Monica Zubillaga Andueza lakuntzarra nazioarteko triatloi epaile edo ofiziala, Delegatu Teknikoa eta Epaile Arbitroa da. 24 urteko ibilbidean, estatuko probetaz gain, Munduko Txapelketetan, Europakoetan, Ironmanetan, 2010eko Singapurreko Gazteriaren Olinpiar Jokoetan eta hamaika probetan epaile izan da. Horretaz gaindi, Nafarroako Triatloi Federazioko eta Espainiako Triatloi Federazioko epaileen ordezkaria da, eta triatloi formazio irakaslea. Soilik Olinpiar Jokoak epaitzea falta zaio. "Ez dit loa kentzen, baina gustatuko litzaidake".
Nola egin zinen triatloiko epaile?
Egun nire senarra dena –Jose Ignacio Mikeo triatleta– Nafarroako Unibertsitate Publikoko triatloi taldean hasi zenean, bere probak ikustera joaten hasi nintzen. Nafarroako triatloiaren hastapenak ziren; oso kirolari gutxi zeuden, soilik bost epaile eta proba oso gutxi, tartean Arbizuko Duatloia, Nafarroako beteranoena. 2026an 25 urte beteko ditut epaile, beraz, atera kontuak! (kar-kar). Nafarroako Triatloi Federazio sortu berriko presidente Enrique Hernandezek triatloi epaile ikastaroa egin behar zutela esan zidan, eta animatzeko, jendea behar zutela. Nik ez nuen nire burua ikusten, baina konbentzitu ninduen, ikastaroa egin eta hurrengo urtean jada epaile hasi nintzen. 24 urte pasa dira, beraz, argi dago gustuko dudala. Orduan epaileak ginen, baina egun ofizialak gara. Epaile, arbitro edo ofizial, hiru izen horiekin ezagutzen gaituzte.
"Epaileek lehiaketa garbia izango dela ziurtatzen dute"
Nolako formazioa izaten da?
Hasteko, lehen mailako ikastaroa egiten da, bakoitzak bere federazioan. Izan ere, epaileok federatuta egon beharra dugu; triatloi federazioko estamentu bat gara. Lehen formazioa presentziala izaten zen, baina pandemia ondotik ia ikastaro gehienak online dira, tarte presentzial txiki bat izan ezik. Estatuko komunitate autonomo guztietan maila guztietako formazioa eman dezakegun sei epaile gaude soilik; talde bat osatzen dugu, eta online formazio ikastaroak ematen ditugu. Gero, federazio bakoitzeko epaileren batek ematen du tarte presentziala. Nire kasuan, Nafarroako, Errioxako eta Cantabriako ofizialak edo epaileak trebatzen ditut presentzialki; online, estatu guztietakoak.

Beraz, bi federazioetan ari zara, Nafarroakoan eta Espainiakoan.
Bi federazioetan formazioa eskaintzeaz gain, Nafarroako Federazioko epaileen batzordeko epaileen ordezkaria naiz. Bertan Espainiako Federazioko epaileen batzordean egoteko hautatu ninduten, eta bertako epaileen ordezkaria naiz ere bai.
Zenbat kargu. Triatloia zure lanbidea al da?
Ez, epaile guztiak boluntarioak gara. Epaile izatea oso gustuko duzun zerbait izan behar da, gure aisialdiari kentzen diogun denbora baita.
Formazioko lehen mailako ikastaroaren ondotik zeintzuk etorri ziren?
Lehen mailakoaren ondoren bigarren maila autonomikokoa dator. Horretarako, proba kopuru jakin bat epaitu beharra dago, eta bestelako eskakizunak bete. Federazio bakoitzak proposatzen du zein epaile hautatzen dituen bigarren maila autonomikorako. Ondoren, maila nazionaleko ikastaroa dator, eta kasu horretan Espainiako Federazioak aukeratzen du zein epailek egingo duen formakuntza hori. Azterketa gainditu beharra dago, aurrekoetan bezala.
"Triatloian delegatu teknikoa epaile gorena da"
Hurrengo pausoa nazioarteko epailea izatea da.
