Azaroaren azken asteburuan UEFAko Eskualdeen Kopako lehen faseko partidak jokatu ziren Agoizko Nuevo San Miguel futbol zelaian. Nafarroa, Kantabria, Asturias eta Murtziako selekzioak lehiatu ziren multzo horretan. Nafarroako selekzioan Unai Zubiria Gartziandia lakuntzarra dago, hirugarren mailako Izarrako jokalaria, eta lakuntzarra selekzioko jokalari erabakigarria izan zen, bi gol sartu baitzituen.
Nafarroak azaroaren 29an Murtzia izan zuen aurkari. Gorritxoek debut ikusgarria egin zuten eta meritu handiz gailendu ziren, 0-3, Dani Perez, Ibai Alonsok eta Unai Zubiriak sartutako golei esker. Kantabriak eta Asturiasek bina berdindu zuten.
Azaroaren 30ean Nafarroak Kantabriaren kontra jokatu zuen. Nafarrek hurrengo fasera sailkatzeko berdinketarekin nahikoa zuten, baina Jaime Sanchezek gidatzen duen taldea gosez atera zen zelaira eta nagusitasun handiz jokatuta bigarren garaipena lortu zuen, 0-4 gailenduta, Unai Martinez (2), Aimar Martiarena eta Unai Zubiriak sartutako golei esker.
Nafarroak historia egin du, lehenengo aldiz UEFA-ko Eskualdeen Kopako final laurdenak jokatuko baititu. Txapelketako talde errebelazioetako bat izan da, eta Estatu mailako lehen zortzi selekzio amateur onenen artean sartu da.