Txirrindulariak

Aimar Tadeo, lehen euskalduna Valenciaga Memorialean

Guaixe 2026ko maiatzaren 5a

Aimar Tadeo, Valenciaga Memorialean. EQUIPO CORTIZO

Equipo Cortizo taldeko lakuntzarra laugarren sailkatu zen sailkapen orokorrean.

Maiatzaren 3an afizionatuen mailako 55. Valenciaga Memoriala jokatu zen Eibarren, Espainiako Koparako baliagarria. Lasterketak 159 km zituen eta sei portu (Itziar, Meagas, Elgeta, Areitio, Ixua eta San Miguel), azkena helmugarako 12 kilometroren faltan. Zenbait ihesaldi saiakera izan ziren, baina ez zuten aparteko fruiturik izan, tropelak lasterketa kontrolatu zuelako. 

San Miguel Gainean Fimone Galbusera (Finisher) ihes eginda zegoen, baina Nil Aguilerak (Rural Kutxa-Alea) gidatutako taldetxoak harrapatu zuen. Euren arteko erasoaldien ondoren azkenean boskote bat geratu zen aurrean eta euren arteko esprint estuak erabaki zuen lasterketa. Foto finish-a aztertuta, Vicent Zaragoza (Natural Greatness) izan zen irabazlea (3:45:01) Daniel Ceparen (Rural Kutxa-Alea) aurretik. Aimar Tadeo lakuntzarra (Equipo Cortizo) laugarren sailkatu zen, denbora berean. Ekaitz Perez olaztiarra (Hostal Latorre Ederlan) 95. sailkatu zen, 10:13ra.

Aimar Tadeok lehen euskaldunaren saria eta maillot berdea eskuratu zituen. Talde onena Finisher izan zen. 

Bezperetan, Santikutz Klasikoa
Maiatzaren 1ean Espainiako Koparako baliagarria den 92. Santikutz Klasikoa jokatu zen Bergaran, afizionatuen mailako lasterketa mitikoa (141 km, 11 portu puntuagarri). Hasieratik erasoak izan ziren, 2 minutuko aldea atera zuen ihesaldi bat tartean, baina tropelak denak bertan behera utzi zituen. Helmugarako 12 kilometro baino lehenago zegoen Gabiria portuan Iker Perezek (Rural Kutxa-Alea) eta Vicent Zaragozak (Natural Greatness) aurrera egin zuten, Igor Iriarterekin (Grupo Eulen) eta Emilio Garciarekin (Finisher). Iker Perezek erasoa jo zuen eta Rural Kutxa-Aleakoa bakarrik iritsi zen helmugara (3:321:42). Bigarren Vicent Zaragoza izan zen, 37 segundora. 

Aimar Tadeo 33. sartu zen, 1:52era. Mendiko sailkapenean bigarrena izan zen lakuntzarra.