Adinekoak digitalizazioan trebatzeko hiru ikastaro

Guaixe 2025eko uztailaren 31

Lakuntzako udaletxeko ganboikoan dago ikastaroak hartuko dituen liburutegia. ARTXIBOA

Irailean izanen dira, baina izen ematea zabalik dago. Izena eman nahi duenak 948 012 012 telefono zenbakira hots egin dezake. 

Arlo digitalean adineko pertsonen ezagutzak zabaltzeko, Indartu digitalizazioa izeneko hiru ikastaro hartuko ditu Lakuntzak. Aurrena irailaren 8tik 17ra izanen da, astelehen, asteazken eta ostiraletan, 16:30etik 18:30era. Guztira 10 orduko iraupena du ikastaroak. Ikastaroan bost arlotan sakonduko da: informazioaren eta datuen bilketa eta kudeaketa, komunikazioa eta lankidetza, eduki digitalen sarrera, arazoen ebazpena eta segurtasun digitala eta pribatutasuna. 

Bigarren ikastaroa ordenagailua erabiltzen ikasteko izanen da. Irailaren 9an hasi eta 18ra arte iraunen du ikastaroak, astearte eta ostegunetan eginen da, 16:30etik 19:00etara. 10 orduko iraupena du trebakuntza horrek. Adinduei zuzendutako azken ikastaroa Internet bidezko tramiteak egiten ikasteko izanen da. Irailaren 19an hasi eta 26ra arte iraunen du. Astelehen, asteazken eta ostiraletan izanen da, 16:30etik 18:30era. 8 ordu guztira. Ikastaro guztiak Lakuntzako liburutegian izanen dira.