Astekaria

"Lakuntza Aralar eginda, nire bizitzan beste pauso bat eman nuela sentitu nuen"

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 28a

Ricardo Palacios Andueza 2025eko Lakuntza Aralar lasterketako helmugan. ARTXIBOA

Lakuntzako Ricardo Palacios abeltzainak herriko mendi lasterketa 2023an egin zuen lehenengoz, eta ordutik ez du huts egin.

Ricardo Palacios Andueza abeltzainak 2023an Zabalarte klubak antolatutako Lakuntza-Aralar mendi lasterketa egin zuen, eta ordutik ez dio hitzorduari uko egin.

Abeltzaina izaki, zu bezalako gizon okupatu bat noiz eta zergatik hasi zen korrika?
Behiak modu estentsiboan dauzkat; basoan asko ibiltzen dira eta uda osoa Aralarren ematen dute. Beraz, ni basoan asko ibiltzen naiz. Urte batzuk neramatzan basoan korrika egiten, gutxi baina zerbait egiten nuen, nire lanak eskatzen duelako. Baina zenbait gertaerek ekarri ninduten puntu honetara. Aita eta ama segidan hil zitzaizkigun, sei hilabeteko epean, eta sekulako kolpea hartu genuen etxean. Lauzpabost hilabete galdua bezala ibili nintzen, gainezka, kargatuta. Gorputza ez nuen batere zaintzen, eta bolada txarra pasa nuen. Udaberria iritsi, eta behien atzetik basora joan nintzenean sekulako paliza hartu nuen, granjara jaitsi eta kalanbreak. Josune emazteak esan zidan: “nahikoa da, honutzaino. Zaintzen hasi behar duzu, beste ohitura batzuk hartzen". Xalok-era jo nuen, eta nire egunerokotasuna aztertuta, dieta pauta batzuk jarri zizkidan Ana Carmenek. Handik urte batera esan zidan: "zergatik ez duzu lasterketa batean izena ematen? Basoan asko ibiltzen zara". Nik erantzun nion: "Ni mendiko lasterketa batean?" Eta berak: "Entrenamendu erdia egina duzu eta". Esandakoari bueltak ematen hasi nintzen, eta handik aste batera, tarte bat hartu eta basora joan nintzen lasterka egitera. Negua zen. Eta handik denbora batera erabaki nuen: "Lakuntza-Aralar mendi lasterketan izena eman behar dut, ea zer gertatzen den". Lakuntzarra naiz, eta herriko lasterketan eman nuen izena. 

Lakuntza Aralar Mendi Lasterketan bi distantzia egin daitezke. Motza (13 km), Guardetxeko buelta, eta Luzea (26 km) Guardetxetik aurrera Irumugarrietaraino (1430 m) heltzen dena. Zein aukeratu zenuen?
Ohikoa, Luzea, ea zer gertatzen zen ikusteko. Emazteak erotuta ote nengoen, Motzean izena emateko esaten zidan. Baina ni behietara joaten naizenean normalean motza egiten dut, eta, hortaz, niretako erronka lasterketa luzea egitea zen. 

Ibilbide Luzea, hitz potoloak dira horiek. Nola ikusi zenuen zure burua lehen urte horretan, 2023an?
Neure burua ongi ikusi nuen, baina bukaera gogorra izan zen. 

Helmugara iritsi zinenean herri guztia txaloka zenuen; oso polita izan zen.
Hunkigarria izan zen. Ez nuen espero halakorik biziko nuenik, lasterketa batean jendea ni txalotzen egotea. Momentu hori barnean gordeko dut betirako. Gainera, nire bizitzan beste pauso bat aurrera eman nuela sentitu nuen, aurretik gertatu ziren zenbait gauzaren gainditze moduko bat. Azkenean, kontua da aurrera egin ahal izateko pizgarri edo erronka bat bilatzea. Hau egin dezaket, ba egin. Eta erronka lortzeagatik oso harro, egia esan, ni ea zer ateratzen, plan horretan atera nintzelako; ez nengoen ziur bukatuko nuenik.

