Txirrindularitza

Aimar Tadeo, bigarren Espainiako Kopako azken lasterketan, Vigon

Guaixe 2025ko mai. 21a, 11:00

Aimar Tadeo, podiumean. EUSKADI FUNDAZIOA

Euskadi Fundazioko txirrindulari lakuntzarra Vigoko helmugako esprintean bigarren izan zen, Ilya Savekinen atzetik

Asteburuan afizionatuen mailako Espainiako Kopako baliagarriak ziren azken bi lasterketak jokatu ziren, Galizian. 

Maiatzaren 17an, larunbata, XII. Rutas Xacobeas lasterketa jokatu zen Padronen. Rural Kutxa-Aleako Lucas Joseph Towersek erakustaldia eman zuen eta probako garailea izan zen  (4:14:25). Euskadi Fundazioko Aimar Tadeo lakuntzarra 22. postuan iritsi zen helmugara (4:17:07), eta Rural Kutxa-Aleako Mikel Uncilla etxarriarra 37. (4:18:31). 

Hurrengo egunean, V. Vigo Kopa jokatu zen. Lasterketa oso mugitua izan zen, baina azkenean zazpi txirrindulari batera iritsi ziren helmugara eta euren artean erabaki zen garailea. Esprint estuan Ilya Savekin (Technosylva Maglia Rower Bembi) gailendu zen (4:55:15), Aimar Tadeoren aurretik. Lakuntzarrak sekulako lasterketa egin zuen. 

Afizionatuen mailako Espainiako Kopa Finisher taldeko Cesar Perezek (654 puntu) irabazi du.