Duela hiruzpalau urte futbola uzteko zorian egon zen Unai Zubiria Garziandia lakuntzarra, baina aurten denboraldi zoragarria darama. Hirugarren mailako Izarra taldearekin bigarren B mailara igotzea da helburua, eta Nafarroako afizionatuen selekzioarekin UEFA-ko Eskualdeen Kopako estatuko azken fasea jokatuko du hilaren azken asteburuan Las Rozasen (Madril).
Lakuntzarra izanik, Lagun Artean hasiko zinen futbolean.
Bai, herriko taldean hasi nintzen, oso gazte, 6-7 urterekin. Ordutik futbolean gabiltza.
Lagun Arteak urte oso gorabeheratsuak bizi izan ditu azken 10 urtetan. 2017/2018 denboraldian preferente mailatik erregionalera jaitsi zen, baina hurrengoan, 2018/2019.ean, preferentera igo zen. 2019/2020 denboraldia pandemiarena izan zen; Lagun Artea sailkapenean bigarrena zenez, Maila Autonomikora igo zen. Bi denboraldi egin zituen bertan, baina 2021/2022.ean preferentera jaitsi zen, eta 2022/2023.ean erregional mailara. Nola bizi izan zenuen?
Lagun Arteako talde nagusian 6-7 urte egon nintzen, eta aipatutako guztia tokatu zitzaidan: igoerak, jaitsierak, ospakizunak, tristurak... Oso gorabeheratsua izan zen. Denetatik bizi izan genuen, momentu onak eta txarrak, baina lagun talde bat ginenez, hala edo nola aurrera egiten genuen beti. Urte politak izan ziren, oroitzapen onak ditut.
Lagun Artean zure azken denboraldia 2022/2023.ekoa izan zen, preferentetik erregionalera jaitsi zinetena. Hurrengo denboraldian hirugarren mailako Bidezarrara joan zinen. Bi kategoria gorago jokatzea goxokia izango zen, ezta?
Azken urte hori zaila izan zen, bai taldearendako eta pertsonalki ere bai. Preferentetik jaitsi ginen; pixka bat erreta bukatu nuen, ilusiorik gabe. Entrenamenduetara jende gutxi joaten ginen, partidetara ere bai... ez nekien futbolean jarraitu edo ez.

Futbola guztiz uztea pentsatu al zenuen?
Bai. Baina uda horretan Noaindik deitu ninduten, Bidezarrara joatea proposatzeko. Aurretik ere beste taldeetara ateratzeko aukerak izan nituen, baina Lakuntzan oso gustura nengoen. Une horretan, ordea, beste egoera batean harrapatu ninduen eskaintzak, pixka bat erreta eta nekatuta. Hirugarren mailan jokatzea goxoki bat zenez, buelta asko eman ondoren herria utzi eta Noainera joan nintzen, hirugarren maila probatzera eta esperientzia bizitzera. Gaur egun erabaki egokia izan zela esan dezaket. Gainera, ordura arte Ingeniaritza ikaslea nintzen Gasteizen eta joan etorrian aritzen nintzen, baina urte hartan ikasketak bukatu eta Altsasun hasi nintzen lanean, beti goizez. Horrek ere bultzatu ninduen taldez aldatzeko erabakia hartzera, egingarria nuelako.
Preferentetik hirugarren mailara pasa zinen, bi kategoria gorago. Zein da aldaketarik nabarmenena?
Fisikoki asko nabaritzen da: abiadura, indarra, erresistentzia... Erregionalean edo preferentean normalean astean bi egunetan entrenatzen da, gehi partida, eta hirugarren mailan hiruzpalau egun gehi partida.
Zer nolako taldea da Bidezarra?
