Astekaria

"Futbola hobbya baino askoz ere gehiago da, bizitza eramateko modua"

Maider Betelu Ganboa 2025ko uzt. 2a, 13:30

Ane Campo ikurriña eusten, Dulantzik kopa irabazi eta ondorengo ospakizunetan. UTZITAKOA

Ane Campo Flores zentral lakuntzarrak Arabako kopa irabazi du Dulantzi futbol taldearekin. Argi du bere bizitzak, modu batean edo bestean, futbolari lotuta jarraituko duela

Ane Campo Flores lakuntzarra Dulantzi taldeko defentsa da. Arabako erregionalean bigarrenak izan dira, Arabako kopa irabazi dute, eta pozarren daude.

Noiz hasi zinen futbolean?
Adur anaia super futbolaria da, Lagun Arteako atezaina. Txikiak ginela, bera atezain jartzen zen eta niri jaurtiketak egitea eskatzen zidan. Bospasei urte nituela, kirolen bat egin behar nuen galdetuta, argi nuen: kirola? Ba futbola. Eta Lakuntzako Lagun Artean hasi nintzen. Alberto Ormazabalekin entrenatzen genuen adin bereko neska-mutilek. Naroa Arraiza eta ni neu ginen neska bakarrak. Hasieran Sakanako Mankomunitateko Futbol Topaketetan parte hartu genuen, benjaminetan eta kimuetan. Gurea eta Sutegikoa ziren talde misto bakarrak.

Infantiletan Nafarroako Futbol Federazioko ligan hasi zineten Lagun Arteakoak, talde mistoan. 
Infantilen lehen urtean gure multzoko talde misto bakarra gu ginen. Bigarren urtean emakumezkoen Mulier taldea gure multzoan sartu zuten. Gainontzekoak denak mutilak ziren. 

Mutilek ezberdin tratatzen zizueten?
Lagun Artean ez. Ez zen inolako bereizketarik izan, inoiz, eta beti bata besteari normaltasun osoz tratatu izan gara jokalari gisa, eta ez mutil edo neska gisa. Jokatzerakoan guztioi beste jokalariei gorputza normaltasunez sartzen erakutsi ziguten. Aldiz, kanpora ateratzen ginenean beste taldekoek, nolabait esateko, guri "errespetu gehiagoz" tratatzen gintuzten. Mutilekin sendo sartzen ziren, baina gurekin, ez horrenbeste. Beraien taldetan ez zuten neskarik, ez zeuden ohituta. Gurekin normaltasunez nola jokatu ez zekiten, ziurrenik. 

Kadeteetara pasatzerakoan, araudiari jarraiki, mutilak eta neskak banatu zineten. Lagun Arteako mutilei pena handia eman zien. 
Bai. Lagun Artea klubak gu gelditzea nahi zuen, saiatu ziren, baina ez zuten modurik aurkitu. Ezinezkoa izan zen. Hortaz, mutilek kadeteetan aurrera jarraitu zuten, eta Naroa eta biak banatu ginen. Naroa Beasainera joan zen, eta ni Lekunberrira, egun Lagun Arteako Aitor Goikoetxea futbol koordinatzailearen bidez, berak Beti Kozkor entrenatzen zuelako. Bi urte egon nintzen bertan.

Talde mistotik emakumezkoen taldera. Aldea nabaritu zenuen?
Lakuntzan nire lagunekin zazpi urtez aritu ondoren, talde berria zen, denak neskak. Nik 13-14 urte nituen, baina bazeuden 25 urte edo gehiago zituztenak. Neska horiek baloiari asko emango ziotela pentsatu nuen, eta aurretik mutilekin jokatu izana eskertu nuen, beldur horiek kendu nituelako. Taldekideek, mutilekin orduak sartu nituela ikustean, beste batzuk baino indar edo agresibitate puntu bat gehiago baneukala nabaritu zuten, eta hori taldean eskertu zen. Uste dut ni sartzeak taldearen agresibitate puntu hori igo zuela. 

Zein postutan jokatzen duzu?
Defentsa naiz, zentrala, edo tarteka erdialdean jokatzen dut, baina defentsan, atzeraka. 

Beti Kozkorreko bi urteak, nolakoak?
Ikasketa oso handia. 13-15 urte nituelarik, 28 urteko emakumeen aurka jokatzen ikasi nuen. Ni baino helduagoa den pertsona bati nola planteatu futbol partida bat ikasi nuen, edo nire adinekoa den bati zer ahal diodan egin nik irabazi ahal izateko. Hori izan zen gehien ikasi nuena. 

