Andoni Egurza Irisarri artista lakuntzarrak erakusketa mustu du herriko Sorginak tabernan. Urrian zehar ikus daitezke urte hauetan grabatu teknikekin egindako lanak, eta ostiraletan, 18:00etan, bisita gidatuak ere eginen ditu. Ez da erakusketa bakarra izanen, Altsasuko ferietako Arte Azokan ere parte hartuko du.
Lehenengo erakusketa?
Bai. Oso pozik nago. Azkenean lortu dut egiten dudana eta nire artea erakusteko erakusketa bat prestatzea.
Eta zer egiten duzu?
Erakusketan jarri ditudan lanak grabatuak dira. Jendeak, normalean, ez du grabatua ezagutzen duela urte asko erabiltzen ziren teknikak direlako, eta denborarekin horien erabilera asko galdu da. Prozesu nahiko konplexuak dira, eta nahi duenari azalduko diot zein den prozesua eta zer den grabatu bat.
Zer da grabatu bat?
Grabatua irudi bat da, oinarri desberdinak erabiliz egin daitekeena, hala nola egurra, harria, metala... Oinarri desberdinetan eta prozesu desberdinen bitartez egiten dira, adibidez, metalean puntzoi batekin metala zulatzen da. Plantxa horiei prozesu bat egiten zaie non tinta finkatzen den. Hori matrizea izango da, eta matrizetik nahi dituzun kopiak sor ditzakezu. Nolabait inprentaren aitzindariak dira.
Nola ikasi zenuen? Nola sartu zinen mundu horretan?
Diseinu grafikoa ikasi nuen, eta horren inguruko lan baten bila egon nintzen, eta ez nuen aurkitu. Niri betidanik gehiago gustatu izan zait eskuak zikindu eta gauzak eskuz egitea, eta diseinu grafikoa digitalagoa zen. Orduan, Iruñeko Arte Eskolan Grabatuaren eta estanpazio teknikak ikasketak egitera sartu nintzen. Hor bai. Bi urte egon naiz Arte Eskolan, eta erakusketan jarritako lanak Arte Eskolan egindako lanak dira, ikasi dudan guztia lanetan islatuta.
Zer kontatzen dute lanek?
"Balioa eman nahi diet beti egon diren teknika analogikoei, galtzen ari direla"
Azkenean, urte oso atsegina izan da, oso polita, lortu dut gustatzen zaidan artea edo niri gustatzen zaidan lana egitea. Nolabait barrutik atera zaizkidan gauzak dira. Erakusketan ikus daitezkeen lan askok hitz egiten dute gure belaunaldian nola ikusi dugun teknika analogikoen eta gaur egungo teknologia digitalen arteko gatazka hori; oso presente dago laminetan eta iruditzen zait eman behar zaiola garrantzia gehiago teknika analogiko horiei. Lan hauetan garrantzia ematen diot mundu analogiko horri, eta kritika pixka bat egiten zaio gaur egungo mundu digitalari: guztia hodeira doa, gure informazio guztia dute... Pixka bat horren kontra egiten dute. Balioa eman nahi diet beti egon diren teknikei, galtzen ari direla. Orain oso txikiak direnetik mobilarekin ibiltzen dira.
Nola aukeratu dituzu piezak?
Gauza da itxoin dudala pixka bat bilduma bat biltzeko. Aurreko urtean egin ahal nuen erakusketa, baina pentsatu nuen ez nituela nahiko lan; zerbait gehiago behar nuen, gustatzen zaidana zerbait egiteko gehiago behar nituela. Udan egitea pentsatu genuen, baina hemen Hatortxu izan zenez eta abar, iraila abiapuntu bezala hartuta, hasi gara erakusketaren kontuarekin.
Zein da grabatuen prozesua?
Adibidez, egurrezko xafla batean prozesua honako hau izango zen: grabatu bat behar dugu hiru tintekin, orduan, tinta bakoitzeko xafla bat egin behar dugu. Imajina dezagun puzzle bat, hiru piezatako puzzle bat. Pieza bakoitza kolore bat izango da. Orduan, tinta bakoitzerako irudi bat zulatzen da eta erliebean gelditzen dena gora geldituko da, eta zulatzen dena behean, eta gainean geratzen den horri tinta pasatu eta papera jartzean, tinta hori paperean geratuko da. Hiru xaflekin egin, eta irudia hor egongo da. Egin ditudan ikasketak oso aberasgarriak dira ni bezalako pertsona batentzat, mota guztietako eskuzko teknikak ikasten dituzulako. Artistoi askotan gertatzen zaigun orri txuri baten aurrean ez jakitea zer egin nahi duzun, teknika hauekin ez da gertatzen; ideiak ateratzen joaten dira.
Teknika asko dira, ezta?
Xilografia, egurrezko xafletan egiten dena; litografia, lito harri da, harrizko plantxetan; grabatua metalezko plantxan, eta horren barruan teknika desberdinak daude, agua fuerte eta agua tinta. Horiek bai direla azaltzeko prozesu zailak, barnizak eta erresinak ere sartzen direlako. Prozesu oso konplexuak dira. Prozesu batekin hasten zarenean, buruan oso ongi ikusi behar duzu zer egin nahi duzun, bestela, hasten bazara plantxan eta zerbait oso ongi geldituko den ez badakizu, ez dago atzera egiterik. Zerotik egin behar duzu. Dena den, akatsa izatea ere polita da; gure inperfekzioa.
Zein da zure teknika gustukoena?
Berez ez da beste teknika bat, baina serigrafia ere egin dugu. Espatula batekin jartzen da tinta, eta hori izugarria izan da. Ari naiz pentsatzen kamiseten kontuarekin zerbait egitea eta probatzea.
Zein da zure lanik gogokoena?
"Ez daukat bat gustukoena; denak dira barrutik ateratakoak, maitasuna diet"
Ez daukat bat gustukoena. Denak dira barrutik ateratakoak eta lan guztiei maitasun hori diet. Denek daukate bere puntua.
Arte Azokan ere egongo zara.
Bai. Grabatuko ikasketen praktikak Ziordiko Julerekin egin nituen, serigrafia egiten du, eta oso-oso gustura egon nintzen. Esperientzia oso polita izan zen. Bera dago Artebiden, Sakanako artisten elkartean, eta azokara gonbidatu ninduen. Igandean bertan egongo gara.
