Futbola

Lagun Artea, jubenilen igoera fasean aurrera

Guaixe 2025eko maiatzaren 22a

Lagun Arteako jubenilek pozik ospatu zuten igoera fasean aurrera egin izana. LAGUN ARTEA K.E.

Talde lakuntzarrak lehen kanporaketan Rotxapea mendean hartu zuen, luzapenean, eta bigarren kanporaketan Doneztebe du aurkari. Joaneko partida Itxesalden jokatuko da

Lakuntzako Lagun Artea jubenilen mailako taldea bigarren mailako jubenilen igoera fasea jokatzen ari da. Lehen kanporaketan Rotxapea izan zuen aurkari, eta joanekoan bina berdindu zuten. Igandean Itxesalden jokatutako itzuliko partidan Iker Alegriak 1-0 aurreratu zuen Lagun Artea, baina luzapenean, 95. minutuan Rotxapeak berdindu zuen, Itxesalde zur eta lur utziz. Beraz, luzapenean erabaki zen partida. Lakuntzarrak ikusgarri aritu ziren, eta 5-1 irabazi zuten, luzapenean Adam Hamdik, Unai Ollok, Xabier Etxabarrik eta Gorka Senarrek sartutako golekin eta igoera fasean aurrera eginez. 

Igoera faseko bigarren kanporaketan Lagun Arteak Doneztebe du aurkari. Joaneko partida maiatzaren 24an, 16:00etan jokatuko da, Itxesalden, eta itzulikoa ekainaren 1ean, Doneztebeko Iñaki Indart zelaian. 

Lakuntzako kadeteak, lehen mailakoak
Lakuntzako Lagun Arteako kadeteen bigarren mailako talde urdinak igoera faseko joaneko partidan 4-2 irabazi zion Ademarri, eta itzulerako partidan 1-0. Hortaz, mailaz igo da eta datorren denboraldian lehen kadeteen mailan jokatuko du. Bestalde, Laguneko juniorren taldeak igoera fasean jarraitzen du: bihar Doneztebe hartuko du, 16:00etan.