Futbola

Nafarroak UEFA-ko Eskualdeen Kopako azken fasea jokatuko du

Guaixe 2026ko urtarrilaren 29a

Unai Zubiria, gorriz, jokaldi batean. NAFARROAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Final laurdenetan Euskadi irabazi eta gero azkeneko faserako sailkatu da, historia eginez. Unai Zubiria lakuntzarra bigarren zatian sartu zen zelaira. 

Bi urtetik behin jokatzen den UEFA-ko Eskualdeen Kopan beste aurrera pauso bat eman du Nafarroako gizonezko afizionatuen selekzioak. Nafarrak historian lehen aldiz sailkatu ziren final laurdenekoetan jokatzeko. Partida atzo jokatu zuten, ilbeltzaren 28an, Agoizko San Miguel Berrian, eta arerioa latza zen, Euskadi. 

Norgehiagoka oso estuan, Nafarroako Ibai Alonsok Euskadiren atea zulatu zuen 43. minutuan, eta atsedenaldira aldeko abantailarekin joan ziren nafarrak. Bigarren zatian bizi-bizi jarraitu zuen partidak. Bingen Begiristainek nafarren bigarren gola sartu zuen 63. minutuan, baina Euskadik minutu bat beranduago gola sartu zuen eta 2-1 hurbildu zitzaion Nafarroari. 67. minutuan Unai Zubiria lakuntzarra atera zen zelaira, Unai Martinez ordezkatzeko. Azken unera arte estu joan zen partida, zabal-zabalik zegoelako, baina Nafarroak ongi eutsi zuen eta, azkenean, 2-1 irabazita, UEFA-ko Eskualdeen Kopako azken fasera sailkatu da, historia egiten jarraituz.

Azken fasean Nafarroaren arerioak Galizia, Kanariar Irlak eta gaur Kataluniak eta Aragoik jokatzen duten final laurdenetako irabazlea izango dira. Lauko finala Espainiako Futboleko Federaziaren Futboleko Hirian jokatuko da, Las Rozasen, oraindik zehaztu ez den datan.