Astekaria

"Lehen garaipena, eta Gorlan. Oso pozik nago"

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 23a

Aimar Tadeo, helmugan. EQUIPO CORTIZO

Equipo Cortizon dabilen Aimar Tadeo Arkauz txirrindulari lakuntzarrak afizionatuen lehen garaipena lortu du Bergarako Gorlako Igoera ezaguna irabazita.

Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarra aurretik Euskadi Fundazioan eta Finisher taldeetan aritu zen, baina aurten Equipo Cortizo Kantabriako taldean ekin dio afizionatuen bere laugarren denboraldiari, eta nola, gainera. Igandean LI. Gorlako Igoera jokatu zen Bergaran (116 km), bigarren mailako Gorla bitan, eta bigarren mailako Azkarate gaina eta Asentzio gaina gainditu beharreko proba gogorra. Lakuntzarrak Elgetan gora jo zuen erasoa eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (3:16), afizionatuen mailako bere lehen garaipena lortuaz. Tadeok 13 segundo atera zizkion Iker Perez bigarrenari (Rural Kutxa-Alea). Aurten afizionatuetan debutatu duen Ekain Imaz altsasuarra (Finisher) 67. iritsi zen. 

Aimar Tadeo Arkauz pozarren azaldu zen Txirrindulariak hedabideko mikrofonoen aurrean. 

Gorlako Igoera irabaztea berezia da, eta hala izango da zuretako.
Bai, afizionatuen mailan nire lehenengo garaipena da, eta hemen, gainera, Gorlan. Oso pozik nago. Lasterketa hau eta garaipen hau nire arrebarentzat da. 

Eguraldi gogorra eta hotza izan duzue, desatsegina. Nola joan da lasterketa?
Badakigu non bizi garen, hau ez da aparteko eguraldia. Euria izan dugu lasterketa guztian barna, baina niri egun hauek ez datozkit gaizki; halakoetan ongi aritzen naiz. Lasterketan barna sentsazio onekin ikusi dut neure burua, eta ongi joan da. 

Elgetan gora erasoa jo eta alde egin duzu. Nolakoak izan dira kilometro horiek? Gorlak beti errespetua ematen du, baina gaurko ibilbideak, horrenbeste mendaterekin, urrutiko erasoak probatzeko aukera ematen zuen.
Bai. Gorlako lehenengo jaitsieran jendea beldurtu samar zebilela ikusi dut, edo hori iruditu zait. Elgetan gora, 100 metro falta zirenean jo dut erasoa. Jaitsieran Galder eta ni neu beste txirrindulari batekin joan gara. Momentu horretan burutik pasa zait ea nora nindoan ni bakarrik, baina metro batzuk hartu ditut eta, azkenean, Gorlara kronoigoera bat izan da. 

Kronoigoera bat, baina atzetik tropelaren joa sentituko zenuen.
Bai. Hasieran beldurrarekin nenbilen, ea atzetik etorriko ziren edo ez, baina helmugarako 2 kilometroren faltan sentsazio onekin sentitzen nintzen, eta goraino.

Merezitako garaipena, zorionak!
Eskerrik asko!