Lakuntzako berezko euskarak badu bere liburua

Guaixe 2025eko azaroaren 28a

Lakuntzako estalpea eta udaletxea. ARTXIBOA

Aiaupenanik euskara taldeak argitaratu du eta herriko hizkerako hitzez beteta dago.

Lau urteko lanketaren ondoren, Aiaupenanik euskara taldeko kideei beraien lanaren fruitua aurkezteko garaia iritsi zaie: Aiaupenanik, ze itzek! liburua. Hamalaukote baten ahaleginaren emaitza da liburua. Pandemian garai betean Lakuntzan egondako euskara taldeak berriro martxan jartzea erabaki zuten. "Mintzapraktikak egiten hasi ginen. Elkarrizketa horietan aipatzen ziren hainbat hitz oso politak iruditu zitzaizkigun eta hitz horiek mantendu eta gordetzeko beharra ikusi genuen. Beraz, ordutik, pixkanaka hitz bilduma osatzen aritu gara", azaldu dute. Hitzak biltzeko inurri lan hori egiteko taldea "buru belarri ibili gara herriko hizkera lantzen, mintza praktikak egin eta beste herritar batzuek aurretik egin dituzten lanak bildu ditugu. Dena uztartu ondoren, herriko hizkerako hitz bilduma osatu dugu". 

Liburuan Lakuntzako hizkerako hitzez aparte, bertako hizkeraren fonetika, fonologia eta morfologia ezaugarriak azaldu dituzte. Gainera, eranskin gisa, oinarrizko lexikoa, esaera zahar eta esapideak eta ilustrazioak sartu dituzte. Azken horiek egiteaz eta maketazioaz Andoni Egurza Irisarri arduratu da. Liburuak 142 orri ditu.

Euskararen erabilera sustatzea Aiaupenanik taldekoen helburua. Horren barruan aparteko garrantzia du "Lakuntzako euskara indartzea eta ez dakienarentzat ikasteko bideak irekitzea". Liburuak norabide horretan pauso bat eman nahi du. 

Liburuaren aurkezpena plazan eginen da azaroaren 30ean, igande eguerdiz. Aurkezpenaren ondoren zuhaitz bat landatuko dute eta auzatea izanen da. Interesa dutenek han bertan liburua erosteko aukera izan dute.