AHT ibilbide proiektua

AHT egitasmoari alegazioak aurkezteko garaia

Guaixe 2026ko otsailaren 11

Lakuntza ugari elkartu zen batzarrean. UTZITAKOA

Horretarako aukera erraztu du udalak.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlana jendaurrean dago. Hori dela eta, Lakuntzako Udalak eta Sakana Trenaren Alde plataformak batzarra deitu zuten otsailaren 5ean. Makina bat lakuntzar elkartu ziren kultur etxean. Oihane Uribeetxeberria Garmendia alkateak eta plataformako kide batek ibilbidearen eta hark sortuko lituzkeen eraginen berri eman zuten

Gogorarazi zuten egitasmoa bertan behera uzteko alegazioak aurkez ditzaketela bai pertsonek, bai erakundeek baita elkarteek. Alegazioak aurkeztu nahi dituenak liburutegitik pasa daiteke astegunetan 16:00etatik 20:00etara. Han jaso dezake inprimakia. Alegazioak aurkezteko epea martxoaren 6an despedituko da. Batzarrean dagoeneko alegazio batzuk jaso zituzten. Han lakuntzarrak alegazioak betetzera gonbidatu zituzten. 

Batzarrera joan ezin izan zuenak, udaletxeko batzar gelan AHT egitasmoaren planoak kontsultatzeko aukera izanen du otsailean: astegunetan 10:00etatik 14:00etara, larunbatean 18:30etik 20:30era eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara.