Emma Larreta lakuntzarrak antolatzen dituen tailerretan bere bizitzak film baterako ematen duela esan diote parte hartzaileek. "Erasotik harago; erasoa anekdota bihurtzen da, daukan larritasun guztiarekin, baina izan dut bizitza bat izan dena denetarik lineala baino". 2007. urtean erailketa saiakera bat izan zuen, "dagoeneko jende askok ezagutzen duen istorioa". Bere bizitza hamar minututan aldatu zen, eta film bat oraindik ez, baina urtearen hasieran El mapa de mis cicatrices liburua kaleratu zuen. Bestetik, InVISIBLES eta Bidean sentsibilizazio ikuskizuna, dokumentala eta tailerrak egiten ditu ere, eta hainbat sari jaso ditu, tartean Etxeko Indarkeriaren eta Genero indarkeriaren kontrako Espainiako Behatokiarena, "genero indarkeriari fisikoki eta psikologikoki aurre egiteko erakutsitako indar, kemen eta jarrera positiboa" aitortu zioten aipamenarekin.
Larretaren istorioa ezaguna da: "Sei hilabetez gizon batekin ateratzen egon ondoren, nire pentsamenduekin bat egiten ez duten ohiturak zituelako utzi nuen. Oso gaizki hartu zuen eta ez zuen onartu". Egun batean lagunekin zegoela gizonak beso batetik hartu eta astindu egin zuen. "Nik oso argi izan nuen nire eremua inbaditu zuela, ez zituela nire erabakiak errespetatu eta salatu nuen". Laban bat erosi eta hurrengo egunean bere bila joan zen; Larretak Donostiako denda batean lan egiten zuen, eta bazekien non egongo zen: "Oso egoera desatsegina izen zen. Azalpenak eskatzera etorri zen, ea zergatik salatu nuen, eta esan nion iruditzen zitzaidala merezi zuela eta azalpenak eman behar zituen tokian emango zituela. Bere bizitza berregiteko, bakoitza bere bidetik". Gizonak gerritik labana atera eta Larretari 27 labankada eman zizkion. "Neure burua defendatu nuen". Besoekin aurre egin zion, eta besoak "lehertuta" ditu.
Biziraun
"Dena aldatzen ari da; baldintzetara egokitzeko gaitasunak aske egiten zaitu"
27 labankadari biziraun zion. Bizirautea esan nahi duen guztiarekin: "Indarrarekin. Biziraun nuen. Baina orain desgaitasun bat daukat. Desgaitasun bat daukan emakume bat naiz eta hori ere ikasi behar izan dut". Maila guztietan eman den ikasketa bat izan dela azaldu du Larretak. "Berkokatzen ikasi behar izan dut, nire burua maitatzen, eta egoerari onurak ateratzen. Egoera ezin zen apaindu, baina aurre egin nion". Egoerari aurre egiteko batzuetan "ez da zerbaiten kontra borrokatzea, baizik eta zerbaiten alde egitea. Batzuetan tematu egiten gara gustatzen ez zaizkigun gauzen kontra joaten, baina ez bazaizkigu gustatzen eta ezin baditugu aldatu, zertarako galdu behar dugu energia horrekin?". Norberaren buruan konfiantza hartu eta berrasmatzeko deia egin du lakuntzarrak, "bizitza asko aldatzen da, mundua asko aldatzen ari da, eta baldintzetara egokitzeko gaitasun hori izateak aske egiten zaitu".
Egoerari aurre egin zion eta 2008. urtean InVISIBLES mustu zuen. Sentsibilizazio dokumentala, performance eta tailerrak dira, baita Bidean espazioak ere. Bertan biolentziari buruz hitz egiten du, "orokorrean", eta elkarbizitzaz. "Elkarbizitzaren arazoaz hitz egiten dugu, biolentzia eta abar. Eta nola gure burua ongi eraiki behar dugun. Burua ongi eraikitzen badugu, gu ongi eraikitzen bagara, biolentoak ez izaten saiatuko gara".
Liburua
"Topera nago. Nerabeekin tailerrak egiten ditut, emakumeendako hainbat tailer egiten ditut ere...". Aste honetan Galizian egon da espazioarekin. "Hazkunde pertsonala, autoestimua, lidergoa eta bizitzan berreraikitzea lantzen dugu gehienbat". Bizitzari lehentasuna ematea.
