Udalak langabe bat kontratatuko du

Guaixe 2026ko apirilaren 14a

Lakuntzako udaletxea. ARTXIBOA

Apirilaren 15era arte aurkez daitezke eskaerak.

Herriko hiri altzariak berreskuratu eta berdegune publikoak eraberritzeko lanak egiteko, Lakuntzako Udalak langabezian dagoen pertsona bat kontratatu nahi du. Kontratatutako pertsonak langile laguntzaile gisa lan eginen du sei hilabetez eta D mailako soldata izanen du. Udalak euskara mintzatuko B2 maila eskatu du, baina baldintza ez da baztertzailea izanen. 

Lakuntzako Udalak kontratazioa egiterakoan kontuan izanen dituen irizpideak lau izanen dira. Batetik, hautagaiek gutxienez %33ko desgaitasuna egiaztatua izatea, genero indarkeria biktima den emakumezkoa izatea, Babes Sistematik datozen eta autonomia prozesuetan dauden 18 eta 21 urte arteko gazteak eta 55 urtetik gorako pertsonak izatea. Bestetik, 55 urtetik beherako emakumezkoak izatea. Gainera kontuan hartuko da 45 eta 54 urte arteko gizonezkoak izatea, edo 30 eta 44 urte artekoak, beti ere iraupen luzeko langabeak badira. Eta, azkenik, aurreko kolektiboetakoak ez diren gizonezkoak ere sartzen dira. Baremazioan berdinketarik balego langabezian denbora gehien daraman pertsonaren alde eginen da. Eta hala ere berdinketa mantenduko balitz, zozketa publiko bidez ebatziko litzateke. 

Kontratazioa egiteko, Lakuntzako Udalak Nafar Lansareren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, laguntza izanen du.