Astekaria

"Hornidura kate independente bihurtu gara guk guztia eginda"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko urriaren 7a

Julen Razkin Flores eta Gorka Eceolaza Zabalza.

Sakana groupe kooperatibak 50 urte bete ditu eta ospatu dute. Gorka Eceolaza Zabalza eta Julen Razkin Flores lehendakaria eta lehendakari ordea dira. 

Bazkide ohiek, langileek eta haien senideek bat egin zuten Sakana Group kooperatibaren lantegian larunbatean. Erakunde ekitaldiaren txanda izanen da gaurkoan. Ospakizunak, 50 urte ez baitira beti betetzen. 

Fundizioa Lakuntzan. Zergatik?  
Julen. Sortzaileek beraiendako zerbait nahi zuten, ez jabe batendako. Fundizio bat izan zen, baina txokolate fabrika bat izan zitekeen. Lankide Aurrezkira (Euskadiko Kutxa) joan ziren eta esan zuten: "kooperatiba bat egin nahi dugu". Eta erantzun zieten: "Beno, orain badirudi fundazio baten beharra dagoela". Ez zuten ideiarik ere. Ate ondoan ikusgai dagoen motorra galdatu zuten aurrenekoa da. Txatarra. Atzetik pilo bat berdin. Ez zekitelako. Gaur egungo errefus adierazlea oso baxua da ezagutzaren transmisioa egon delako. 

Ekoizpen sistema bera da? 
Gorka. Fabrikazio prozesua, funtsean, antzekoa da. Hobekuntzak daude: ekoizpen bitartekoak nahiko optimizatu dira; kalitatea hobetzeko metal saldara botatzen diren gehigarriak... Eta esperientziarekin ikasitakoak, prozesura txertatzen joan garenak. Batez ere, bitarteko teknikoak hobetu dira. Baina lorpen handiena harearen berreskuratzea da. Urtutako metala moldean botatzen da. Baina hura isolatzeko harea erabiltzen da. Piezak berez 60 tona pisatzen baditu, baliteke 200 tona harea erabiltzea hura egiteko. Lehen, egunero, kamioi pila joaten ziren harez beteta Lakuntzako hondakindegira. Orain harea horren %99,95 birziklatu egiten dugu. Urtean tonak eta tonak dira. Erabat aldatu da. Gauza bera esan daiteke hainbat hondakin arriskutsuren kudeaketaz eta birziklatzeaz. Birziklatzearen eta jasangarritasunaren arloan egunetik egunera lan handia egiten ari gara. Esaterako, mekanizatzean sortzen den txirbil guztia jaso, eta, atzera ere, labera bueltatzen da. Dena bertan gelditzen da. Enbalatze guztiak berrerabiltzeko edo konpondu eta berrerabiltzeko diseinatzen ditugu. 

J. Bestalde, fabrikazio osoaren ikuspegi orokorra ematen digun azpiegitura digitala dugu. Gainera, digitalizazio proiektu bat dugu martxan, makinen kontsumoei, potentziei eta gainerakoei buruzko datuak lortzeko. Guztia optimizatzeko da. Gainera, adierazle panelak ditugu, esaterako, harea, siloak eta abar kudeatzeko. Eta pieza bakoitzaren jarraipena indibiduala egiten dugu. 

Fundizioa izaten hasi, baina bezeroari produktua bukatuta emateko beste zeregin batzuk ere hartu dituzue zuen gain. 
J. Hemen bertan pieza guztiz bukatzeko gai garenez, kostuak asko murrizten dira. Bezeroak pieza nahi duen tokira eramateko eskatzen du, berdin zaio bidean zer egiten duzun. Prezio bat duzu eta pieza hara eraman behar diozu. Mekanizazioa, pintura eta garraioa edo logistika ditugu. 

G. Gainera, hornidura kate independente bihurtzen zara, eta abantaila lehiakorra duzu gainerakoekin alderatuta. Esaterako, mekanizazioa txertatuta ez badute, baliteke mekanizazio hori hainbat fundizioren artean partekatzea, botila-lepo bat izan daiteke. Prozesu guztia guk eginda, hornidura kate independente bihurtu gara, beste lehiakideen kateak oztopatzen ez dituena. 

