Uriz kaleari perpendikularra da Kamiosgain kalea. Bien bat egiten duten tokian plaza txiki bat dago. Haren izena Elvira Turumbay Sainz plaza da. Hala erabaki zuen Lakuntzako Udalak otsailaren 18ko bilkuran. Oihane Uribetxeberria Garmendia alkateak azaldu duenez, “plazatxoa egin zenean (2022an) hari izena jartzeko ideia izan zuen udalak. Turumbay emagin ezaguna izan zen, ez Lakuntzan bakarrik, Sakanan ere bai. Jakinduria handiko emakumea izan zen. Plazatxoari bere izena emanez, egin zuen lan guztia aitortu eta haren izena gorde nahi izan dugu”.
Alkateak azaldu duenez, “lakuntzar gutxik dute emakumezko horren berri. Haren laguntzarekin jaiotako lakuntzar pila bizi dira oraindik; 70 urtetik gorakoak, etxean jaio zirenak. Etxe horietan oraindik presente egonen da. Baina belaunaldi gazteagoen artean ez da hain ezaguna”. Emakumezko erreferente bat dela aipatu du Uribetxeberriak. “Gaiari heldu diogu Lakuntzako Bilgune Feministak genuen ideia gauzatzeko eskatu zigulako”.
Martxoaren 8an, igandea, 13:00etan, mustuko dute plaza. “Turumbayri omenaldi txiki bat eginen diogu”. Ekitaldi hori baliatuko dute “isilpean gelditu diren edo aitortzarik izan ez duten emakumezkoak omentzeko”. Alkateak gogorarazi du udal liburutegiak eta Lakuntzako Bilgune Feministak emakume lakuntzar erreferenteak ikusarazteko ekimena martxan dutela.

Elvira Turumbay Sainz. UDALA
Biografia laburra
Turumbay 1891n jaio zen. Birramona, amona eta ama emaginak ziren. Beraz, pentsatzekoa da amonak lagunduko zuela bere erditzean. Ezkondu eta zazpi seme-alaba izan zituen. Turumbayren amak 14 erditzetan lagundu zuen. Baina salatu egin zuten eta bitan epaitu zuten. Hiru urteko arrastatzea ezarri zioten. Ordurako Turumbay ere emagina zen. Antza, herriko medikuak ikastea eta titulua ateratzea proposatu zion, horrela amaren ardura bere gain hartzeko.
Senarrak ez zion ikastera joateko trabarik jarri eta, 33 urte zituela, ikastera joan zen. Urte eta erdi eman zuen Iruñean eta Zaragozan ikasten. Praktiketan lasai zebilen, teoriarekin, ordea, nahiko lan omen zuen. Zaragozan egin zituen azken ikasketak. Azterketaren egunean, azterketa teknikoaren beldur, Lourdesko Andre Mariaren kaperako mezara joan eta jauna hartu zuen. Ondorioz, azterketara berandu iritsi zen, baina irakasleek azterketa eginarazi zuen. Lehenengo saiakeran gainditu zuen.
Kargua 1929an hartu zuen, 38 urterekin, eta ordutik Arruazu, Lakuntza eta Arbizuko titularra izan zen. Gutxi gorabehera 1.500 erditzeetan lagundu zuen Turumbayk. Ez bakarrik hiru herri horietan, aldamenekoetan ere: 2 Irañetan, 12 Uharte Arakilen, 10 Unanun, 2 Dorraon, 2 Lizarragabengoan eta 4 Etxarri Aranatzen eta pasan ibiliko ziren 12 ijitorena. Erditzeen ondoren emakumezkoei atseden hartzeko aholkatzen zien. Aralarko guardetxeko bi erditzetan ere lagundu zuen. Haietako bat bere bosgarren semea jaio eta hogei egunera izan zen. Oinez igo zen, bakarrik. Halakoetan senarraren oinetakoak janzten zituen. Erabateko dedikazioa zuen. Erditze batean laguntzeagatik bere alabaren ezkontza galdu zuen.
Titular gisa hilean 500 pezeta (3 euro) kobratu behar zituen hilean. Baina, antza, “ez zegoen dirurik”. Hori dela eta, titularra zen herrietan erditze bakoitzean laguntzeagatik 25 pezeta (0,15 euro) kobratzea adostu zuen medikuarekin. Gainerako herrietan 50 pezeta (0,30 euro) kobratzen zituen. Kopuruak urtez urte igo eginen ziren. Azkenean, 1952an, 61 urterekin, titular gisa zegokiona kobratzen hasi zen. Hala ere, jakina da Turumbay erditze askorengatik ez zuela kobratu.
Jubilatu zela, Sortzez Garbiaren egunez, abenduaren 8an, omenaldia egin zioten Lakuntzan. 07:30ean aurorak kantatu zituzten. Ondoren, 11:30ean, meza izan zen. Eta, despeditzeko, jaialdia egin zen udal zineman (egungo kultur etxean). Han urrezko domina bat jaso zuen oroigarri gisa.
Bestetik, Ana Maria Echaide Itartek Nafarroako euskararen egoera aztertzeko inkesta linguistikoak egin zituen 1965etik 1967ra. Lan haren helburua zen Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa egiteko materiala lortzea. 300 galdera pasatxoko galdetegia zen. Lakuntzako euskalkiren berri jasotzeko Echaidek Turumbayrengana jo zuen. 73 urte zituela izan zen hori, 1966ko azaroaren 5ean.