Sekulako sorpresa hartu nuen. Giroa eta jendea ezberdina izango zela uste nuen, hirietakoa, baina Noain, azken finean, Iruñea ondoan dagoen herri bat da, jokalari asko Noaingoak ziren eta Bidezarra beste lagun kuadrilla bat zen, herriek klubarekin duten atxikimendu berezi hori ere bazuena. Oso ongi hartu ninduten, harreman ona egin nuen eta oso gustura sentitu nintzen.
Bi denboraldi egin zenituen Bidezarran. Aurrelari ona zara eta iaz hirugarren mailako pitxitxia izan zinen ia denboraldi guztian.
Ongi hasi nintzen, lehenengo buelta osoan pitxitxia izan nintzen, baina bigarren bueltan behera egin nuen pixka bat, eta taldeak, Bidezarrak ere bai; gehiago kosta zitzaigun. Mutilberako aurrelari batek gainditu ninduen eta hirugarren mailako pitxitxiaren sailkapenean bigarren geratu nintzen, hamalau golekin.
"Izarran amaierara arte borrokatuko dugu igoeragatik. Ilusioarekin gaude"
Aurten beste herri eta talde batera egin duzu salto, 1924an sortutako Lizarrako Izarra klub mitikora.
Iaz denboraldi ona atera zitzaidan. Udan Izarrakoen deia jaso nuen. Talde mitikoa da; azken 11 urteak bigarren B mailan eman ditu, baina iaz hirugarren mailara jaitsi zen. Euren asmoa da aurten denboraldi ona egitea eta ahalik eta azkarren bigarren B mailara itzultzea. Niretako honek aurrera pauso bat ematea suposatzen zuen, Bidezarraren helburua kategorian mantentzea eta Izarrarena mailaz igotzea baita. Beste salto txiki bat ematea zenez, onartu nuen. Gustura nabil, indartsu eta animatuta. Iruñetik furgoneta batean hamabi jokalari inguru joaten gara Izarrara, Oier Aierdi etxarriarra ere bai. Bi sakandar gaude Izarran.
Hirugarren mailako liderra beste talde mitiko bat da, Peña Sport (47 puntu). Hirugarrenak zarete sailkapenean (36 puntu) igoera faseko postuetan. Nola ikusten duzu liga, zein sentsazio dituzue?
Egia da lehenengo itzulia pixka bat kostatu zaigula, taldean jende berri asko gaudelako. Peña Sport, aldiz, oso indartsu hasi zen, ia ez du hutsik egin. Baina gu, gutxika, bagoaz. Azken bi jardunaldiak irabazi ditugu, azkena Uharteren kontra, eta geroz eta hobeki gaude. Oraindik liga bukatzeko partida asko geratzen dira eta gure aukerak izango ditugula uste dugu. Amaierara arte borrokatuko dugu igoeragatik. Ilusioarekin gaude.
Bidezarrakoek zure falta nabaritu dute; jaitsiera postuetan daude.
Oraindik partida asko geratzen dira, eta nik uste buelta emango diotela. Lagun asko ditut bertan.

UEFA-KO ERREGIOEN KOPA
Iaz Nafarroako Futbol Federaziotik deia jaso zenuen, Nafarroako afizionatuen selekzioan parte hartzeko, UEFAko Eskualdeen Kopako Txapelketa jokatzeko. Ilusio handia izango zen, ezta?
Bai, pentsa! Duela hiruzpalau urte ia futbola uztear nengoen eta orain, begira! UEFA-ko Eskualdeen Kopa bi urtetik behin jokatzen da, eta selekzioa iaz hasi zen txapelketa prestatzen. Entrenamenduak prestatu zituzten, eta bertatik jokalari dezente pasa ginen. Gero hemezortzi jokalariri deitu zieten, tartean niri.
Nafarroako afizionatuen selekzioa da; ez dago futbolari profesionalik.
Hori da, afizionatuen txapelketa bat da; bakarrik jokalari afizionatuek joka dezakegu bertan, kontratu profesionalik ez dugunok. Lehen, bigarren eta bigarren B mailakoek ezin dute jokatu.