Gaur egun zein sektoretarako lan egiten duzue? 
J. Batez ere eolikoan. Eta fundizio astunean: makina erreminta, itsas motorra, konpresoreak, mineralak, automobilgintza... Sektore eolikorako %60-65 artean egiten dugu, eta gainerakoa beste sektoreetarako egiten dugu. Baina batez ere makina erreminta, itsas motorra eta konpresoreak.

Nola erabakitzen da zein sektoretarako lan egin?
G. Bi fundizio ditugu. Bat batez ere eoliko pieza handiak egiteko. Beste fundizio txikia eolikorako eta beste sektore batzuetarako erabiltzen dugu. Horretan 2 eta 20 tona arteko piezak egin ditzakegu. Beraz, beste sektore batzuetan ere pieza txikiak egiten lehiakorrak gara. 

"Jendea trebatu dadila nahi dugu. Hori sustatzen dugu"

Kooperatiban ikerketa eta garapen saila baduzue?
G. Bulego teknikoa dugu. Eta teknologia zentroekin eta abarrekin ere unean-unean kolaboratzen dugu. Merkatuan ikusten diren berrikuntzak ere gureganatzen ditugu. 

Zuen sektorean bada fabrikazio gehigarria?
G. Noizbait 3D inprimaketa erabili izan dugu, pieza jakin baterako proba, baina oraindik garatu beharreko gai bat da. Bestalde, arren, moldeen eta gainerakoen fabrikazioan 3D txertatu nahi zuten bezeroekin harremanak izan ditugu. Baina, etorkizunean horretan sartu beharko gara, ziur. 

Adimen Artifizialak tokia du zuen kooperatiban?
G. Zenbait gauzekin hasiak gara lan egiten. Etorkizunean ere garatu beharreko gaia da, bai ala bai. Horrek lagunduko digu fabrikazio gai jakin batzuk aurreikusten, prozesu jakin batzuk estandarizatzen... Hor ere sartu beharko gara. 

Zenbat langile zarete?
J. 261. 170 inguru bazkideak eta gainerakoak kontratatutakoak. 

Zer langile profil behar duzue?
J. Denetarik behar da: fundiziorako eskulan zuzena, baina baita prozesu ingeniari asko ere. 

G. CNC ezagutzak dituztenak. Bulego teknikorako simulazioetarako eta garapenerako. Arlo komertzialerako. Bezeroen kudeaketa: bidalketak, logistika eta abarrak. 

J. Lanbide Heziketa duten mekanizatu eta mantentze lanetakoak. Kosta egiten zaigu jendea kontratatzea, ez da erraza. 

G. Gauza bera segurtasun teknikariekin, ingurumena iraunkortasun gaietarako, birziklapen hobekuntzarako, eta abarrerako. Lanpostu barietate zabala dugu prozesu konplexu bat daukagulako. Denetariko langileak behar ditugu. 

J. Maila guztietan prestakuntza jarraituko premia handia dugu, eta horretara ordu asko bideratzen ditugu. Azken urtetan esponentzialki hazi da. Gainera, zero jakinda sartzen dena lan bizitza bukatzean garapen bat izan du, profesionalki hazi da prestakuntzagatik, barne promozioagatik. Hori sustatzen dugu. Langileak ez du sabairik. Jendea trebatu dadila nahi dugu. Ohiko enpresetan egituran gora egiten dute langileek. Hemen horizontalean mugitzeko aukera ere badago, sekzio batetik bestera. Kooperatibaren DNAn dago. 

Lehengaiak eskuragarri daude?
G. Errusiaren gerraren kontuarekin, materialak erosteko kupo jakin bat dago. Baina azken urteetan merkatua uzkurtu egin da, fundizioak itxi dira. Eskaera ez da hain handia. Orain arte gai izan gara lehengaia modu erregularrean pilatzeko. Eta oraindik prezio, gutxi gorabehera, arrazoizkoan. 

