1. Nola hasi zineten epoxi erretxinazko koadroak egiten?
Neguak luzeak dira, eta epoxi erretxina probatzearren, koadro bat egin nion Egoitzi. Gustatu zitzaion, eta ordutik biak hasi ginen elkarrekin, aisialdi gisa. Berak landu nahi duen argazkia aukeratzen du, beharrezkoa den erretxina kalkulatzen laguntzen dit, leuntzailea pasatzen lagundu... Egoitzek garun paralisia du eta psikomotrizitate fina lantzeko primerakoa da.
2. Paralisiak zertan eragiten dio?
Hitz egiterakoan, bereziki. Hitz solte batzuk esan ditzake, baina txikitan zeinu hizkuntza irakatsi genion, eta hobeki moldatzen da horrela. Lagunekin, bere modura, komunikatzen da.
3. Zenbat denbora daramazue Lakuntzan bizitzen?
Hiru urte. Berriozartik etorri ginen. Herri txiki batean bizitzeak autonomia gehiago eman dio. Ongi egokitu da; bizikleta hartzen du, lagunekin parkera joateko; nahiko autonomoa da.
4. Nola sortu zen Sorginak tabernan erakusketa egiteko ideia?
Erretxinarekin probatzen hasi ginenean, botilen kristalak erabiliz koadro batzuk egin genituen. Sorginak eta Kale Txiki tabernei eskatu genizkien botilak, eta ordainean koadroak egin genizkien. Sorginakeko Josunerekin hitz egiten sortu zen erakusketa prestatzeko ideia.
5. Sorginak-en dauden koadroak epoxi erretxinazkoak dira, baina batzuek 3D inprimagailuan egindako irudiak dituzte txertatuta.
Alabak diseinua ikasi zuen eta 3D inprimagailuarekin probatu nahi zuen. Inprimagailua erosi, eta probak egiten hasi ginen gu ere bai. Horrela, 3D elementuak txertatu dizkiogu koadroei: Ghostbusters kartelari mamuaren irudia, Tiburon filmaren kartelari marrazoaren 3D irudia, New Yorkeko eskailerako irudi famatuari Star Wars pertsonaien irudiak... Halakoak. Egoitzi izugarri gustatzen zaizkio film horiek, eta horregatik aukeratu zituen erakusketarako prestatzeko. Osasunaren eta Barçaren armarriak ere bai. Hauei atzetik argia jarri genien. Halo antzeko efektua egiten du eta oso polita geratzen da.
6. Zaila da epoxi erretxinarekin lan egitea?
Badu berea. Epoxia bi osagai dituen erretxina da, errexina bera, eta gogortzailea. Nahi duzun irudi edo argazkia hartzen duzu, eta errexina kapa jarri behar diozu gainean. Ispilu efektua egiten du. Gero gogortzailea, eta azkenean leuntzailea pasa. Guk 3D elementuak sartzen dizkiogunez, zulotxo bat egin behar da, kontu handiz, elementua itsasteko. Material nahiko delikatu eta garestia da. Horri sartu behar dituzun orduak gehitu behar dizkiozu. Koadro hauek bereziak dira; gustuko dituzu hala ez. Ez dago erdibiderik.
7. Erakusketa ikusterakoan zer sentitu duzue?
Egoitz pixka bat lotsatu egiten da. Aldiz, Budimirri koadroa oparitzerakoan ez zen lotsatu.
8. Osasunako jokalariari?
Bai. Egoitzek Osasuna Genuinen jokatzen du, talde inklusiboan. Astearte eta ostegunetan doa Taxoarera. Budimirren koadro bat egin genuen eta Osasunako beteranoen ekitaldi batera gonbidatu gintuzten koadroa Budimirri emateko. Hor lasai egon zen, Budimir aurretik ezagutzen zuelako, Taxoaretik. Orain Victor Muñozen eta Ruben Garciaren koadroak prestatzen ari gara, beraiei oparitzeko.
9. Lakuntzako erraldoiak eta pikota 3D formatuan egin dituzue.
Bai, Lakuntzako konpartsakoa naiz. Lakuntzako erraldoiak 3 dimentsiotan egin nahi genituen. Probatu eta ongi atera ziren, eta pikota ere bai. Orain Irurtzungo erraldoien proba egiten ari gara.
10. Izan ere, hau zaletasunetik jaio zen, baina ezaguna egiten ari da eta enkarguak jasotzen hasi zarete.
Gertukoen eskariak jasotzen hasi ginen: "egingo didazu koadro hau, 3D-ko irudi hau"... Guztia bideratzeko Neokstudio webgunea sortu dugu; ingurukoen eskaerak dira bereziki.
11. Noiz arte egongo da Sorginak-eko erakusketa?
Beraiek nahi duten arte. Koadroak erakusketarako prestatu genituenez, litekeena da koadroak zozketatzea edo halako zerbait egitea. Ikusiko dugu.