Sakana Group kooperatibak bere 50. urteurren ospakizunak despeditzeko erakunde ekitaldia antolatu zuen pasa den ostiralean, bertan Nafarroako agintari nagusiek izan ziren. Kooperatibak jakinarazi zuenez, 2.000 m2-tan handituko du lantegia. Mekanizazio pintura eta bidalketa nabeen arteko espazioak estalita lortuko dituzte 2.000 m2-ak. Ekoizpen prozesuan edo bukatzear dauden piezak modu egokian lantzeko balioko dute espazio horiek. Lanei aurki ekinen diete.
Kooperatibak beste iragarpen bat egin du: 25.000 m2-ko eremu baten behin betiko birkalifikazioa lortu du. Espazio hori lantegiaren eta Arbizuko mugaren artekoa da. "Espazio horrek, epe ertainean, gure ekoizpen ahalmena are gehiago handitzea ahalbidetuko digu", aitortu zuten, eta lursail horien etorkizuneko erabilera merkatuaren eskariaren arabera aztertzen ari direla berretsi zuen.