J. Errusia eta Ukrainiakoa piztu zenean prezioak nabarmen handitu ziren. 

Elektrizitate hornidura, zer moduz?
G.
Urte hauetan dugun ekoizpenarekin ongi egon gaitezke. Baina luzera begira, ekoizpen gaitasuna handitu eta hedatu nahi badugu, galdatzeko gaitasuna handitzeko, egunak gehitzeko-eta, sarea mugatuta dago. Hori luzarora arazo bat izan liteke gaitasuna modu garrantzitsu batean handitu nahi badugu. 

Eta elektrizitatearen prezioa?
G. Duela bizpahiru urte, kaosa izan zen. 

J. Errusia eta Ukrainaren artekoa piztu zen aldi berean. 

G. Merkatutik kanpo jarri ziren prezioak, erabat. Eragin zigun bai guri bai bezeroei. Orain, hasiera batean, egonkorrago dago. Baina puntak izaten jarraitzen du. Galdaketekin "jolasten" ibili behar dugu, elektrizitatearen prezioari begira ia etengabe, optimizatu daitekeen jakiteko, urtzeko prestasuna dagoen, eta abar. Bezeroekin elektrizitate edo lehengaien prezioaren gehikuntzen zati bat indexatuta izaten dugu, baina ez da guztiz. Hainbat aldagai daude eta, jakina, eragina izan dezakete: zure aldekoa izan daiteke edo oso kontrakoa. Beraz, oso gertutik kontrolatu beharreko gaiak dira. 

"Gure urterik txarrenak duela lauzpabost urte izan ziren, Donald Trumpen aurreko legegintzaldian"

Muga zergak, gerrak... eragin dizue? 
G. Gure merkatu nagusia Europa da. Baina inportazioak daude, eragina izan dezakete. Merkatu jakin batean sartzeko aukera izan genezake, baina muga zerga ezarriz gero, eragin diezaguke eta txinatarrei mesede egin, edo alderantziz. 

J. Gure urterik txarrenak duela lauzpabost urte izan ziren, Donald Trumpen aurreko legegintzaldian. Kablea gurutzatu zitzaion eta Amerikako Estatu Batuetako parke eoliko guztiak geldiarazi zituen. Hara eramateko gauza asko genituen fabrikatuta edo lotuta, eta gauetik goizera ezer gabe geratu ginen. Izugarrikeria. 2020koa guretako latza izan zen. 

G. Sinatutako kontratua genuen, bolumen jakin batzuk adostuta eta, egun batetik bestera, ezeztatuta. Berriki Amerikako Estatu Batuetan (AEB) guk lan egiten dugun bezeroen offshore (haize errotak itsasoan) proiektu batzuk bertan behera utzi dituzte. Horrek ere eragiten digu, nahiz eta bolumen bat adostuta duzun, baina ezinbestean murriztera behartuta badaude, eragiten dizu.

J. Hori, pandemia, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak lehengaiak garestitu zituen, elektrizitatearen prezioak oso altu... Astro guztiak lerrokatu ziren. 

Nora saltzen duzue?
G. Nagusik, Europan. AEB, Hego Amerikan, Brasil esaterako, Asiarako... Offshore eolikoa Europako iparraldea. Makina erreminta hemen Alemania ere bai.

Azoketan parte hartzen duzue?
G. Eolikoaren merkatua desberdina da, oso bezero kopuru jakin batera mugatuagoa dago. Gehiago da lan-harreman historikoagatik, baina, beste sektore batzuetan, bezero berriak lortzeko dira, gure burua ezagutarazi eta ateak jo behar dira.

"Erronkarik handiena da kooperatiba jaso genuenean bezain ongi edo hobe uztea"

Zer aurreikuspen dituzue?
G. Gu ondo kokatuta gaudela eta lan egiten ari garen ia sektore guztietan izen bat dugu. Ziurgabetasun handia dago Europan, munduan. Ikusten ari gara galdategiak ixten ari direla eta bezeroa ere badatorrela lan hori ematera. Eta gure aldeko beste puntu bat da, esaterako, HTCren atalean, hau da, itsas motor, konpresore, makina erremintarako eta abarretarako atalean, urtean prototipo pila bat egiteko gaitasuna dugula. Bezeroak pieza konplexua edo serie laburra izango dela ikusten duenean, puntu bereizgarri bat, abantaila bat dugu hor. Serie oso luzeak badira eta abar, haiek gutxieneko plangintzarekin Txinan edo Asian erraz kudea dezakete. Baina prototipoak azkar garatzeko puntu bereizgarria dugu, gainera fidagarritasunez. Beraz, hori gure aldeko puntua da.

