Futbola

Zelai Berrin belar artifiziala jartzeko lanak hasi dira

Guaixe 2025eko azaroaren 11

Makinak azaroaren 10ean hasi ziren lanean. LAGUN ARTEA K.E.

Obrak bukatu bitartean, Lakuntzako Lagun Artea futbol klubak Itxesalden jokatuko ditu partidak

Lagun Artea erregional taldeak azaroaren 9an Leitzako Aurreraren kontra 16:30ean jokatutako partida izan da Zelai Berri belar naturaleko zelaian jokatu zen azken partida. Asteburuan Lagun Arteako taldeek etxean jokatu zituzten partida guztiak Zelai Berrin jokatu ziren, futbolzale askoren harridurarako. Izan ere, eguraldi kaxkarra hasten denean soilik erregionalak jokatzen zuen bertan, zelai naturala ongi mantendu ahal izateko. Baina honek badu azalpena: Zelai Berriko belar naturala kendu eta artifiziala jartzeko lanak azaroaren 10ean bertan hasi ziren, astelehenean, eta horregatik asteburuan talde guztiek bertan jokatu zuten, Zelai Berri zelai zaharrari despedida bikaina eginez. 

“Gure zelaia berritzeko momentua iritsi da. Belar naturala kendu eta belar artifizial berria jarriko da, gure jokalariek urte osoan baldintza onenetan entrenatu eta jokatu ahal izan dezaten. Lan hauek gure klubarentzat aurrera pauso handia dira, eta ilusioz betetzen gaituzte. Laster, denok batera, Zelai Berri berritua estreinatzeko aukera izango dugu” azaldu du Lagun Artea klubak sare sozialetan. 

Lakuntzako Udalak urriaren 30ean eman zituen lanak, eta azaroaren 10ean hasi ziren.