Lakuntzako herritarrek herri galdeketa izan zuten asteburuan, irailaren 5ean eta 6an. Ondoko galdera erantzun behar zuten: “Zelai Berri belar artifizialeko futbol zelaia bihurtzeko proposamenarekin ados zaude?".
Galdeketan Lakuntzan erroldatutako 16 urtetik gorakoek har zezaketen parte, 1.114 lakuntzarrek. Horietatik 303k parte hartu zuten galdeketan, %27ak. Botoei dagokienez, 273 lakuntzarrek baiezkoa eman zioten Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko proposamenari, 25ek ezezkoa, 3 boto zuri izan ziren, eta 2 boto baliogabetu. Beraz, aurrera atera da Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko proposamena.
Lanek 437.269,57 euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuak 160.000 euroko laguntza emango du, finantziazio pribatutik 120.000 euro iritsiko dira eta udalak 157.269,57 euro ordainduko lituzke.
Zelai Berri eta Itxesalde
Lakuntzako Lagun Artea klubak historia luzea du. Jokalarien kopuruak gora egin du nabarmen: 2025/2026an 203 jokalari ariko dira, bederatzi taldetan. Talde nagusiak, erregionalak, Zelai Berrin jokatzen du, eta gainontzekoek baldintza oso kaxkarretan dagoen Itxesaldeko areazko zelaian, Zelai Berrik ezingo lukeelako horrenbesteko jarduerarik jasan. Itxesaldera joateko errepidea gurutzatu behar da, horrek duen arriskuarekin. Instalazioak udalarenak dira, baina klubak kudeatzen ditu.
Lakuntzako Udalak abuztuaren 21ean herri batzarra deitu zuen, Zelai Berri belar artifizialezko futbol zelaia bilakatzeko proiektua aurkezteko, eta ondoren galdeketa egin zen.
Zelai Berrin belar artifiziala jartzen denean talde guztiek bertan entrenatu eta jokatuko dute eta klubak mantenu lan gutxiago egingo ditu. Itxesaldeko futbol zelaia itxiko da, eta kirol praktika guztiak igerilekuen eremuan egongo dira, guztiz irisgarria den gunea.