Kafea hartzera geratu dira Juanesenako Lorea eta Lourdes Egurza Lazkano ahizpak eta Xegundoko Jone Flores Gartziandia. Ia egunero geratzen dira kafea hartzera. “Kendu “ia” hori. Egunero geratzen gara, baina egunero, e! Gehienetan egunero bi kafe hartzera, eta askotan hiru. Eta asteburuetan tostadak gosaltzera geratzen gara hirurak”. Lorea eta Jone lagun minak dira txikitatik, eta gero Lourdes batu zitzaien. Lakuntzara joan eta hirukotea ez ikustea arraroa izaten da. “Asko gustatzen zaigu ateratzea eta Lakuntzan antolatzen diren ekitaldi guztietan parte hartzea”. Ahal dutenean elkarrekin bidaiatzen dute, aurten Erromara, eta kontzertuetara doaz, azkena Bruce Springsteenena, “ikaragarria”. “Normalean, astean zehar gu ateratzen gara eta asteburuan gure bikoteak gehitzen dira, afaltzera joan eta halako planak egiteko”.
Udako momenturik onena zein duten galdetuta, “oraingoa edo gazteetakoa?” galdetzen du Lourdesek. Atzera eginez, Jonek San Juan gaua aipatu du. “Betidanik gustatu izan zait, lehen orain baino gehiago, kale guztietan suak pizten zirenean, merenduak egiten zirenean, ezkila errepikak bata bestearen atzetik jotzen zirenean... nik beti botatzen nuen sutara gauza zaharren bat, txarra irudikatzen zuena. San Juan gaua udaren hasiera da”. Lourdesek, bere aitak Juanesenakoendako egiten zuen sua ekarri du gogora, “erritual oso polita”. Herri guztian kartoiak biltzen egoten zirela gaineratu du Loreak.
"Lakuntzan udan ekitaldi pila bat daude, eta aurten Hatortxu Rocka batu zaigu. Herrian mugimendua egotea gustatzen zaigu"
Ondoren Lakuntzako Pertza eta festak ekarri dituzte gogora. “Izan ere, Lakuntzan udan ekitaldi pila bat daude, eta aurten Hatortxu Rocka batu zaigu. Herrian mugimendua egotea gustatzen zaigu” dio hirukoteak. “Lakuntzako Pertza izugarri gustuko nuen, baina lehen gehiago, Guardetxe zegoenean. Beste xarma bat zuen” Loreak. “Nicolasak, prestatzen zituen babarrun haiek...” gogoan du Lourdesek. “Ba niretako egun sakratua izan da beti. Hala ere, Guardetxe bota zutenetik xarma pixka bat galdu zuen, etxe hartako jantokian eta tabernan elkartzea sekulakoa zelako” Jonek.
Festak “oso gustuko” ditu hirukoteak, "bikain pasatzen dugu", baina ez dute udako momenturik onena bertan irudikatzen. “Oporrak hartzen ditudan eguna, hori bai momentua!” dio, irribarrez, Jonek. Udan egiten dituzten barbakoak etorri dira gogora. “Gutxienez bi barbakoa egiten ditugu gure bikote eta beste lagun batzuekin. Lehen Lourdesen lorategian egiten genuen, baina azkenaldian Irañetako Basokoetxea bordan, Joneren senarra bertakoa baita. Oso ongi pasatzen dugu” dio Loreak.
"Edozein tokitan biltzen gara freskoa hartzera, sarritan Juanesenako estalpean"
Azkenean, ados jarri dira: “udako momenturik onena gauetan freskotasuna hartzera ateratzen garen unea da”. Argi dute. “Bizitza guztian gustatu izan zait. Ama bizi zenean, gure etxeko aurreko atean elkartzen ziren bizilagun guztiak, etxetik aulkiak aterata. Gu edozein tokitan geratzen gara, baina bereziki Juanesena gure etxeko atzealdeko estalpean biltzen gara, eta gure anaia Peio eta bere emazte Pili batzen zaizkigu” dio Lourdesek.
Haurren zalaparta hori
“Gau horietan haur guztiak kalean daude, hara eta hona korrika, eta sortzen duten zalaparta hori izugarri gustuko dut, haurrak gineneko garaiak etortzen zaizkidalako burura, bizitza bera” gaineratu du Lourdesek. Ados daude besteak. “Gure etxeko atzealdean egiten dituzten txabolekin halako oroitzapenak etortzen zaizkit baita ere” Jonek.
Udako momentu hori soinu batekin lotzen ote duten galdetuta, haurren zalaparta datorkie burura, “poztasun handia sortzen du”. Usainak, “belar moztuarena, euria egin ondoren geratzen den lur usain hori eta aziendarena”. Nekazari etxekoak izaki, oroitzapenak, asko. “Uda ere etxeko baratza da, uzta jasotzea, tomate gozoak, belarrak egitea...”. Uda oso gustuko dute. “Gehiago sozializatzen da, jende gehiagorekin duzu harremana, giroa dago, barbakoak egiten ditugu, urtero Lizarrako festetara goaz, aurten Basaberera joango gara ere bai.... gustura” dio Loreak. Baina udako momentua pasatuta, ez dute urtean zehar faltan botatzen. “Udazkena eta negua oso gustuko ditugu ere bai. Gauza bakoitza, bere momentuan”.