Futbolak prentsa txarra du: balore okerrak sustatzen dituela, matxista dela... horrenbesterako al da?
Nire ustez ez. Prentsak min handia egiten du. Emakumezkoen futbolak duela gutxi egin du booma, eta horregatik zenbait sektoretan oraindik futbola gizonezkoena izango balitz bezala ikusten da; hor sartzen dira entzuten diren aipamen matxiruloak. Nik Lagun Artean ez dut sekula inolako aipamenik entzun, eta nesken taldeetan laguntasun handia dugu. Ez dut inolako jazarpenik bizi.

Lekunberritik Gasteizko Aurrera taldera joan zinen.
Ainhoa Agirre olaztiarrari eta bioi deitu ziguten Aurreratik. Harrotasun puntua izan zen, oso maila ona duen taldea baita. Beti Kozkorrekoekin hitz eginda, esperientzia bizitzera joatea erabaki genuen; bi urte egon nintzen Aurreran, eta ez naiz damutzen, futbolari gisa asko ikasi nuelako. Lehengo urtea Liga Vascan jokatu genuen, baina bigarren urtean talde nagusiarekin maila Nazionalean jokatu nuen. Teknikoki pila bat hobetu nuen, eta futbolaz transmititzen zidaten guztia barneratu nuen. Jokatzeko modua ezberdina zen. Nafarroan fisikoagoa da, eta Aurrerarekin gehiago jokatzen zen motzean. Tamalez, urte sabatikoa izan nuen; eroriko baten ondorioz buruan lesioa izan nuen. 

Osatu ondoren, denboraldi honetan Dulantzin aritzea erabaki zenuen.
Gasteizen ikasten dut, eta gertuko talde batean aritu nahi nuen. Dulantzin nesken taldea sortu nahi zuten. "Dulantzin, aitaren herritik gertu, Gasteiz eta Lakuntzaren bide erdian, zergatik ez?" animatu nintzen. Arabako erregionalean jokatu dugu. 

Zer moduz joan da liga?
Hasieran kopako hasierako ligaxka jokatu genuen. Irabazten hasi ginen, sentsazioak onak ziren, eta finalera sailkatu ginen. Ondoren, liga hasi zen. Oso emaitza onak lortu genituen, bigarrenak sailkatu baikara erregionalean. Tamalez, igoera fasean bigarren izan gara, ez gara igo. Tartean, maiatzaren 3an kopako finala jokatu genuen Gasteizko Iru Bat taldearen kontra. 

Kopako finala jokatu, eta irabazi!
Amets bat bezala izan zen. Biak talde txikiak gara, eta Betoñon finala jokatzea oso polita izan zen. Zelaia urdinez eta zuriz bete genuen. Herri guztia etorri zitzaigun animatzera. Finala polita izan zen, baina sufritua. 3-1 irabazi genuen. Jendeak esaten zigun "3-1 irabazi diozue Iru Bati". Kuriosoa izan zen. Bazkariaren ondoren Iru Batekoekin topo egin genuen. Gau osoa eman genuen elkarrekin, giro onean.

"Arabako kopa irabaztea ametsa izan zen. Bi talde finalistek batera ospatu genuen" 

Datorren urterako, zer?
Dulantzikoek nirekin kontatzen dute, eta historia aldatzen ez bada bertan ilusioz jarraitzeko gogoak ditut. Ea beste koparen bat ekartzen dugun. Gu baino gorago Liga Vascako taldeak daude. Deiak jaso izan ditugu, baina momentuz lasaitasuna da nahi duguna, gustura jokatu dugulako Dulantzin eta futbolaren sentimendu horretaz disfrutatu nahi dugulako. Baina nork daki! 

Lagun Artean nesken taldea sortu nahian dabiltza. Lakuntzan nesken talde bat ikustea zuretako...
... sekulako ilusioa litzateke. Nire ametsa izango litzateke futbolaz disfrutatzen nire herrian bukatzea. Hemen bukatzea. Azken finean, Lagun Artean zazpi urte egon nintzen, eta anaiak hemen jokatzen du. Beti onena espero dut Lagun Artearendako, ea taldeak aurrera egiten duen. 

Zuretako futbola zer da?
Bizitza eramateko modu bat. Nire astea futbolari enfokatuta dago, beti. Asteburuan beti futbola da lehenengo gauza: noiz daukat futbol partida, eta zer denbora libre daukadan. Futbola hobby bezala hartzen du jendeak, baina niretako hobby bat baino askoz ere gehiago da: modu batean edo bestean, nire bizitza futbolari lotuta ikusten dut beti. Futbola poztasun handiz bizitzen dut. Futbolariak utzi behar duenean, sekulako mina ematen du, tristuraz egiten den ekintza da.