2009ko abendutik naiz nazioarteko epaile. Ikastaro hauetan, lehenik eta behin, ingelesa proba egiten da, nazioarteko probetako hizkuntza ingelesa denez, formazioa ingelesez baita. Lau urtetik behin ikastaroa berritu behar da. Ikastaro luzeak dira, lau hilabetekoak, online. 2009tik lau urtean behin berritu behar izan dut, eta hain zuzen ere, une honetan ikastaroa berritzen ari naiz. Gurea etengabeko formakuntza da; nazioartekoa berritzeaz gain, urtero araudia aldatzen da, eta egunean egon beharra dugu. Gainera, triatloiak modalitate asko ditu –distantzia ezberdinetako triatloiak, duatloiak, aquatloiak, aquabike, neguko triatloia...– eta modalitate bakoitzak bere araudia. Uneoro araudia errepasatu eta prest egon beharra dugu.

Triatloian epaile mota ezberdinak daude?
Epaileek lehiaketa garbia izango dela ziurtatzen dute. Epaile edo ofizial soila izan zaitezke, Delegatu Teknikoa (DT) edo Epaile Arbitroa. Delegatu Teknikoa proba bat jokatu baino lehen hasten da lanean, antolakuntzarekin batera. Probak betebehar eta araudi guztia betetzen duela ziurtatuko du: ibilbidea errebisatzen du, webguneko informazio guztia ongi dagoela ziurtatu, araudiak errepasatu, ordutegiak ongi daudela begiratu.... Proba hasi baino lehen, guztia ongi dagoela errebisatuko du. Epaile Arbitroa, aldiz, proba jokatzen hasten denean arduradun nagusia izango da. Bera arduratuko da, kirol ikuspuntutik, probaren nondik norako guztiez: triatletei santzioak jartzeaz, araudia betetzen dutela ziurtatzeaz, klasifikazioak garaiz aurkezteaz...
Epaile edo ofizial soilak zer egiten du?
Delegatu Teknikoak edo Epaile Arbitroak eskatutakoa bete. Delegatu Teknikoak proba jokatu baino bi aste lehenago mezua bidaltzen die ofizialei, lasterketarako zenbat epaile edo ofizial libre dauden jakiteko. Ofizialek izena ematen dute, eta Delegatu Teknikoak lan banaketa egingo du. Probaren ezaugarrien arabera esango du zenbat ofizial behar dituen igeriketa tarterako, zenbat trantsizio gunerako, zenbat bizikletara igo eta jaisten diren tarteetarako, zenbat txirrindularitza tarterako, zenbat korrikarako eta zenbat helmugarako. Eta zeintzuk izango diren eremu bakoitzeko epaile arduradunak. Hori probaren tamainaren araberakoa da. Haurren lasterketa txiki baterako ez da igeriketa sektoreko arduraduna jartzen, baina helduen lasterketa luze baterako bai. Igeriketa arduradunak bere kargu dauden ofizialak antolatuko ditu, eta gainontzeko ataletan berdin. Igeriketa tarteetan ofizialak zodiac-etan eraman behar dira buiak dauden tokira, triatletek buelta ongi hartzen duten ikustera. Helduen txirrindularitza tartean epaileek proba motorretan jarraitzen dute. Eta araudia ez bada betetzen, zigorrak jarriko dira. Helmugan denborak hartzen ditugu; nahiz eta triatletek txipa jarrita izan, badaezpada B plana izan behar da, eta horretarako denborak hartu behar dira. Jakina, ofizial hauek guztiek ikusten dituzten arau hausteak eta bestelakoak euren arduradunei esango dizkiete, eta hauek Epaile Arbitroari, honek zigorra jar dezan.

Zenbat ofizial behar dira proba baterako?
Probaren distantziaren eta parte hartzaileen kopuruaren arabera. Adibidez, 70 triatleta badaude, txirrindularitza sektorerako agian hiru motorrekin nahikoa izango da, baina 1.000 partaide badaude 20 motorretik gora beharko dira. Eta gainontzeko guztiarekin berdin. Ez da berdina proba herrikoi bat izatea edo Espainiako Txapelketa, Europakoa edo Mundialeko Serieak izatea. Proba bukatzen denean bilera egiten dugu, eta hobetu beharrekoak zehaztuta, Delegatu Teknikoak txostena bidaliko dio antolatzaileari, hurrengorako kontuan har dezan.
"Nazioarteko epaile titulua lau urtero berritu behar da"
Zer nahiago duzu, Delegatu Teknikoa hala Epaile Arbitroa izatea?
