Aceros Moldeados de Lacunza SA enpresak Lakuntzan duen galdategiko teilatutik amiantoa, uralita, kendu du eta metalezko teiladura jarri. Ondoren teilatuan eguzki plakak jarri ditu. Bere instalazioetatik amiantoa kendu duen Nafarroako lehen enpresetako bat da Aceros Moldeados de Lacunza SA. Horretarako Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak emandako dirulaguntza bat baliatu du. Izan ere, pertsonen osasunerako kaltegarria den eta ingurune naturala kutsatzen da material hori, eta hori pixkanaka kentzeko abian jarritako laguntzak dira Lakuntzako enpresak baliatu dituena.
Enpresa 1977an hasi zen lanean, eta 25 herrialdetara altzairu herdoilgaitzezko piezak eta nikelezko beste material batzuk hornitzeko gai da. Urtero 30 milioi euro fakturatzen ditu. Lakuntzan eta Arbizun kokatutako bi lantokitan 20.000 m2 dituzten instalazioak ditu.
Esanak
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenak, erosketen arduradun Lucas Ruiz de Aldaren eskutik, instalazioak bisitatu ditu egindako aldaketa ezagutzeko, eta adierazi duenez, "garrantzitsua da erakundeok enpresei laguntzea eta trantsizio ekologikorako bidean ekintza ukigarriak sustatzea. Nafarroan amiantoa pixkanaka kentzea ezin dugu alde batera utzi, bai pertsonen osasunagatik, bai ingurune naturalagatik, batez ere lurzoruen osasunagatik, eta, kasu honetan, zoriondu egin behar dira horrelako enpresak, beste urrats bat egiten baitute energia berriztagarriko iturriak sartzeko bidean ".
Bestalde, Ruiz de Aldak adierazi duenez, "beharrezko trantsizio ekologikoari ekiteko jasotako laguntza oro ongietorria da, bereziki, ingurumen-arazoei eta laneko segurtasun-arazoei aurre egiteko balio dutenak".
Deialdi berria
Lehenengoak harrera ona izan duenez, Ingurumen Departamentuak laguntzen bigarren deialdi bat onartu du, laster NAOn argitaratuko dena, 200.000 eurokoa, hau da, partidaren zenbatekoa bikoiztuz enpresa gehiago aurkeztu ahal izateko.
Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren laguntzen deialdia Foru Komunitatean ekoizpena duten enpresei zuzenduta dago, eta bere helburua amiantoa kentzearekin, bereizita biltzeko neurrien garapena bermatzearekin eta fibrozementua duten hondakinak behar bezala kudeatzearekin lotutako ekintzak erraztea da.
Horretarako, enpresek eskaera bete eta amiantoa kentzeko lan-plana, dirulaguntzaren xede diren lanen aurrekontu xehatua eta, hala badagokio, amianto-hondakinen lekualdaketaren identifikazioa aurkeztu beharko dituzte. Laguntza horren bidez, gastuaren % 90 lagunduko da diruz, 20.000 euro gehienez. Eskabideak iristeko hurrenkeraren arabera hartuko dira kontuan, eta aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean ebatziko dira.
Amiantoa agente kimiko bat da, eta bere propietate fisiko kimikoek interes handia eman zioten industriaren eta eraikuntzaren sektoreetarako. Baina, aldi berean, agente toxikoa da, eta hainbat gaixotasun larri eragin ditzake, hala nola asbestosia edo pleurako minbizia eta beste batzuk. Espainian, amiantoa zuten materialak fabrikatzeko, erabiltzeko edo merkaturatzeko debekua 2002ko abenduan gauzatu zen. Debeku hori indarrean sartu den arren, amiantoa oraindik presente dago leku, ekipo, instalazio eta eraikin publiko zein pribatuetan, zuzkiduretan, bizitokietan edo lantokietan, amiantoa duten materialek bizitza baliagarria amaitu arte iraun dezaketelako.