Hatortxurock 30

Film laburra

Guaixe 2025eko uztailaren 28a

Film laburraren mustutzaren ondoren egindako talde argazkia. HATORTXUROCK

'Inoiz egon ez zare lekuetara itzultzeko' film laburra mustu zuten Hatortxurock jaialdiaren aurretik, espetxea utzi ondoren presoen egoera kontatzen duena. 

Uztailaren 20an, Lakuntzako kultur etxean, Inoiz egon ez zaren lekuetara itzultzeko film laburra mustu zuten auzolanean oinarritutako 25 urtetako ibilbidea balorean jarri eta "merezi bezala" agurtzeaz gain, "gaur egun preso, errefuxiatu eta deportatu politikoek dituzten beharrak mahaigaineratu" nahi izan dituzte. Dispertsioaren amaierarekin "gure artera itzultzen direnean harrera duin bat egiteaz ari gara, egunerokoan aurrera egiteko baliabideak eta sarea bermatzea". 

Egoera hau adierazteko hirugarren graduan egonda bere ilboarekin mendira doan Iñake Irastorza presoaren istorioa erakutsi du ikus-entzunezkoak. Karla Ruiz izan da preso duen izebarekin mendira doan gaztea, "harrera behar horiei erantzuteko testuinguruan aurkitzen dena". Irastorzak aurkezpenean azaldu zuenez, "egoera horretan dagoen presoa gailur batean bezala, aurrean amildegi bat duela, imajinatzen du; beldur, zalantza eta antsietatearekin". Antsietate eta beldur horri adierazten ahalegindu da, "pentsatzen dut badakizula kalera ateratzen zarenean gizarte arrotz bat ere topatuko duzula, zu ere ez zarelako sartu zinenean bezalakoa. Elkar ezagutze hori nolakoa izango ote den, adibidez, ilobarekin. Iloba ni barruan nengoela jaio zen eta lehenengo aldiak dira horrela gaudela". Horrek proposamena onartzera eraman zituen.

Jaialdiaren filosofiari jarraiki, auzolanean eta borondatezko lanean oinarritu da film laburraren ekoizpenaren prozesua: gidoitik hasi, grabaketekin segi eta azken ekoizpen lanetaraino. Jon Sesma da horren atzean auzolanean ibili denetako bat: "Hatortxurock gauza erraldoi bat da eta Komunikazio lan taldetik kontakizunari ale bat gehiago jarri nahi izan diogu; bultzada bat".