Bakoitzak badu berea. Delegatu Teknikoak proba jokatu baino hilabeteak lehenago hasten da lanean. Adibidez, Ibizan jokatu ziren Mundialetan, proba handia zenez eta modalitate asko jokatu zirenez, bost Delegatu Tekniko aritu ginen lanean: Suitzako, Irlandako eta Zelanda Berriko gizon bana, Norvegiako emakume bat eta ni neu. Proba jokatu baino urte eta erdi lehenago hasi ginen lanean, eta bi astean behin online biltzen ginen. Proba handi horietako Delegatu Teknikoa izateak lan handia eskatzen du aurretik, eta probara iristen zarenean, zalantza asko erantzun behar izaten dira. Gainera, ez ohiko gertakariak gertatzen badira, esaterako, ekaitzak iragarri dituztela, kontingentzia planak aktibatu behar dira. Guztia ongi dagoela ziurtatu eta proba abiatu arte, presio eta estres handia izaten dugu. Aldiz, Epaile Arbitroak probaren egunera arte ez du lan gehiegirik; probaren araudia errepasatu eta ikastearekin, nahikoa. Baina lasterketa hasita, bera da arduradun nagusia. Norbaitek araua hautsi badu, santzioak jarri behar ditu, eta hori ez da gozoa izaten. Bestelako tentsioak dira, klasifikazioak garaiz eta ongi ateratzen direla ziurtatu eta beste. Beraz, zer nahiago dudan, probaren araberakoa da. Delegatu Teknikoa bazara, gehiago ikasten duzu. Epaileen artean postu gorena da, eta hori izan behar da epaileen helburua. Baina batzuetan Epaile Arbitroa izatea gogorra da ere bai. Esaterako, irailaren 20an Oropesa del Marren jokatutako T100 Thriatlonen Epaile Arbitroa izan nintzen eta urduri nengoen.
Duzun esperientziarekin, zer dela eta?
T100 Triathlon modalitate berria da, PTO (Professional Triathletes Organisation) enpresak antolatutakoa. Elite mailako 20 gizonezko onenek eta 20 emakume onenek parte hartzen dute, elitearen elitea. Aurten bederatzi proba dira guztira eta orain arte Singapur, San Francisco, Vancouver, London, Riviera frantziarra eta Oropesa del Marrekoak jokatu dira. Nire lehenengo T100 izan zen larunbatekoa, eta modalitate berria denez pixka bat urduri nengoen, halako probatan exigentzia maila altua delako. Araudia goitik behera errepasatu eta bideoak ikusi nituen, zalantza zipitzik ez izateko. Halako probetan araudiaren mugan ibiltzen dira, eta arbitro gisa akatsen bat egiten baduzu, asko ikusten da. Esperientzia ezberdina izan zen, interesgarria.
"Singapurreko Gazteen Olinpiar Jokoen oroitzapen berezia dut"
Nork erabakitzen du Delegatu Teknikoak edo Arbitro Delegatuak zeintzuk izango diren?
Guk ez dugu aukeratzen non ariko garen; federazioek hautatzen gaituzte. Horregatik, oso garrantzitsua da araudia egunean izatea, ongi prestatua egotea eta edozein aukera ematen dizutenean lana ongi egitea. Horrela, zugan konfiantza izango dute. Hau da, nahiz eta nazioarteko epaile titulua izan, horrek ez du esan nahi probetara automatikoki deituko zaituztenik. Aurretik lana ongi egin behar duzu. Europan, nazioarteko probak epaitzen aritzen garen epaileen taldean 30 inguru egongo gara. Normalean Delegatu Teknikoa edo Epaile Arbitroa izateko hautatzen naute, baina sarritan epaile edo ofizial soil gisa aritzen naiz, bigarren maila ikasten ari diren epaileek Delegatu Tekniko edo Epaile Arbitro gisa trebatu daitezen, eta eurei laguntzeko.

Urte hauetan zenbat probatan egin duzu lan?
Ez dut kontua ematen. Urtero hamabost proba inguru egingo ditut, eta kontuak ateratzen hasita, 360tik gora izango dira. Nafarroako probak, Espainiako Txapelketak, Europako Txapelketak, Munduko Kopak, Munduko Txapelketak, Gazteen Olinpiar Jokoak... Denetatik. Polonian, Errumanian, Abu Dhabin, Singapurren, Portugalen, Ingalaterran... toki askotan izan naiz epaile. Nazioarteko proba asko Europan jokatzen dira, eta askotara joan naiz.
