Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko galdeketa, asteburuan

Maider Betelu Ganboa 2025eko irailaren 5a

Lagun Artearen eta Altsasuren arteko derbia, otsailaren 22an.

Lakuntzako Udalak herritarrei galdetu die ea ongi ikusten duten Zelai Berriko belar naturala belar artifizialez ordezkatzeko proiektua. 437.269 euroko aurrekontua du, dirulaguntza handiekin, eta onura handiak ekarriko lituzke

2025/2026 futbol denboraldia hastear da. Preferente mailako liga irailaren 20ko asteburuan hasiko da, eta gainontzekoak segidan. Altsasuko Dantzaleku zelaia belar artifizialekoa da, baina belar naturalekoak diren Etxarri Aranazko San Donatok eta Lakuntzako Zelai Berrik egunak zenbatuta izan ditzakete. Etxarri Aranazko Udalak 455.003,41 euroko proiektua onartu du San Donaton belar artifiziala jartzeko –atzo lanak ematekoak ziren–, eta Lakuntzako Udala erabakia hartzear dago. 

Irailaren 5ean eta 6an da galdeketa
Lakuntzako Udalak abuztuaren 21ean herri batzarra deitu zuen, Zelai Berri belar artifizialezko futbol zelaia bilakatzeko proiektua aurkezteko. Proiektuko datu guztiak herritarrei zabalduta, galdeketa deitu du astebururako, lakuntzarrei ondoko galdera eginez: "Zelai Berri belar artifizialeko futbol zelaia bihurtzeko proposamenarekin ados zaude?". Irailaren 5ean, ostirala (10:00-14:00 / 18:00-21:00) eta irailaren 6an, larunbata, ordutegi berean, udaletxean, Lakuntzan erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek bozkatu dezakete, NAN-a aurkeztuta.

Lagun Artea, Zelai Berrin eta Itxesalden
Lakuntzako Lagun Artea klubak historia luzea du. Jokalarien kopuruak gora egin du nabarmen: 2025/2026an 203 jokalari ariko dira, bederatzi taldetan. Talde nagusiak, erregionalak, Zelai Berrin jokatzen du, eta gainontzekoek baldintza oso kaxkarretan dagoen Itxesaldeko areazko zelaian, Zelai Berrik ezingo lukeelako horrenbesteko jarduerarik jasan. Itxesaldera joateko errepidea gurutzatu behar da, horrek duen arriskuarekin. Instalazioak udalarenak dira, baina klubak kudeatzen ditu. 

Zelai Berrin belar artifiziala jarriko balitz, talde guztiek bertan entrenatu eta jokatuko lukete eta klubak mantenu lan gutxiago egin beharko lituzke. Itxesaldeko futbol zelaia itxiko litzateke, eta kirol praktika guztiak igerilekuen eremuan egongo lirateke, guztiz irisgarria den gunea. 

Proiektuaren zenbakiak
Lanek 437.269,57 euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuak 160.000 euroko laguntza emango du, finantziazio pribatutik 120.000 euro iritsiko dira eta udalak 157.269,57 euro ordainduko lituzke.