"Nik animatzen dut jendea gauzak ateratzera. Ez diozu besteengatik gauzak egiteari utzi behar; gustatzen bazaizu, eta idazteko eta sortzeko gaitasuna baduzu, aurrera egin eta gero ikusiko duzu". Gustatzen zaizunarekin aurrera egiteko ahalegina egin behar dela esan du Oihan Soto lakuntzarrak. Lau abestiz osatutako EP bat kaleratu du: Oihan. Musika modu autodidaktikoan ikasi du, eta barrukoa kanporatzeko balio dio.
Nola hasi zinen musikaren munduan?
Betidanik gustatu izan zait abestea. Kotxean, etxean, kalean eta toki guztietan musika entzuten noa. Egun batean koaderno batean nire ideiak idazten hastea pentsatu nuen. Abestiak sortzen eta sortzen hasi nintzen. 2020an edo 2021ean, pandemia zela, idatzitakoari buelta bat ematen hasi nintzaion, eta pentsatu nuen zerbait atera behar nuela; besterik gabe, ea nola gelditzen zitzaidan. 2022an nire lehenengo abestia kaleratu nuen. Nik etxean egin nuen, musika aplikazioekin. Lagunean pasa nien eta igotzera animatu ninduten. Interneten jarri nuen, eta harrera ona izan zuen. Lagunek eta senideek besterik ez zutela entzungo uste nuen, baina oso ongi joan zen, egia esan.
Eta orain abesti gehiago kaleratu dituzu. Nola izan da prozesua?
Pixka bat saltseatzen hasi naiz. Hasieran ez nekien ezer, letra bat musika batekin jartzen nuen eta ea zer ateratzen zen. Gero, YouTuben bideoak ikusten hasi nintzen, tutorialak, eta pixka bat notak bereizten eta abar hasi nintzen. Idazteko teknika ere hartzen hasi nintzen; errimak, bertsoen neurriak eta horrelako gauzak kontuan hartzen. Orduan, Iruñean grabazio estudioak bilatzen hasi nintzen, eta batzuekin kontaktuan jarri nintzen; bat aukeratu nuen eta estudioan abestian grabatzen egon nintzen. Hauek bai ongi grabatuta daude. Bi erdaraz, eta nire lehenengo abestiaren remasterizazioa, teknika gehiagorekin eta ahotsa ere hobetu dut. Abesti guztiak disko batean sartu ditut eta nire izenarekin kaleratu dut. Izenburuari bueltak ematen egon nintzen; abestiak nire zati bat dira, eta agian Oihan kutre gelditzen da, baina nire izenak izan behar zuen.
Zer kontatzen dute?
Lehenengo abestia Zaindu zure burua izan zen. Txikitan irainak eta horrelakoak jaso nituen, eta orduan aurrera egiteko eta burua zaintzeko mezua plazaratu nahi nuen. Bigarrena da Heridas (Zauriak) eta bestea Entre la calma y el caos; antsietatea izaten dut eta horren inguruan ahotsa altxatzeko idatzi nuen. Azkena, aurten grabatutakoa ere, Zaindu zure burua 2 da. Remasterizatu dut, beste estilo batean.
Nola deskribatuko zenuke zure musika?
Balada antzekoak dira, tristeak; sentikorrak, entzutekoak eta pentsatzekoak dira. Lagunek esaten didate zerbait mugituagoa atera behar dudala, baina nik ez dakit reggaetoi abestiak idazten, ez zait ateratzen; gertatzen zaizkidan gauzak idazten ditut, gertuko istorioak eta bizipenak. Ez zaizkit ateratzen bestelako gauzak.
"Deskonektatzeko modu bat da; abestea, margotzea... oso ongi datorkit"
Barrukoa kanporatzeko balio izan dizu? Terapia antzeko bat?
Hori da; guztiz. Agian ez dakizu nola aurre egin, eta idazten hasten zara eta ideiak sortzen joaten dira. Deskonektatzeko modu bat da. Abestea, margotzea eta horrelako gauzak oso ongi datozkit.
Zer suposatzen du horrelako zerbait egitea?
Hasieran pentsatzen dut: "Ai ama! Zer lotsa! Zer pentsatuko du herriko jendeak, senideek, lagunek...". Baina oso ongi dagoela esaten didate; horrela egin behar dela, zerbait gustatzen bazaizu, aurrera egin behar dela. Bideoekin ikasi dut, eta badakit kritikak etor daitezkela. Baina nik egiten dut gustatzen zaidalako; saltseatzea gustatzen zaidalako.
Profesionalki abeslaria izatea pentsatu duzu?
Buruan ez dut ideia. Pentsatu izan dut oso guay izan daitekeela eszenatoki batean abestea eta abar. Baina, beste alde batetik, lotsa izugarria ematen dit. Gauza bat da abestiak etxetik igotzea, ez ditudala entzuleak ikusten, eta beste gauza bat jendearen aurrean abestea. Kastin pare bat egin izan ditut, Ztanda programatik deitu ninduten eta joan nintzen. Lehenengo aldia epaimahai baten aurrean abestu nuela, eta ongi. Bigarrenean Donostiako portuan izan zen, jendea pasatzen zen... Oso urduri jarri nintzen, baina azkenean dena ahaztu zitzaidan eta egin nuen. Kontzerturen bat egin beharko nukeela esan didate. Ikusiko dugu.
Sareak ere erabiltzen dituzu.
Nik Instagram erabiltzen dut (@oihanss): "gaur abesti hau igo dut", "entzun dezakezue"... Hasieran lotsa ematen dit, baina jende askok sareak erabiltzen ditu bere gauzak igotzeko. Esaterako, arropa denda batek daukana erakusten du, eta horrek jendea mugitzen du. Publikazioak berbidaltzen dira, eta egiten duzuna jendeari iristeko bide erraza da.
Etorkizunerako? Abesti gehiago dituzu? Idazten jarraitu duzu?
Bai, idazten beti jarraitzen dut. Koadernoan gauza pila bat ditut; borradore pila bat. Beti iristen zaizkit ideiak. Musika sortzearena, agian musika tresnaren bat jotzen hasi beharko naiz ere. Anaiak gitarra dauka, eta behin baino gehiagotan saiatu naiz. Buelta bat eman behar diot. Baina letra gehiago baditut, ikusiko dugu. Gaien artean denetarik dago. Pixka bat intentsua naiz idazten, baina ez dut nahi denak horrelakoak izatea. Pozgarriagoak edo alaiak idazten hastea gustatuko litzaidake.