Tailerrak egiten ari zela, liburua idazteko aukera sortu zen. "Aspaldi idazten dut. Prentsan kolaborazioak egin ditut, eta idazketa oso eroso sentitzen naizen arlo bat da. Orduan, aspaldi baloratzen nuen aukera bat zen liburu bat idaztearena". Bere bizitzari buruz idatzi behar zuela askotan esan izan diote, "pelikula bateko bizitza" duela esaten diote, eta buruan zeukan zerbait izan da.
Proiektua errealitate bihurtu zen Aguilar argitaletxearen proposamenarekin. Proiektuari eskaintzeko tarte bat hartu zuen, eta liburuarekin aurrera egin zuen: "Benetako gozamena izan zen, modu natural batean sortu da, ez zitzaidan batere kostatu, bide oso atsegina izan zen, eta oso ongi sentitu nintzen". El mapa de mis cicatrices liburua sei hilabetetan idatzi zuen, gutxi gora behera, eta hasieratik arrakasta handia izan du. "Bidean jarraitzen du; publikoaren aldetik harrera oso ona izan du, eta izugarri gustatzen zait jende oso anitzak irakurtzen duelako". Talde handi bat proiektuaren aurrean egotea, bidelagun, "kobertura guztiarekin" asko lagundu diola azaldu du lakuntzarrak.
"Eraso baten atzetik eraso bat baino askoz gehiago dago: bizitza bat, intersak, proiektuak..."
Liburuak Larretaren haurtzarotik bizitzan zehar ibilbidea egiten du. "Irakurlea nolabait kokatzeko, nor naizen azaltzen dut. Eraso baten atzetik eraso bat baino askoz gehiago dago: bizitza bat dago, interesak, proiektuak...". Liburu oso baikorra da: "Garai konplikatuak pasatu izan ditut, baina uste dut beti merezi duela aurre egitea, beti egongo da jende polita bidean, eta gainera nire bizitzaren helburuak hain argi ditudanez, gelditu behar izan naiz indarrak hartzeko eta berriz aurrera egiteko".
Larretak haurtzaro "zaila" izan zuen, "alde emozionalari begiratuta", eta horrek markatu zion, "dudarik gabe", heldutasuna eta gauzak ulertzeko modua, besteak beste, hazkuntza: "Ez nituelako erreferente heldurik izan". Haren bizitzaren "agintea" lortzeko asko borrokatu duen emakume bat dela esan du Larretak: "Nire tokia lortzeko. Emakume oso erreflesiboa naiz, eta beti saiatu naiz erorketetatik ikasten saiatzen". Horren "saria" izan da garai txarrak etorri direnean "motxila tresnaz beteta" izan duela, egoerari aurre egiteko: "Nik uste hori balorean jarri behar dela".
Autokontrola
Zein da egoera? "Tailerrak publiko guztietarako dira, bai gazteak bai helduak, eta orokorrean ikusten dut gazteei hausnartzen irakatsi behar zaiela. Haien barrukoaz kezkatzen ikasi behar dute; hori da bizitzan zehar sostengatuko zaituena". Larretak azaldu duenez, kanpotik oso ongi egon zaitezke, "oso ederra", baina kanpokoa "estalki" bat baino ez da; "esaterako, nire gorputza guztiz apurtuta dago, baina barrutik berreraiki naiz eta solidoa da". Beraz, gazteek ulertu behar dute haien burua eraikitzearen garrantziaz, "etorkizunean bidea erosoago izateko, ongi sentitzeko, eta pertsona errealizatuak sentitzeko".
Gaur egun dauden bat-bateko estimulu asko daude inguruan, eta horregatik Larretak gelditzeko aholkua ematen die gazteei: "Espazioa asko gustatzen zaie, eta parte hartzen dute. Gauza oso garrantzitsuei buruz hitz egiten dugu: gatazkak eta frustrazioa nola kudeatu, errespontsabilitatea, autokontrola...". Autokontrolatzearen garrantzia nabarmendu du Larretak, baita gauzak sakrifizioa eskatzen dutela azaltzen diela ere: "Gelditu behar dira pixka bat hausnartzeko".
