Sakana Groupek lantegia handituko du

Guaixe 2025eko urriaren 3a

Kooperatibako ordezkariak foru agintariekin batera. UTZITAKOA

Bere 50. urteurreneko erakunde ekitaldian egin du iragarpena. Lantegia handituz lehiakortasuna eta eraginkortasuna indartu nahi ditu kooperatibak.

Nafarroakoko agintari nagusiek parte hartu duten konpainiaren 50. urteurreneko erakunde ekitaldian, Sakana Group kooperatibako gerente Jaime Urkolak jakinarazi duenez, "gure lehiakortasuna eta eraginkortasuna indartuko duten bi handitze proiektutan murgilduta gaude, gure erakundearen barruan balio erantsi guztia mantenduz".

Alde batetik, 2.000 m2-tan handituko du lantegia. Mekanizazio pintura eta bidalketa nabeen arteko espazioak estalita lortuko dituzte 2.000 m2-ak. Ekoizpen prozesuak hobetu eta bidali aurretik azken produktua biltegiratzeko erabiliko da espazioa hori. Kooperatibak beste iragarpen bat egin du: 25.000 m2-ko eremu baten behin betiko birkalifikazioa lortu du. Espazio hori lantegiaren eta Arbizuko mugaren artekoa da. "Espazio horrek, epe ertainean, gure ekoizpen ahalmena are gehiago handitzea ahalbidetuko digu", aitortu du gerenteak, eta lursail horien etorkizuneko erabilera merkatuaren eskariaren arabera aztertzen ari direla berretsi zuen. "Gaur, beraz, iragana ospatzeko eguna da, baina, batez ere, etorkizunaren alde topa egiteko eguna", adierazi du.

Ekitaldian, gainera, azken bosturtekoan industria-kooperatiba horrek efizientzian eta errentagarritasunean izandako hobekuntzak azpimarratu ditu. Urcolak azaldu duenez, Sakana Groupek urteko 100 milioi euro inguruko fakturazioa du, eta 10,3 milioiko EBITDArekin itxi zuen 2024a. Gainera, aurreko guztiari gehitu behar zaio kooperatibak offshore sektorean duen presentzia bulkatzen duela gaur egun, gero eta konplexutasun tekniko eta dimentsio handiagoko piezen enkarguak bere gain hartuz. 

Lankidetzaz 
Adierazle on horietatik harago, Gorka Eceolazak Zabalzak, Sakana Groupeko Kontseilu Errektoreko presidenteak, bere erakundearen ezaugarri diren "giza eta kooperatiba balioak" azpimarratu ditu. "Ingurunean aberastasuna sortzen duen eredu bat sortu dugu, uste baitugu aurrerapen ekonomikoak ez duela zentzurik gure komunitatearen kohesioaren, elkartasunaren eta garapenaren eskutik ez badoa", azaldu zuen. Kooperatibak lortutako lorpen guztiak nabarmendu ditu: "enplegu egonkorra, familiendako aukerak, erakundeekiko eta inguruko bizi kalitatea indartzen duten elkarte eta proiektuekiko lankidetzak".

Erakunde ekitaldian Soraluce enpresako Rafa Idigoras zuzendari gerentea izan da. Urcola hari zuzenduta esan du: "zuen erakundeak gure lehen eskaera eman zigun, eta elkarrekin mekanizaziorako joint venture bat sortu genuen. Aliantza horren ondorioz, gaur egun gauden nabe hau eraiki zen". Idigorasek Sakana Group-eko arduradunak zoriondu ditu, bere hitzetan Soraluce "bezero, hornitzaile eta aliatu historikoa" da, eta elkarrekin egindako lankidetzaren hamarkadak eta hamarkada hauetan ezarritako sinergia ugariak errepasatu ditu. Gainera, Sakanarekin izan duen elkarlanaren hiru ikasketa azaldu ditu: "liderra izatea jarrera bat da. Kooperatiba eredugarri gehiago behar ditugu, dauden kooperatiben ondarea gorde behar da". Eta kooperatibek erakundeen laguntza behar dutela, beren jarduna garatzen eta ingurunearendako aberastasuna sortzen jarraitzeko. Azkenik, lankidetzaren eta aliantzen garrantzia ospatu du, hazkunde palanka gisa enpresa eremuan eta, bereziki, kooperatiboan.


