Astekaria

"Arerioen xehetasunak agerian jartzea da nire lana"

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 11

Asier Arregi, ezkerrean, Oier Gastesi atezain altsasuarra alboan duela.

Arenas Club Getxoko Jon Erice entrenatzailearen konfiantzazko analista da Asier Arregi lakuntzarra. Arerioak ongi aztertzeaz gain, etxeko futbolariek lana ongi egiten duten aztertzen du. 

Asier Arregi lanbidez postaria da, baina futbolari lotuta ibili da beti. Etxarri Aranatzen eta Lagun Artean futbolari izan zen, "baina oso iaioa ez nintzenez, Ioseba Bakaikoari Laguneko kimuen taldean laguntzaile izatea proposatu zidaten. Gustua hartu nion, eta ordutik nabil" dio. Entrenatzaile titulu guztiez gain, kirol zuzendariko titulua du, eta, egun, analista da. 

2020an  Australian zeunden, Futbol Club Barcelonako Brisbaneko futbol akademian entrenatzaile.
Akademia bat zenez, ez zen Barcelonako metodologia guztia lantzen, baina zati bat bai. Bertan egoteak asko lagundu ninduen entrenamendu ariketak eta metodoak ikasteko. Pandemia zela eta, Lakuntzara bueltatu eta postari lana sortu zen; ordutik hala nabil, goizez postari eta arratsaldetan futbolean. 2020an Lagun Artean aritu nintzen laguntzaile; Mutilveran partidak bideoz grabatzen hasi nintzen, baina Jon Erice entrenatzailea iritsi zenean taldeko analista izatea proposatu zidan. Ez nuen esperientziarik, baina animatu eta ikastaroak egiten, jendea entzuten eta modu autodidaktan bideoak editatzen hasi nintzen. 

Zer egiten du analista batek?
Gure funtzioa, berez, aurkariak aztertzea da. Aurkarien bideoak behatuta laburpen bat prestatzen dugu, aurkarien jokoa, hutsune nagusiak, jokalari bakoitzaren lana... jasotzen duena. Gure jokalariek bideoa ikusten dute eta entrenatzaileari ere balio dio, estrategia prestatzeko. Bestalde, gure taldea aztertzen dugu; jokatutako azken partida behatzen dugu, aurreko astean zehar landutakoa aurrera eraman den edo ez ikusteko. Taldeak bideoa ikusten du, jokoa hobetze aldera.

Jon Ericerekin hasi zinen analista.
Bai. 2023an Mutilverarekin denboraldia amaituta, 2. RFEF mailako Manchego Ciudad Real taldean hasi ginen; taldearen arazo ekonomikoak medio, 1 REFF mailako Rayo Majadahondara joan ginen. Bitartean, Jose Luis Satrustegi entrenatzaile uhartearraren deia jaso nuen, Nafarroako 17 urtez azpiko nesken selekzioan berarekin bigarren entrenatzaile izateko. Iaz Nafarroako nesken selekzio guztietarako lan egitea eskaini zidaten federaziotik, jokalarien jarraipena egiteko: jokalariak zelaian ikusi, eta federaziora bideoak eta txostenak bidaltzea. Gustura nengoen, baina Erice 2025/2026 denboraldirako Arenas Club Getxoko entrenatzaile gisa kontratatu zuten, eta analista gisa joatea eskatu zidan. Eta hantxe gaude. Batzuetan online aritzen naiz, baina ahal dudanean entrenamenduetara joaten naiz, politena eguneroko lan horretan staffarekin eta jokalariekin harreman zuzen hori izatea delako. 

Arenas Club Getxo talde historikoetako bat da. 1909an sortua, 1928an ligako fundatzaileetako bat izan zen. Iaz mailaz igo, eta 1 RFEF mailan dago. Helburua kategoriari eustea da?
Gure lehenengo helburua taldea 1 RFEF mailan uztea da, eta gero gerokoak. Egunero lana egitea eta pixkanaka aurrera joatea da gure filosofia. Ligako gainontzeko taldeek (Tenerife, Celta, Athletic B, Real Madrid-Castilla, Barakaldo, Unionistas Salamanca, Osasuna B...) guk baino baliabide handiagoak dituzte, baina hor dago aurtengo erronkaren xarma, batzuetan Davidek Goliati irabazten baitio. Aurten Real Madrid-Castilla eta Athletic B mendean hartu ditugu, eta horrek sekulako poztasuna ematen du.  

