Sakana Groupek Industria Ministerioko Industria Politiken Arloko buru Marcos Escuderoren eta Enerclusterreko zuzendari gerente Iker Chascoren bisita hartu zuen ostiralean, lastailak 24. Kooperatibaren zuzendari kudeatzaile Jaime Urcolak eta Kontseilu Errektoreko presidente Gorka Eceolazak bi eskaera egin zizkioten Ministerioko ordezkariari: Sakanako sare elektrikoa indartzea eta Bilboko porturako korridore logistikoa hobetzea. Ohartarazi ziotenez, “egungo potentzia mugak, osagai berezien garraioan dauden zailtasunek eta Asiako produktuen lehiak baldintzatzen dute gure hazteko eta enplegua sortzeko gaitasuna”.
Kooperatibako ordezkarek Ministeriokoari lantegia duten asmoen berri eman zioten. Urcolak azpimarratu zionez, “merkatu globaletan sustraiak galdu gabe lehiatzen jakin duen enpresa kooperatiboa gara. Proiektu horrek gure posizioa indartzen du, baina ingurua energia eta azpiegituren arloan laguntzea eskatzen dugu”. Instalazio berriei esker, prozesuak berrantolatu ahal izango dituzte, eraginkortasuna irabazi eta sektore eolikoaren, itsasokoaren, energiaren sorkuntzaren edo makina-erremintaren eskari gero eta handiagoari erantzun ahal izango zaio.

Energia botila lepoa
Sakana Groupek identifikatutako oztopo nagusietako bat eskualdearen ahalmen elektriko mugatua da. Kooperatibatik azaldu zutenez, Nafarroako elektrizitate sisteman Sakana “irla bat” dela. Nafarroako elektrizitate sare nagusia 400 eta 200 kVko lineez osatuta dagoen bitartean ibarrak 60 eta 110 kV-ko lineak dituela nabarmendu zuten.
Lantegiak, gaur egun, 12 kV-ko konexioa du, nahikoa fusio-linea bakar baterako, baina ez da nahikoa biek aldi berean funtzionatzeko. Horrek ekoizpena eta hazteko ahalmena mugatzen ditu. 2022an, enpresak I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresari (Iberdrola Taldea) 28 MW-ra arteko potentzia handitzea eskatu zion, 30 kV-ko konexio baten bidez. Eskaera hori ez zen onartu, nahiz eta txosten tekniko baten arabera bideragarria izan Altsasuko azpiestazioko 132 kV-ko sistemara konektatzea.
Eceolazak azpimarratu zuenez, “ez gara Sakana Groupez bakarrik ari, enplegua, berrikuntza eta sustraitzea eskaintzen duen ibar oso baten oinarri industrialaz baizik. Sakanan industria indartsu bat nahi badugu, sare elektrikoa enpresak dauden lekura iristea behar dugu”.
Logistika oztopoak
Kooperatibak kezka azaldu zuen tamaina handiko piezak garraiatzeko muga logistikoengatik, batez ere offshore merkatu eolikoko piezen kasuan. Bilboko porturako korridorearen egungo baldintzek bost metrorainoko altuerako piezetarako ematen dituzte baimenak, sektoreak jada sei metrotik gorako osagaiak eskatzen dituenean. Hori kontuan izanda, Urcolak esan zuenez, “gure lehiatzeko gaitasuna gure piezak mugitzeko moduaren araberakoa ere bada”, eta bide-azpiegiturak eta administrazio-prozedurak industria astunaren benetako beharretara egokitzeko eskatu zuen.

Lehiakortasuna testuinguru global batean
Topaketak, gainera, Europako industriaren egoera aztertzeko balio izan zuen, Asiako fabrikatzaileen lehia gero eta handiagoa baitzen. Sektorearen datuen arabera, Txinako hornitzaileen presioak sektore eolikoko mendebaldeko fabrikatzaile nagusien batez besteko onurak %15 eta %20 artean murriztu ditu azken urteetan.
Panorama horren aurrean, Sakana Groupek eraginkortasuna, espezializazioa eta ekoizpen gaitasuna irabaztearen aldeko apustua egiten du, bere lehiakortasuna eta Nafarroarekin duen konpromisoa indartuko duten proiektu berriekin. “Gure etorkizuna puntako industria eraginkorra izaten jarraitzearen mende dago, baina horrek azpiegitura modernoak eskatzen ditu, Nafarroako industria-enpresek egiten duten ahaleginaren neurrikoak”, ondorioztatu zuen Urcolak.