Unai Hualde Iglesias, Nafarroako Parlamentuko presidenteak hitza hartu du. UTZITAKOA

Agintarien esanak
Sakana Groupen sorreraren 50. urteurrena ospatzeko erakunde ekitaldian ezin izan du parte hartu Maria Chivite Navascues presidenteak, baina grabatutako bideo baten bidez adierazi duenez, "mende erdiko historia, konpromisoa eta bilakaera, Sakana Group Europan industria erreferente bihurtu arte, ez da egunero betetzen". Chivitek gaineratu duenez, "mamiari eutsiz haztea posible dela erakutsi duzue; industria bat puntakoa eta, aldi berean, konprometitua izan daitekeela; teknologia eta artisautza elkarrekin bizi daitezkeela; eta erronka handiak taldean lantzea hobe dela". Horregatik, adierazi du: "ekoizten duzuen pieza bakoitza, zuengan konfiantza duen bezero bakoitza eta txertatzen duzuen berrikuntza bakoitza errentagarritasunetik harago doan konpromiso kolektibo baten emaitza da, pertsonen aldeko eta etorkizun bidezkoago baten aldeko apustua baita".

Mikel Irujo Amezaga Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak "kooperatiba honek Sakana, Nafarroa eta eskualdeko gainerako industria ehunarendako duen ondare izugarria" aldarrikatu du. "Ikuspegiz, ahaleginez eta giza balioaz betetako proiektu baten aurrean gaude, errotze eta pertenentzia zentzua duten pertsonak buru dituena, eta arlo honetan guztian eta Foru Erkidegoan eragin sozial eta ekonomiko nabarmena duena", nabarmendu du.

Irujok, bestalde, industria kooperatibak "gizarte-ekonomian, Estatuan eta Europan erreferente gisa" betetzen duen papera azpimarratu du. Eta, era berean, "taldean lan egiteko gaitasuna eta aldaketara egokitzeko gaitasuna, haien nortasun ikur" bihurtu direla adierazi du. "Bidean topatutako erronkak gorabehera helburu komun baterantz arraunean egin duten pertsonek gidatutako istorio arrakastatsu txiki bat nola bihur daitekeen adibide dira", esan du. 

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesiasek kooperatibak ibarrean jaio eta hazi direnendako duen aparteko garrantzia aipatu du. "Proiektua duela mende erdi abiatu zen lakuntzar talde baten ekimenetik, eta gaur egun kooperatibismo onaren, kudeaketa onaren eta zonaldean eta Nafarroan sustraitzearen adibide gisa finkatu da", adierazi du. Hualdek kooperatibaren eredua aldarrikatu du: "mundu globalizatu eta aldakor batean, gizarte kohesioa, garapen orekatua eta kalitatezko enplegua eskaintzen ditu". Eta omendutako enpresaren kasuari dagokionez, gaineratu duenez, "kooperatibismoaren balio onenak gorpuzten ditu: bazkideen konpromisoa, familien babesa, kudeaketa parte-hartzailea eta egokitzeko gaitasuna". Topaketaren alderdi instituzionala, Lakuntzako alkate Oihane Uribeetxebarria Garmendiak osatu du.

Enpresaz
Lakuntzako kooperatiba industrial aitzindaria da pieza handien galdaketan, bereziki haize, itsas eta trenbide sektoreetan. 300 langile baino gehiago ditu, eta 1975ean sortu zenetik bizi izan zituen erronka tekniko, energetiko eta merkatukoetara egokitzeko gai izan da. Laurogeita hamarreko hamarkadan, iraultza berriztagarria aurreratuz, sektore eolikoaren estandarretara egokitutako prozesuak integratu zituen, Europan zuen posizioa sendotuz. Milurteko aldaketan, hedapen bati ekin zion planta berriekin, dibertsifikazio operatiboarekin eta mekanizazio, pintura eta logi dibisioen sorrerarekin.