Zabalarte klubak antolatutako Lakuntza-Aralar mendi lasterketak 20 urte beteko ditu ekainaren 1ean, eta ospakizuna berezia izango da. Ohi denez, Lakuntzako proba Nafarroako Mendi Lasterketen Rankingerako baliagarria izango da, baina, bestetik, aurten Euskal Herriko Koparako puntuatuko du. Eta honek, jakina, partaide gehiago hurbilduko ditu Lakuntzara. "Gure probaren 20. urteurrena denez, Nafarroako Mendi Federaziotik ere bulkatu zuten gure proba Koparako baliagarria izateko. Oso pozik gaude" azaldu du Zabalarteko Iraitz Berastegik.
350 partaidetik gora, momentuz
Lakuntzako proba Euskal Euskal Herriko koparako baliagarria izateak parte hartzean eragin nabarmena izan du. "Ibilbide Motzeko 150 txartelak agortu dira. Beste hamarren bat aterako ditugu, itxaron zerrenda dagoenez, erraz banatuko ditugunak. Soilik Ibilbide Luzeko txartelak gelditzen dira. 180 dortsaletatik, soilik hemezortzi inguru geratzen zaizkigu. Mendi martxari dagokionez, hogeiren bat egongo dira izena emanda, eta hemen oraindik tokia badago. Interesatuek maiatzaren 30erako epea dute izena emateko".
Lakuntza-Aralar, beraz, arrakastatsua izango da. "Une honetan 350 partaide egongo dira izena emanda; eta litekeena da lasterketa egunean 400dik gertu egotea".
Izen handiko korrikalariak amateurrekin batera ariko dira. "Ekainaren 8an Galdamesek Euskal Herriko Mendi Txapelketa hartuko duenez, bertara lehiatzera joango diren asko ez dira Lakuntzara astebete lehenago etorriko. Dena den, kontentu gaude. Gainera, Lakuntzako jende askok eman du izena; Sakanatik jende dezente ariko da. Eta hori da guk batez ere sustatu nahi duguna. Bereziki, emakumeak animatu nahi ditugu".
Txikia, Palestinaren alde
Ekainaren 1ean oinezko mendi martxa 8:30ean abiatuko da (Ibilbide Motza da, kontrako norabidean egina). 9:30ean aterako dira Lasterketa Motzekoak (13 km, Guardetxe eta Aubigaina igota, Arangunetik herrira jaisten dena) eta Lasterketa Luzekoak (26 km, Guardetxe eta Irumugarrieta igo, eta Desao, Pagomari eta Arangundik Lakuntzara jaisten dena). Berehala, 10:00ak aldera, txikienendako lasterketa txiki solidarioa abiatuko da. Aurten, Txingurriye elkartearen bidez Palestina laguntzea da asmoa eta bertara bideratuko da 0 dortsalekin lortutakoa. Halaber, postuak jarriko dira.
Whatsapp kanala
Ekainaren 1ean 90 boluntario inguru ariko dira lanean. Zabalartek Whatsapp kanala (Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa) zabaldu du, azken orduko oharrak, eguraldi iragarpena eta bestelakoak zabaltzeko.