Futbola

Banderola, Lagun Arteako igoera faseko taldeak animatzeko

Guaixe 2025eko maiatzaren 15a

Lagun Arteak zaleei futbol zelaira animatzera joateko deia egin die.

Lagun Arteako juniorren eta kadeteen talde urdina igoera fasea jokatzen ari dira, eta animatzeko deia egin du klubak. Juniorren joaneko partida bertan behera gelditu zen ekaitzengatik eta maiatzaren 16an jokatuko dute

Lagun Artea Kirol Elkarteko talde nagusiak, erregional mailakoak, kategoria berdinean jarraituko du datorren denboraldian, baina juniorren eta kadeteen talde urdina igoera fasean murgilduta daude. 

Juniorrek, jardunaldi bikoitza
Bigarren junior mailan Lagun Artea bigarren sailkatu zen bosgarren multzoan, eta orain lehen junior mailara igotzeko igoera fasean dago murgilduta, Rotxapearen kontra. Maiatzaren 10ean joaneko partida jokatu zuten El Iratin, eta 0-1 aurreratu zen Lagun Artea, baina atsedenaldian bota zuen ekaitzarengatik arbitroak bertan behera utzi behar izan zuen partida. Geratzen den ordu erdia maiatzaren 16an, ostirala, 19:15ean jokatuko dute, El Iratin. 

Bueltako partida, aldiz, bi egun geroago hartuko du Itxesalde zelaiak. Igandean, 16:00etan jokatuko da itzulera. 

Kadeteak, ederki
Kadeteen bigarren mailan igoera fasea jokatzen ari da Lagun Artea, Ademar A taldearekin. Joaneko partida Zelai Berrin jokatu zen maiatzaren 10ean, eta lakuntzarrek 4-2 hartu zuten mendean Ademar A, Janitz Mundiñano, Jon Claver, Eneko Razkin eta Euken Goñi jokalarien golei esker. Itzulerako partida maiatzaren 17an, larunbatarekin jokatuko da, 13:00etan, Sarrigurenen. 

Banderola
Taldeak animatzeko Lagun Artea Kirol Elkarteak banderolak jarri ditu salgai eta banderola jartzera animatu ditu lakuntzarrak. Salmenta puntuak aurki zehaztuko dituzte, baina adi egoteko deia egin dute. “Igoera faseak pil-pilean daude, eta gure taldeek behar duten plus hori eman behar diegu zaletuek. Gure taldeak animatzeko, banderak jarriko ditugu. Aupa Lagun Artea!” azaldu du klubak.