24. Korrika

"Garrantzitsua delako parte hartzea eta euskara laguntzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko apirilaren 16a

Gazte kuadrila ederra elkartu zen Biltokiren lekuko hartzean.

Ioritz Eskudero Ganboa eta Gaizka Sagarzazu Ibarguren, Lakuntzako Biltoki gaztetxea.

Lakuntzako Biltoki gaztetxeak aurten 58 urte bete ditu. Elizaren atzeko elkarteak urteak daramatza, beraz, gazte lakuntzarrak biltzen. Urteurrena ospatzeko "apirilaren 11n sekulako festa" antolatu zuten Biltokin eta Lakuntzako plazan. Goizean Lakuntzako kalba joko tradizionalean aritu ziren nahi zuten guztiek. Bazkaria, gurdi-poteoa eta graffiti tailerra izan ziren. Eguna despeditzeko kontzertu apartak antolatu zituzten.

Korrikaren leloa 'Euskara gara' da. Nola zarete zuek euskara?
Normalean kostatzen zaigu euskaraz hitz egitea, baina hitz egiten dugu gure artean. Orain arte lekuko hartzea Lakuntzako Pertza elkartearekin batera hartzen genuen, erdibana. Baina aurten ikusi dugunez laguntza gehiago emateko prest geundela, nork berea hartu du.

Lekuko hartzea erosteko zer egiten duzue Korrika bazkari edo afariren bat?
Urtean zehar hainbat ekintza egiten ditugu eta diru horrekin ekimen hauetan parte hartzen dugu.

Zergatik erabaki duzue Korrikan parte hartzea?
Euskararen alde egiteko, garrantzitsua delako parte hartzea eta laguntzea, euskara, badirudi, beherantz doala. Beraz, lagundu beharrekoa da.

Zer sentitzen duzu Korrikan parte hartzean?
Oso sentsazio ona, laguntzearekin eta parte hartzearekin. Azkenean 50 pertsona gabiltza hemen gure lekuko hartzean, eta momentu ona da.

Euskararen aldeko zein lelo gustatzen zaizu gehien?
Leloak oihukatzen ditugu, jakina, gazteria beti topera. Gehien gustatzen zaiguna? Guretako denak.

Korrikaz aparte, zer gehiago behar du euskarak?
Egunerokotasunean gehiago hitz egitea, ikastolei laguntza ematea, txikiei irakastea eta euskaraz hitz egitea...

Zer ematen dizu Korrikak?
Izugarrizko emozioa. Egun oso ona da. Indarra ematen du.