"Jendeak bideo asko bidaltzen dizkit eta duela gutxi Kanarietako bat bidali zidaten gazte batek beste bat zigarro batekin erretzen. Arma zurien erabilera handitu da". Biolentzien arazoa ez dela konpondu uste du Larretak: "Eta arazoa gazteen artean badago, gazteak hartu beharko ditugu eta haiekin tratatu".
Arazoak mahai gainean jartzearen aldekoa da: "Hau da dagoena; nola egingo diogu aurre". Gazteek zenbait gairi buruz hitz egiteko beldur direla azaldu du, eta gazte horiek kalera ateratzen direnean egoera horiekin topo egiten dutela. "Ez da egoera gustatzen zaigun edo ez. Egoera da dagoena. Hortik abiatu beharko gara. Gazteak prestatu behar ditugu inguru horretan daudenean aukeratu ahal izateko eta esateko: honek ez nau identifikatzen, hau ez dut niretzat nahi, edo hau ez da nire bidea". Baina horretarako gazteekin hitz egin behar dela nabarmendu du: "Ikusi behar dituzte gauzen ondorioak, eta ni naiz bizirik dagoen ondorio bat". Biolentziaren atzean dagoen ondorio bat dela erakusten die gazteei, "eta oso argi ikusten dute". Horregatik autokontrolaren garrantziaz hitz egin du: "Pertsona biolentoa bazara eta autokontrolik ez baduzu, azkenean edozein momentutan klasekide bati jipoi bat emango diozu. Hori da duguna". Gazteak "esertzea", arazoak aurkeztea eta aldatzen saiatzearen aldekoa da Larreta.
Bizitza
Larreta "saltsera" bat da, "eta horrela bizi behar da. Hori transmititzen diot gazteriari. Egin gauzak gogoekin, nahiago dut energia hartzeko tarte bat gelditzea, eta gero egiten duzuna gogoz eta ahaleginarekin egitea". Bizitzeak helburu bat izan behar duela uste du Larretak, "oinarrizko asmo bat", eta horregatik pasioarekin, printzipioekin eta enfokearekin bizitzeko deia egiten du.
Gazteei mezua iristen zaiela esan du Larretak: "Mezua barruraino iristen zaie, errealitatea ikusten dutelako. Benekotasunez beteriko espazio bat da". Botere handia duen komunikatzailea da Larreta, "eta liluratuta gelditzen dira".
Larretak Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren kontrako Behatokiaren XIX. edizioko saria jaso zuen, ekainean, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egoitzan. Sari honek genero indarkeria desagerrarazteko pertsona nabarmenena bezala aitortzen du. Saria irabazi zuela esateko Botere Judizialetik deitzen ziotela esan ziotenean Larretak sorpresa hartu zuen: "Pentsatu nuen, ai ama! Zer egin dut orain ez naizela konturatu ere egin...". Saria jasotzea "ohore" bat dela esan du, "proiektu hau niretik sortu da, inolako laguntzarik gabe".
Duela bi urte ere Nafarroako Gobernuak ematen duen Lan Autonomoa Aitortzeko Saria jaso zuen ere. Nafarroaren garapenari egiten dioten ekarpena aldarrikatzen du sariak, eta Larretak desgaitasuna duten pertsonen enpresa-esperientzia hoberenaren kategorian irabazi zuen.
Proiektuarekin asko mugitzen dela eta toki askotan egoten dela azaldu du Larretak, baina arantza bat ere badu: "Sakanan ez dut lanik egiten. Lan asko egiten dut, Galizian egon berri naiz... Baina hemen ez dut lanik egiten". Liburuaren aurkezpena egin zuen Altsasuko Haritzan arrakasta handiarekin eta duela hiru urte InVISIBLES dokumentala eta solasaldia egin zuen. Baina ordutik ez du ibarrean ezer egin: "eta pena ematen dit horrelako zerbait izatean. Gauza da euskara ulertzen dudala, baina ez dudala hitz egiten. Baina egoera dagoen moduan, dagoen arazo handiarekin, dramatikoa dela, proiektua handia da, emaitzak badira, eta pena ematen dit". Lanean jarraituko du.