Lehendabizi herrialde bakoitzak bere ordezkaria hautatzen du. Horretarako, estatuko probintzietako selekzioak lehian zaudete. Taldekako fasean Cantabria, Asturias eta Murtziako selekzioekin tokatu zitzaizuen. Murtziari 0-3 irabazi zenioten eta Kantabriari 0-4. Ederki aritu zinen, partida bakoitzean gol bana sartu zenuelako.
Bai, oso pozik. Multzoen lehen fasean etxean jokatzea tokatu zitzaigun, Agoitzen, eta hori abantaila txiki bat da. Bi partidak irabazi genituen, baina markagailuak ez du egi guztia adierazten, biak partida zailak izan zirelako. Talde oso onak ziren.

Nafarroa lehen aldiz sailkatu zen final laurdenetara. Ilbeltzaren 28an jokatu zenuten final laurdena, noren eta Euskadiko selekzioaren kontra.
Lehen fasean gure multzoko lider izan ginenez, final laurdena etxean jokatu genuen. Partida gogorra eta zaila izan zen, Euskadiko selekzioak talde oso ona duelako. Dezente sufritu genuen. Bi goleko abantaila lortu genuen, baina amaiera aldera gol bat sartu ziguten, eta bukaerara arte sufritu genuen. Agoitzen jokatzean, jende asko zegoen gu animatzen, lagunak ere bai, eta guztion laguntzarekin markagailua mantentzea lortu genuen. Sekulako garaipena izan da, lorpen handia, oso pozik gaude.
"Katalunia, Galizia eta Kanariar Irlak, ze hiru talde puska! Zaila, baina gure aukerak baditugu"
Historia egin duzue eta azken fasea jokatuko duzue Las Rozasen, Espainiako Futbol Federazioaren Futbolaren Hirian. Galizia, Kanariar Irlak, Katalunia eta Nafarroak jokatuko duzue azken fase hori.
Otsailaren azken asteburuan jokatuko da azken fasea, otsailaren 27an eta 28an finalerdiak, eta martxoaren 1ean finala. Zozketak erabakiko du noren kontra jokatuko dugun finalerdia. Faboritorik ote dagoen? A ze hiru talde puska, Katalunia, Galizia eta Kanariar Irlak. Biztanle kopurua begiratuta Nafarroa baino askoz ere handiagoak dira, beraz futbolariak hautatzeko aukera gehiago dute. Milaka jokalari izango dituzte, eta hori jokalarien mailan nabarituko da, nik uste. Edozein talde tokatuta ere zaila izango da, baina orain arte ere horrela pentsatzen genuen eta gure aukerak izan ditugu, eta, aizu, zergatik ez?
Jakina! Nafarrek garra dugula suposatzen da, eta inoiz ez dugula amore ematen.
Hala da (kar-kar). Hilabete hau berezia izango da. Izarrarekin hirugarren mailako ligan ariko naiz, eta aldi berean Nafarroako afizionatuen selekzioarekin azken fasea prestatuko dugu. Datorren bi asteazkenetan entrenatuko dugu.
Azken fasea irabazten baduzue, Nafarroak UEFA-ko Eskualdeen Kopa jokatuko du Europako gainontzeko selekzioekin. Aldi berean, Izarra Bigarren B-ra igotzen bada, hori guztia litzateke...
Urte borobila, sekulakoa! Baina hankak lurrean izan behar ditugu. Poliki-poliki. Ez da erraza izango, baina ea noraino iristen garen.
Oraindik asko gelditzen zaizu, baina zure futbol ibilbidea Lagun Artean despeditzea nahiko zenuke?
Bai, futbola utzi aurretik gutxienez urte batzuk herrian jokatzeko asmoa dut. Gainera, Zelai Berrin belar artifiziala jarriko dute. Asmoa hori da, Lagun Artean erretiratzea.
"Duela hiru urte ia futbola uztear nengoen eta orain, begira!