Triatloia kirol olinpikoa da Sidneyko Olinpiar Jokoetatik (2000).
Bai, eta paralinpikoa baita ere. 2010ean Gazteen Olinpiar Jokoetan aritu nintzen, Singapurren, baina oraindik ez zait Olinpiadetan aritzea tokatu; espero dut noizbait aritu ahal izatea. Hala ere, Europako epaileek zaila dugu. Olinpiar Jokoetarako kontinente bakoitzetik hainbat epaile hautatzen dituzte. Europan 47 herrialde daude, eta beste kontinente batzuetan herrialde askoz ere gutxiago, Ozeanian, esaterako. Uzbekistaneko nire lagun bat bi aldiz egon da Olinpiar jokoetan, baina Asian maila horretako epaile gutxiago daudenez, aukera handiagoa dute. Guk zailagoa dugu. Dena den, hautatua izateko talde horren barruan nago; beraz, noizbait aukera sor daiteke, nahiz eta oso zaila izan. Olinpiadetara edo paralinpiadetara joatea gustatuko litzaidake, jakina. Kirolean gabiltzanondako, Olinpiadak gorena dira. Baina ez nago obsesionatuta, goi mailako beste proba askotan aritzen naizelako, esaterako Olinpiaden azpian Top 2a diren Munduko Serietan. Munduko Serietako azken hiru final handietan aritu naiz jarraian, Abu Dhabin, Torremolinosen eta Pontevedran. Hiru aldiz jarraian Munduko Serietan aritu naizen estatuko epaile bakarra naiz.
"Olinpiadetara joan nahiko nuke; kirolaren munduan ibiltzen garenondako, gorena dira"
Zein da epaitu duzun probarik bereziena?
Asko datozkit burura, baina Singapurreko Gazteen Olinpiar Jokoen oroitzapen oso ona dut. Hamaika egun egon nintzen, intentsitate handiko egunak izan ziren, eta harreman handia egin nuen munduko ofizial askorekin. Gainera, aparteko detailea izan zuten nirekin. Hautatu nindutenean haurdun nengoen, eta hala esan nien. Erantzun zidaten itxarongo nindutela, eta haurra izan eta gero joateko moduan banengo, tokia nuela. Bestela, erreserbako norbait jarriko zutela. Alaba erditu eta hiru hilabetera izan ziren Jokoak, eta ongi nengoenez joan nintzen. Ni itxaroteko izan zuten detaile hori oso berezia izan zen.

Zigorrak jartzerakoan triatletak kexatzera etortzen zaizkizue?
Kexatzera etortzen dira, eta batzuetan aurpegi txarrarekin eta hitz ez oso egokiekin. Egindako arau haustea azalduta ere, batzuetan hasieran ez dute ongi hartzen. Kasu horietan, hobeki da elkarrizketa puntu horretan uztea. Batzuetan tarte batera etortzen zaizkigu, arrazoia genuela eta barkamena eskatzera. Dena den, beste kiroletan gertatzen denarekin ez du zerikusirik. Txartel gorria badugu, baina nik 24 urte hauetan soilik bi txartel atera ditut. Triatloia errespetuzko kirola da.
Aurten Altsasuko Duatloia eta Arbizuko Duatloia ez ziren jokatu. Pena handia.
Izugarria. Altsasukoei ulertzen diet. Beti berdinek antolatzen zuten, jende berria erakartzen saiatu ziren, ez zuten lortu, nekatuta zeuden eta utzi zuten. Pena da. Aldiz, Arbizukoa bertan behera geratu zen ez zelako duatleta kopuru nahikoak izena eman. Ni Arbizuko Deletatu Teknikoa nintzen, eta azken unera arte aritu ginen Ane Lizarraga eta biak, jendea animatu zain. Kontua da kirolari askok azken egunean ematen dutela izena. Baina aurretik erabaki behar duzu lasterketa aurrera aterako den ala ez, erosketak eta bestelakoak aurretik prestatzen hasi behar direlako. Ezin duzu azken egunera itxaron. Jendeak lehenago eman beharko luke izena, antolakuntzaren lana erraztu eta zenbait proba bertan behera geratzea ekidingo luketelako. Arbizukoa pena izugarria izan zen, Nafarroako duatloi beteranoena izateaz gain, etxe ondokoa delako. Zorionez, Sakanako Haur Triatloia aurrera atera zen.
