Lakuntzar askorendako, haurrak bereziki, zezensuzkoa eramaten duzuna zara. Kargu handia.
Oixe! 18 urte beteak nituela hasiko nintzen. Ea aste batez atera nezakeen eskatu zidaten, baina aste hori 22 urtetan bihurtu da. Umeengatik egin nuen.
Egungoa zezensuzko berria da.
Hiru urte inguru izango ditu. Lehena Juanjo Burillok egin zuen bere fabrikan, Industrias Bargan. Bigarrena ere bertan egin zuten. Aluminiozkoa da, baina gehiago pisatzen du, 25 kilo inguru. Orain pixka bat moldatzen ari gara, arintzeko.
Noizbait erre izan zara?
Ezer larririk ez, baina beti sartzen da txinpartaren bat. Buzoa janzten dut, baina garrantzitsuena betaurrekoak jartzea da. Zezensuzko azpian sartu, trakari su eman eta hasten naiz. Traka ongi badoa, 8-10 minutu irauten du.
Zer sentitzen da une horietan?
Urduritasuna. Ezer txarrik gerta ez dadin beti adi, ardura horrekin leku guztietara begiratzen... Hiruzpalau aldiz gertatu izan zait umeren bat gehiegi gerturatu, estropezu egin eta lurrera erortzea. Halakotan, berriro zezena hartu eta segi.
Primerako harrera izaten du zezensuzkoak.
Bai, minutu horietan plaza beti beteta dago. Umeak itxaroten egoten dira, noiz atera.
Haurrak pozik. Helduak ere bai?
Baietz uste dut. Ni haurrak eta helduak, guztiak zirikatzen aritzen naiz beti. Kontu handiz, inguruan etxeetako kristalak, autoak eta beste daudelako eta txinpartek marka uzten dutelako. Plazako estalpean sartu-atera azkarra, badaezpada. Zezensuzkoarena ardura handia duen lana da, alde guztietatik.
Traka bukatuta, haurrek inguratzen zaituzte.
Tradizioa da, zezena iturri azpian jartzen dugu, ongi itzaltzeko. Haurrek zezensuzkoaren atzealdean dagoen erruleta nahi izaten dute, eta dagoeneko eskatzen hasiak dira. Itxaron zerrenda dugu (kar-kar).
22 urtez borondatez edo auzolanen truke zezensuzkoa emateak meritua badu. Festetan parranda egitearekin bateragarria al da?
Ez, beti adi egon beharra duzulako. Suarekin ezin da jokatu.
Zezensuzko eramaileek piztuko duzue sansaastinetako suziria. Pozik?
Udaletik nik pizteko proposamena egin zidaten. Poztu nintzen, baina eramaile guztiak biltzea bururatu zitzaidan. Juanjo Burillorekin hitz egin nuen, eta gainontzekoekin. Hamaika inguru aritu izan gara, denak mutilak, ea neskaren bat animatzen den!
Erreleborik ba al duzu?
Erreleboa ez bada, bizpahiruren artean txandatzea nahiko nuke, baina momentuz ez da inor animatzen.
Festak modu berezian hasiko dituzu. Ondoren nola ospatuko dituzu?
Oso gogotsu. Sansaastinak abuztukoak baino festa politagoak dira niretako.