bat izan zen. "Batzuk ez dira erromeriara ere joaten. Ekimena bera ere arrotza egiten zaie; agian nagusiagoak direnean lagunekin joaten dira, baina etxekoek ez dute ezagutzen eta ez dira joaten". Horregatik ere, euskara azaleratu ez ezik, herriko ohiturak ere erakusten dituzte antzerkiaren bidez.  

Testua Iruretagoienak berak sortu du. "Egin zitekeen ikasleekin, hartu egoera bat eta txisteak egin. Baina lana aurreatzeagatik nik egin dut". Egoera "erdi komikoek" osatzen dute lana, "ez dira kalitate handiko testuak. Bi eta lau pertsonaia daude eszenatokian eta beraien artean hitz egiten dute; besteak beste, astoa, astoaren nagusia, tripotak prestatzen dituenak, familiak, lagun kuadrillak, txistulariak, abesbatza...". Ikasle bakoitzak hiru esaldi inguru esan behar ditu, eta horiek esanda eszenatik ateratzen dira; "normalean ez dira gehiago ateratzen". 

Hirugarren mailatik seigarren mailarako ikasleek parte hartzen dute, nahasita, Lakuntzako Herri Eskolako antzezlanean; 40 ikasle inguru. "Txikienek esaldi bat dute eta handiek gehiago dituzte".  

Antzezlana sortzen
Urtarrileko San Saastin festak pasata hasten dira antzezlana prestatzen. "Herriko zerbaitetan oinarrituta egoera bat sortzen dut. Ikasleei herriko hizkeran ematen diet, laguntza izaten dut, eta aurkezpen bat egiten diegu azaltzeko lana zeri buruzkoa izango den eta nola egingo dugun". Normalean ikasle bakoitzari zein pertsonaia egokitzen zaion hobekien esaten diete, "baina beraiek ez badute ikusten, haien artean alda dezakete. Askok ez dute aldatzen, baina aukera dute". Hurrengo urratsa testuak ahoz ikastea da. "Oso garrantzitsua da. Grabazioa ematen zaie, gaur egun Whatsapparekin eta horrelakoekin oso erraza da. Ahoz egiten dugu doinua behin gaizki ikasita ez dagoelako modurik ongi egiteko". Ahoz ikasi ondoren, nahi badute, idatzian ematen zaie ere.  

Behin testuak ikasten dituztenean esketxen entsegu txikiak egiten dituzte. "Ikasle bakoitza klase batekoa da, eta tarteka ateratzen ditugu. Hasieran talde txikietan banatzen ditugu". Gero hiru edo lau esketx batera entseatzen hasten dira, "atzetik eta ondoren datozenek ikas ditzaten. Oso garrantzitsua da besteena ere entzutea, ez hainbeste jakiteko zer doan, baizik eta zer esaten duten ikasteko". Esamoldeak ikastea da inportanteena. "Azkenean esaera horiek esaten bukatzen dute. Agian esaera osoa ez, baina gauza txikitxoak sartzen dituzte haien egunerokotasunean. Hori da politena. 'Ze habil mutikue!' eta horrelakoak esaten dituzte". Errepikatzearen bitartez urte bakoitzean "hiru edo lau gauzatxo" geratzen direla esan du irakasleak. "Merezi du; lan asko da, baina helburua betetzen da". Egun hauetan azken entseguak egiten ari dira, egunero. Jantziez gurasoak arduratzen dira, eta haien inplikazioa eskertu du Iruretagoienak. 

Istorioa
Pertsonaien artean aurten animaliek hitz eginen dute. Esaterako, asto bat da protagonista, baina ez da animalia bakarra izango Astue baño astopotrogoa! antzezlanean. Lakuntzako Pertza ospakizunean oinarritzen denez, egun hartako pertsonaiak ere agertuko direla azaldu du Iruretagoienak: "Guaixekoak ere agertzen zarete! Argazki bat egiten Guaixerako. Juanjoren tripotak ere aipatzen dira, hemengo harakina, eta Juan Ramonen kamioia ere, Transportes Arregikoa, gauzak igotzen dizkizula nahi izanez gero". Pertsonaia horiek ez dira aterako, baina bai aipatuko dituzte: "Izan ere, horiek gabe egun berezi hori ez zen berdina izango".