AHT ibilbide proiektua

AHTren azterlanari 6.850 alegazio aurkeztu dizkiote

Guaixe 2026ko martxoaren 31

Jasotako alegazioen berri emateko egindako agerraldia.

Plataformak adierazi zuenez, "proiektu txikitzaileari aurre egiteko, herritarren eta lurraren aldekoak" dira alegazioak, baita "betiko trena gaurkotu, hobetu eta zerbitzuen maiztasuna handitzearen alde". Adierazi dutenez, alternatiba "erabat gauzagarria, egingarria eta errealitateari lotua dagoen tren alternatiba baten alde".

Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministeriok Iruñea-Altsasu Abiadura Handiko Trenaren (AHT) azterlana jendaurrean jarri zuen. Hari herritarrek alegazioak aurkezteko epea martxoaren 27an, ostiralean, despeditu zen. Sakana Trenaren Alde plataformak jakinarazi duenez, "aurkeztu diren 6.850 alegazio zenbatu ahal izan ditugu, baina badakigu norbanakoek eta hainbat eragileek beste ehunka ere aurkeztu dituztela, bai telematikoki bai beste erregistro batzuen bidez". Gogoratu zuten ere Itzako Aldaba, Aritz eta Otxobiko Kontzejuek, Sakanako hamalau udalek eta Aralarko Elkarteak ere alegazioak aurkeztu dituztela. 

Plataformako kideek gaztigatu zutenez, "pairatzen ari garen krisi ekosozial larri honetan, AHT proiektu zaharkitua da dagoeneko. Modernitatearen zutabe bezala saltzen diguten tren azkar horrek ez ditu gaur egungo erronkei aurre egiteko balio: ez ditu mugikortasun arazoak konpontzen; ez du lurraldea kohesionatzen edo saretzen; landa eremuaren despopulazioa bizkortzen du eta hiri handiak handiagotzen ditu soilik; ingurumenari kalte izugarria eragiten dio oreka ekologikoa kaltetuz, ur iturburuak ihartuz, pasabide naturalei hesi berri bat ezarriz, lur mugimendu itzelak eraginez eta hondakindegiak sortuz eta gehien erabiltzen diren tren zerbitzuak kinka larrian daude (aldiritakoak, eskualdetakoak, ibilbide ertainekoak) AHTak diru partida gehienak jasotzen dituelako".

AHTren aurrean alternatiba badagoela nabarmendu zuten: "gure herriak uztartuko dituen tren bat behar dugu. Pertsonaz aparte, salgaiak mugituko dituen tren zerbitzu eraginkor bat behar dugu. Gure herriak eta eskualdeak eta hauek hiriburuekin lotuko dituen trena behar dugu eta ez hiri oso handiak besterik lotuko dituen AHT. Bidaiariak soilik mugituko dituen AHT". Nabarmendu dutenez, "AHT lurraldea egituratzeko erabili den betiko trena deuseztatu eta hilzorira eramaten du, zerbitzuak desagerraraziz eta dagoeneko antropizatua zegoen azpiegitura hau abandonatu eta ingurumenari kalte larriak eragiten dion AHT azpiegitura berri bat eginez". Horregatik, "AHTaren aurrean tren publiko eta sozial bat aldarrikatu" zuten. 

Sakana Trenaren Aldeko ordezkariek azaldu zutenez, "lan eskerga eta bikaina burutu dugu hainbat eragile eta udalen artean elkarlanean". Bestalde, "alegazioak mugitzen eta jasotzen ibili zareten guztioi ere zorionak eta eskerrik asko". Azkenik, plataformako kideek "lanean eta borrokan jarraitzera" hots egin zuten.