Merkataritza pertsona guztiendako irisgarria bihurtzeko asmoz, Anfasek ulermen arazoak dituzten pertsonen arreta hobetzeko prestakuntza saioak antolatu ditu. Saltoki mota guztiei zuzendutako doako prestakuntza saioa da. Hartan, merkatariez aparte, jende aurrean lan egiten duen edozein pertsona edo taldek eman dezake izena, izan, gizarte zerbitzuetako langileak, mankomunitateko langileak, eta abar.
Anfasek jakinarazi duenez, saio praktiko horren bidez, modu erraz eta hurbilean hiru gai landuko dira: arreta argiagoa eta atseginagoa eskaintzea, bezero guztiekin komunikazioa erraztea eta espazioa pertsona guztiendako irisgarriagoa eta abegikorragoa izatea. Prestakuntza saio hori Lakuntzako kultur etxean eginen da azaroaren 19an, asteazkenarekin, 14:00etatik 15:30era. Izena eman nahi duenak sarean dagoen, labur.eus/hy3suukv, galdetegi bat bete beharko du. Prestakuntza saioa Anfasek, Nafarroako Dendak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute.