Lakuntzako Udalak baso lanak emateko deialdia egin du, itxiturak berritu eta bide bazterrak garbitzeko lanak hain zuzen ere. Egin beharrekoak 75.099,10 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Egitekoa bere egin nahi duen enpresak eskaintza martxoaren 30eko 14:00ak arte aurkez dezake. Kontratua bereganatzen duen enpresak hiru hilabete izanen ditu lanak despeditzeko.
Itxiturak bi tokitan berritu nahi ditu Lakuntzako Udalak. Bata beheko basoan dago, herritik gertu, han itxitura kendu eta berria jarriko da, eta zati batean mantentze lanak eginen dituzte. Beste itxitura Arnatz parajean dago. Guztira 990 metro itxitura kenduko dira, 1.225 metrotan itxitura berria jarriko da eta itxiturako 7.354 metrotan mantentze lanak eginen dira.
Bestalde, baso garbiketak ere bi tokitan eginen dira. Alde batetik, San Saastin ermitarako bidearen bazterrak sasiz garbituko dira (3.308 metro karratu). Bestetik, beheko basoko Metei parajean zuhaitzak landatu ziren eta, orain, mantentze garbiketa eginen da (1,18 ha).