Urdiainen beharrean, Altsasun, Aitziber igerilekuetako obrak zirela eta.
Horrenbeste urtez Urdiaingo igerilekuetara joan eta gero, arraroa egin zitzaigun Sakanako proba Altsasuko igerilekuetan izatea, baina oso gustura egon ginen. Txirrindularitza tartea oso polita iruditu zitzaidan. Urdiaingo igerilekuek eta inguruak xarma berezia dute: triatloia natura bete-betean egiten da, eta oso berezia da. Antolakuntzaren aldetik errazagoa da, ez delako errepide nagusirik moztu behar, dena bertan egiten da.
"2026an 25 urte beteko ditut epaile; gustuko dut, interesa dut, eta probetarako hautatzen naute. Egia esan, oso gustura joaten naiz"
Zer nolako denboraldia izan da aurtengoa?
Proba garrantzitsuetarako hautatu ninduten: kluben arteko ligako bi proba, Mundialak (Pontevedra), Munduko Serietako Hamburgoko proba, Ironman probak, Europako Triatloi Distantzia Luzeko Txapelketa (Iruñea), Calahorran jokatutako Espainiako Duatloi Cross, Triatloi Cross eta Aquatlon Crosseko Txapelketak, T100 Thriatlon, Nafarroako probak... denboraldi indartsua izan da. Bestalde, lehen mailako formazioa gidatu dut, eta Espainiako Federazioko komitean eta asanbladatan aritu naizen lehen urtea izan da. Interesgarria, triatloiaren beste alde bat ezagutu dudalako. Urte ona izan da, ezin naiz kexatu.
Noiz bukatuko duzu denboraldia?
Aurtengoa otsailean hasi zen eta urriaren bukaeran despedituko dut. Bizpahiru proba geratzen zaizkit, azkena Cascaisen.
Eta aurrera segitzeko prest.
Oraintxe bertan nazioarteko epaile izateko ikastaroa berritzen ari naizenez, gutxienez beste lau urte egon beharko naiz, ezta? (Kar-kar). Gustuko dut, interesa dut, eta probetarako hautatzen naute. Egia esan, oso gustura joaten naiz.

Triatloian, "berdintasun gorena"
Triatloian igeriketa, txirrindularitza eta korrika batzen dira. "Hiru kirol dira, batean. Entrenatzeko denbora gehiago behar da, kirol bakoitzari berea eman behar diozulako. Gogorra da, gehiago exijitzen du". Baina asko engantxatzen duela uste du Zubillagak. "Aire zabalean egiten den kirola da, modalitate asko daude... probatzen duenak gehienetan errepikatzen du". Triatloia kirol parekidea dela nabarmentzen du, "guztiz. Emakumeen eta gizonen artean ez dago inolako ezberdintasunik: distantziak, zirkuituak eta sariak berberak dira. Epaileak emakumezkoak eta gizonezkoak dira, maila berean. Zenbat emakumezko arbitro daude lehen mailako futbolean?". Delegatu Tekniko asko, hau da, epaileen postu gorena, emakumeak direla dio. "Aurten Nafarroako Kirol Institututik deitu zidaten, Emakumea eta Kirola programaren barruan hitzaldiak emateko. Hainbat kiroletako jokalari, teknikari eta epaile ginen, eta hamar ikastetxeetan egon ginen. Berdintasunaren aldetik triatloia mundu oso ezberdina dela agerian geratu zen. Zoazen herrialdera zoazela, berdintasun gorena dago gure kirolean". Bestalde, ingurumenarekiko begirune handia dutela gaineratu du.
Duela urte batzuk sekulako booma izan zuen triatloiak, baina azken urteetan nolabaiteko beherakada izan du, "ez soilik Nafarroan, toki guztietan baizik. Bere garaian kirol berria zen, modan zegoen... baina kirol gogorra da". Jaitsiera, bereziki, proba herrikoietan sumatu dute. "Espainiako Txapelketetan 1.500 triatletek jarraitzen dute izena ematen".