1 RFEF mailan hamahirugarren zarete (33 puntu) jaitsiera postuetatik 5 puntura. Salbazioa lortu arte partida bakoitza final bat da?
Ez nuke final hitza erabiliko; partida garrantzitsuak dira. Berriki Barakaldoren kontrako derbia genuen, erronka polita guretako, Hemen asko bizitzen dute derbia, irabazi genuen, eta beheko postuak atzean uzten hasi gara. Oso pozik gaude. 

Athelic B izan zenuten aurkari martxoaren 8an Lezaman. Halakoetan Arenaseko zaleek noren alde egiten dute?
Athletic-en eragina zenbatekoa den bertara etortzen zarenera arte ez duzu ikusten. Beste mundu bat da. Arenaseko zale gehienak lehen mailan Athletic-ekoak dira, baina 1 RFEF mailan Arenasekoak. Sakanan Osasunarekin gertatzen den antzera. Hortaz, martxoaren 8an Arenas animatuko dute. 

Arenas Club Getxora iritsi eta Oier Gastesi atezain sakandarrarekin topatzea berezia izango zen.
Bitxia izan zen, kasualitate polita; taldean sakandar bat izateak beti ilusioa egiten du. Futbolari sakandarren ibilbidea jarraitzea beti gustatu izan zait, eta Oier aspalditik jarraitzen nuen. Lehenengo aldiz Lakuntzan ikusi nuen, parkeko txapelketa batean. Oierrek potentziala du; Athletic-en horrenbeste urte egotea eta lehenengo taldearekin entrenatzen egoteak zeozer esan nahi du. Bere lehenengo esperientzia da Athletic-etik kanpo, baina Arenasen utzita jokatzea hobetzeko erronka gisa hartzen ari da, eta hori da garrantzitsuena. Lagapenak jokalariak jokoan eta izaeran garatzeko erronkak dira. 

Taldea nola ikusten duzu? 
Oso ondo. Jokalariek ondo entrenatzen dute, partidetan dena ematen dute eta animoz ongi daude. Azken hau gure lanaren parte ere bada. Jokoari garrantzi handia ematen diogu: eguneroko lana ona da, partidetan eskatutakoa egiten dute eta hau da jarraitzeko bidea. 

Entrenatzaileek analisten lana oso kontuan hartzen dute entrenamenduak prestatu eta jokalariak bideratzeko?
Bai. Entrenatzaileak partida guztiak ikusten ditu, baina nire lana taldeen xehetasun txiki horiek, ihes egin ezin dutenak, agerian jartzea da; perspektiba bat ematea. Alde horretatik, analisten lana oso garrantzitsua da. Futbolean lan mota guztiak egin ditut: entrenatzaile, bigarren entrenatzaile, analista... ez dira berdinak, baina analista oso lan polita da. Nire izaeragatik, analista nire lana dela uste dut; ongi defendatzen naiz. Futbolarekiko ilusioa baldin badago, beti sor daitezke halako aukerak, eta ildo honetan, futbolean dabiltzan entrenatzaile gazte sakandarrak animatu nahi nituzke: entrenatzen segi dezatela, egiten duten lana oso garrantzitsua delako eta bidean analista bezalako erronka politak iristen direlako. 

1 RFEF mailan gogotik bidaiatzea tokatzen zaizue.
Bai, futbolak inoiz espero ez nuen tokiak ezagutzera eraman nau, eta lagun asko egiten dira. Futbolak gauza polit asko ditu. Esaterako, bere garaian entrenatutako gaztetxo bat zu agurtzera etortzea saririk politena da niretako. Detaile txiki horiek garrantzi handikoak dira. 

Erlazionatuak