Garazi eta Ainara

"Helduek duten euskarari balioa eman nahi diogu"

Maider Betelu Ganboa eta Alfredo Alvaro Igoa 2025eko abenduaren 17a

Aiaupenanik euskara taldeko kideak liburua aurkeztu zuten egunean.

Herriko euskarako hitzak eta haren ezaugarriak jasotzen ditu 'Aiaupenanik a ze itzek' liburuak. Aurkezpen egunean ere pagoa landatu zuten Biltoki gazte elkarte parean. Garazi Otsagabia eta Ainara Lopetegi Lakuntzako euskara taldeko kideak dira

Liburua dagoeneko 10 eurotan salgai dago, Eroskin eta liburutegian. Egileak abenduaren 21ean plazan saltzen arkiko dira, 12:30etik 14:00etara. 

Nola bururatu zitzaizuen ideia?
Garazi. Pandemia garaian, 2020 urte inguruan, herritar batzuk elkartzen hasi ginen. Duela urte dezente Lakuntzan sortutako Aiaupenanik euskara taldea berriro martxan jartzea aukera polita zela iruditu zitzaigun. Euskarazko mintzapraktika saioak egiten hasi ginen. Halakoetan jendeak, batez ere helduek, hitz eta espresio batzuk, oso politak, esaten zituztela ohartu ginen. Eta gure artean esan genuen halakoak gorde beharko genituzkeela. Bestalde, bagenekien herritar batzuk Lakuntzako euskararen inguruan egindako lan batzuk eginda zeudela: Mikelatxo eta Lourdes Flores, Itziar Ruiz eta Iñaki Uriz. Lehendabizi lau lan horiek dokumentu bakarrean bildu genituen. Eta, ondoren, mintzapraktika saioetan sortzen ziren hitzak pixkeka txertatzen joan ginen. 

Ainara. Guretako garrantzitsua zen herriak zuen ondare bat jasotzea eta, orain, herriari bueltatzea. 

G. Eta jende helduari balioa ematea. Ez dutenez ikasi, titulurik ez dutenez, uste dute beraien euskara ez dela ona. Eta liburuarekin euskara horri balioa eman nahi diogu. 

A. Saioetara oso pozik etorri dira. Erantzuna oso ona izan da. 

G. Haiekin oso gustura egon gara. Baita gure artean ere, giro onean egon gara. 

Nola dago antolatuta?
A. Baina liburuari ez diogu "Hiztegia" deitu nahi izan, boluntarioek egin dugulako. Ez gara hizkuntzalariak, edo adituak. Zerrendan Andoni Egurtzaren ilustrazio batzuk tartekatu ditugu. Berak maketatu du liburua. Hitz bildumaz aparte agurra eta gutxieneko gramatika ditu. 

G. Batez ere deklinabidea sartu nahi genuen, jendeak hitz horiek nola deklinatu behar diren jakiteko. 

A. Eranskinetan daude oinarrizko lexikoa, esaera zaharrak eta esapideak eta Egurtzaren ilustrazio batzuk, hitz batzuen berri emateko. 

G. Ea etorkizunean esaera zahar gehiago bil ditzakegun. 

Zenbat hitz jaso dituzue?
G. 2.300 hitz inguru jaso ditugu. 

A. Jasota zeuden hitzak Lakuntzan erabiltzen zirela baieztatu dugu mintzapraktika saio horietan. Eta atera diren beste guztiak ere liburuan jaso ditugu. Gainera, beste iturri batzuk erabili ditugu. Esaterako, lehen sektoreko hitzak jasotzeko arbela jarri genuen 2024ko azokan. Eta 1992ko garagarriletik aurrera argitaratu zen Aiaupenanik aldizkarian ere baziren euskalkian idatzitako artikuluak. 

G. Bestalde, Jose Luis Erdozia Mauleonen Sakana Erdialdeko Hiztegia hartu dugu eta Lakuntzarekin zerikusia zuten hitz guztiak opatu eta liburuan sartu ditugu. Erdoziaren hiztegiak kontrastatzeko balio izan digu. 

Zuei liburua gustatu zaizue?
G. Lau urte aritu gara pixkeka-pixkeka, azken urtean gehien bat, udaberritik aurrera. Lan neketsu eta luzea izan da. 

A. Zalantza asko sortu zaizkigu, eta bagenituen erreferentziazko pertsona batzuk. Lehen sektoreko hitzetarako Juan Mari Razkin edo Felix Arregirengana jo dugu. Etxeko tresnetarako Mª Asun eta Klarita. Candi eta Gregorio bere garaian. 

G. Jubilatu elkartean asteazkenetan mintzapraktika egiten dute eta pare bat aldiz zalantzekin joan gara Socorro Artiedarekin-eta egotera. Bukaeran zalantzak argitzen ibili gara. Baina honek ez du bukaerarik. 

A. Jendeak liburua eguberrietan etxean ikus dezala, eta burura etortzen zaizkion hitzak apuntatu ditzala. Orain errazagoa da gehitzea, aldatzea edo zuzentzea. 

Zein da zuen gustuko hitza?
G. Nik ez nuen eskeye erabiltzen, aukera esan nahi du. Leirek asko erabiltzen du, eta gustatu zait. Aukera esan beharrean, eskeye dekagu. Nik ez dut Lakuntzako euskara erabiltzen eta asko ikasi dut. 

A. Nik ere ez dut erabiltzen. Gure etxean erabiltzen zen, baina dagoeneko ez, zenbakiak: hiruteneun (300), lauteneun (400)... Dagoeneko hitz asko ez dira existitzen, izendatzen zuen gauza ez delako existitzen. Gutxienez, jaso. Hizkuntza batek bizirik irauten duen bitartean hitz berriak sortzen joanen dira. Eta aldatzen joanen da. 

Zenbat kide diru euskara taldeak?
A. Hamabiren bat. 

G. Bileretara ahal dugunean joaten gara. Bakoitza ahal duenean joaten da. Orain, hitz bildumarekin, batzuk gehiago aritu gara. Baina etxe izenen kamisetarekin beste batzuk aritu ziren eta abuztuan atera genituen.

Zer asmo dituzue?
A. Mintzapraktika saioekin jarraituko dugu. Etxeen izenekin zerbait egiteko ideia dugu, dokumentatuta uzteko. 

G. Orain atseden pixka bat hartuko dugu. Baina aukera baliatu nahi dut gazteak Aiaupenanik euskara taldean parte hartzera animatzeko. Talde irekia da. Bakoitzak ahal duenean ahal duena egiten du. Beraien ikuspuntua oso interesgarria da.