J. Gainera, erabakiak hemen hartzen ditugu, bertako jendeak. Beste fundizio batzuk ixten ari dira pertsona edo talde batek erabakitzen duelako errentagarria den edo ez. Eta berdin zaie gainerako guztia. Sakana Groupen hemen bizi eta hemen lanean jarraitu nahi dugun bertako jendea gaude. Beraz, 170 bazkide horiek dute erabakitzeko gaitasun osoa. Eta estutu behar badugu, estutu egiten gara, eta urte txarrak pasatu behar baditugu, azken hiruzpalauak pasa ditugun bezala, pasatu egiten ditugu. Horretan gaude. Saiatzen gara ongi gaudenean hodeietan gora ez egiten. Eta gaizki gaudenean, saiatu morala altua eta itxaropena mantentzen, hemen jarraitzeko. Beste kasu batzuetan, behera doanean, gutxi kostatzen zaie X bat egin eta errentagarriagoa izango zaien leku batean muntatzea. Azkenean, guk hartzen ditugu erabakiak, bertako jendeak, gero tabernan edo plazan elkarrekin gaudenok. Ika-mika pila izaten ditugu ere (barrez). Jubilatu direnek ere gauza bera esaten dute, haiek ere ika-mikak izaten zituztela. Baina gauza bat argi zuten: estutu behar zenean, denek egiten zuten. Oraintxe lantegira joanez gero, erabakiren baten inguruan eztabaidatzen ari den talderen bat egonen da. Baina estutu beharreko egunean, estutu egingo dugu. 

Europa, zer?
J. Gu Asia proiektu batzuetan ez gara sartzen, edo askoz gutxiago sartzen gara, tokiko edukia dutelako. Hau da, han muntatuko duten parkearen ehuneko handi bat han bertan fabrikatu behar dute, logikoki, hango jendeari lana emateko. Europan hori ez da inoiz izan. Europan kanpoan egiten diren parkeak muntatzen dira, azken ukituak hemen ematen diote, Made in Europa jartzen diote, baina dena kanpotik dator. Orain aldaketa hurbilago egon daitekeela dirudi, baina, tira, oraindik ezin dira kanpaiak jo. 

Bakarrik edota bazkideekin?
J. Normalean bakarrik, bakarrik. Unean-unean kolaboratzaileren bat izan dezakegu, baina, ideia da bakarrik aritzea. 

G. Mekanizazio planta muntatzeko, horren ezagutzarik ez genuenez, makina erreminta ataleko bezeroa den Soralucerekin aliantza bat egin zen. Guk pabiloia jarri genuen, Soralucek ezagutza eta makinak jarri zituen. Aliantzak hasieratik iraungitze data zuen. Ezagutza hartu genuenean, atera ziren eta lehen genuen harremanarekin jarraitzen dugu: gure bezero eta hornitzailea da. Etorkizunean, adimen artifizialarekin baliteke norbaitekin aritzea.  

Lantegia mendebalderantz handitzeko aukera duzue.
G. Azterketa dago, baina kontratuen araberakoa izango da. 

J. Orain dagoen egoera geopolitikoarekin oso arriskutsua da edozer egitea. Izan ere, duela 4 urte bazirudien mundua jango genuela, eta egun batetik bestera goseak hiltzen geunden. Oso argi egon beharko egoerak. Proiektua hor dago. 

Etorkizuneko erronkak?
J. Bazkide gisa sartzen garenean denoi esaten digute: "erronkarik handiena da kooperatiba jaso genuenean bezain ongi edo hobe uztea". Erronka horrekin segituko dugu. Gu hemen pasakoak gara, atzetik jende gehiago etorriko da. Esandakoa: Sakanan bizi eta lan. Hurrengoendako ere hori nahi dugu.