Herria garbitzeko, auzolana

Guaixe 2026ko maiatzaren 12a

Lakuntzarrak auzolanean. UDALA

Herria txukun mantentzea denen ardura dela nabarmendu du udalak. 

Makina bat lakuntzarrek auzolanean parte hartu zuten larunbatean, maiatzaren 9an. Herria txukun uzteko hainbat lan egin zituzten: industrialdeko errepideko bide bazterrak eta ezpondak garbitu, espaloietan dauden zuhaitzen oineko txorkoetatik belarrak kendu, espaloietan sortutako belarrak kendu, hiri altzariak konpondu edota bernizatu, lore ontziak jarri eta abar. Parte hartzaileendako udalak auzatea eskaini zuen. 

Lakuntzako Udalak adierazi duenez, "orain ere, denon ardura da herria zaintzea: kaleak garbi mantendu, ingurunea errespetatu. Guztion artean gure herria zaindu dezagun egunero".