Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoak Carlos III .aren Gurutzeak banatzeko ekitaldia hartu du gaur. Maria Chivite Navascues Nafarroako presidenteak sarituez esan du "gaur egungo Nafarroa erreala ordezkatzen duzue. Nafarroa industrializatua, bere nekazaritza-sustraiak galdu ez dituena, talentuaren eta kulturaren transmisioagatik nabarmentzen dena eta elkartasuna eta berdintasuna dituena bere DNAn".
Jose Julian Garziandia "Sakanan erreferente" izatea goraipatu du Chivitek, "Lacunza Kalor Groupen gidaritzan egindako ibilbideagatik, baina baita bere komunitatearen garapenean izan duen inplikazioagatik ere. Jose Julian erreferente bat zara, ez bakarrik zure enpresa-alderdiagatik, baizik eta zure konpromisoagatik. Eskerrik asko".
Omenduaren esanak
Garziandiak esan duenez, "ohore handia da gurutzea jasotzea. Asko eskertzen dudan aitortza da. Aitortza ez da nirea, ibilbide honetan lagundu didaten pertsona askoren lan partekatuaren emaitza baizik". Nabarmendu duenez, "Lakuntzan jaio eta hazi nintzen eta nire lan eta pertsona ibilbidea Sakanan egin ditut".
Bere ibilbideari erreparatuta, Garziandiak azaldu duenez, "duela 40 urtetik Lacunza Kalor Group zuzentzeko pribilegioa dut. Nire familiak sortutako enpresa, ondoren Lan Sozietate Anonimoa bihurtu zena. Gaur egun 100 pertsona gara egurrarekin dabiltzan sukaldeak, estufak eta tximiniak egiten ditugu. 40 herrialdetan saltzen ditugu". Nabarmendu duenez, "zifretatik harago, benetan harrotzen nauena da giza lantalde bikain batekin sortu dugula enpresa proiektu sendoa, jasangarria eta ilusioa sortzen duen etorkizuna duena".
Sakanako eta Nafarroako elkartegintzan parte hartu duela gogoratu du. "Beti helburua izan da Nafarroaren industria, kultura, kirol eta gizarte garapena. Erakunde horietan ekarpena egin eta pertsona gisa hazteko aukera izan dut". Azken lau urteetan Sakanako Enpresen Elkarteko presidentea izan da. "Haren bidez ibarreko erakundeekin aktiboki lan egin dugu hainbat proiektutan: Sakanako Estrategia Planean. Lanbide Heziketa institutuan industriarako gradu gehiago eta ikasle gehiago lortu ditugu. Gainera, mugikortasun, etxebizitzarako, berdintasun, lan osasun edo kalitatezko enpleguari buruzko ekimenak ere izan ditugu Nafarroako Gobernuko departamentuekin elkarlan estuan. Haiengandik beti babesa jaso dugu. Elkarlan publiko-pribatutik posible da lortzea Sakana eta Nafarroa oparoago eta kohesionatuagoa".
Berriki Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko aholku kontseiluan sartu dela nabarmendu du. Klinikan egiten den "lan isila, baina oso eraldatzailea da, bizi bakoitzaren balioa eta gure adinekoen duintasuna gogorarazten diguna".
Azkenik, Garziandiak aitortu duenez, "gaurkoa oso egun polita da niretako. Oso harro nago nire eskualdean enpresari izanagatik. Nafarroako enpresari guztien lanaren balioa aitortu nahi nuke, buru-belarri aritzeagatik eta Nafarroaren aurrerabideari egiten dioten ekarpen handiagatik".