Korrikalariek diote ibilbide luzearen paisaiak zoragarriak direla. 
Bai, hala da. Goraino iristen zarenean, eta hura ikusten duzunean... Irumugarrieta ikusgarria da. Puntara iristerakoan azkeneko pauso horiek sekulakoak dira. Sekulako gorakada. Eta disfrutatu? Ikaragarri. Gainera, ibilbidean barna herriko jendea dago animatzen: "aupa, aupa!". Lasterketa Zabalartek antolatzen du, baina atzean herri osoa dago laguntzen: dortsalak banatzen, hornidura prestatzen, irteeran, kontrol puntuetan... Hori azpimarratu nahiko nuke, bai lasterketa hau eta baita herrian antolatzen diren bestelako ekimen guztiak (Lagun Artea futbol taldekoak, Aralar Txirrindulari klubekoak, musika eskola, festak...) ez litzatekeela aurrera aterako Lakuntzako jendea inplikatuko ez balitz. Eta guztietan inplikatzen da jendea. Lakuntza-Aralar lasterketak, eta beste ekimen guztiek, herria egiten dute, bizitasuna ematen diote herriari, eta hori oso garrantzitsua da. Alde horretatik, bertan parte hartzea, niretako, oso berezia da. 

"Irumugarrietaraino iristeagatik soilik merezi du; goraino heldu eta hura ikustea zoragarria da"

Gehienetan irabazleez hitz egiten da, errekorrak apurtu diren ala ez... baina korrikalari guztien parte hartzea da garrantzitsua, ez soilik ezagunena. 
Lasterketa guztien helburua korrikalari ezagunak etortzea da, ikuskizuna eman dezaten. Hori garrantzitsua da probarendako. Baina modu askotara parte har daiteke Lakuntza-Aralarren. Bakoitzak bere erronka du. Parte hartzea, disfrutatzea eta bukatzea, hori da nirea. 

Lakuntzakoa lasterketa solidarioa da. Zabalarteko kide batzuk Tinduf kanpamenduan egon ziren egoera bertatik bertara ezagutzen eta aurten Sahara lagunduko da.
Halako egoerak ezagutzea eta laguntza ematea ere beharrezkoa da.

Lakuntza Aralarretik Etxarri Aranazko Triku Trailera egin zenuen salto. 
Bai, gertuko probak egiten ditut. Nire lanbidea oso lotua da, ez dit handik hona ibiltzeko aukerarik ematen. Lakuntza-Aralar eta Triku Trail egin ditut orain arte. Aurten ere bietan izena eman dut. Orain arte atera naizen lasterketa guztiak bukatu ditut, ikusiko dugu aurten nola aritzen naizen. 

Lakuntza Aralar mendi lasterketan maiatzaren 24ko 19:00ak arte eman daiteke izena, baina soilik Ibilaldi Luzeko eta Mendi Martxako (Ibilaldi Laburra, oinez) toki batzuk geratzen dira, Ibilaldi Motza betea dagoelako, itxaron zerrendarekin. Zergatik animatuko zenuke korrikalari bat hemen parte hartzea?
Hasteko, ibilbideagatik. Zoragarria da. Bakarrik goraino, Irumugarrietaraino heltzeagatik merezi du. Eta sortzen den giroagatik. Egun polita da. 

Ikusle izango bazina, non jarriko zinateke proba ikusten?
Toki asko daude, baina Arruazuko Atazarren gora, tarte oso polita da ikusteko. Hasiera da, lehendabiziko hiruzpalau kilometroak, baina igoera da, toki exigentea. Han emaztea eta semea jartzen dira. Bestalde, Aralarko arraso edo zelaietan toki politak daude, eta jaitsiera polita da ikusteko, oso teknikoa, Arangunetik behera. Korrikalariak topera jaisten dira, abiadura handian. 

Herrian ere giro polita egoten da. 
Bai, mugimendu handia egoten da. Motzekoak iristen direla, mendi martxakoak, Luzekoak... oso polita da. 

Aurtengo ediziorako sasoian zaude?
Neguan hanka batean zuntz haustura izan nuen; hilabete eta erdi egon nintzen ezer egin gabe. Egun batean probatu nuen, eta sentsazioak onak zirela ikusita, izena eman dut eta tira, azken unean ezustekoren bat gertatzen ez bada, aterako naiz. Ea zer gertatzen den. Iaz, egun bat lehenago ez ateratzekotan egon nintzen, bero handia egin zuelako eta belarretan lanean egon nintzelako. Gogoratzen dut Asurak esan zidala: "belarretan ikusi zintudan eta pentsatzen nuen: hau Lakuntza Aralarrera atera behar da?". Azken orduan ateratzea erabaki  nuen. Ahal den moduan aritzen naiz. 

"Zabalartek antolatzen du, baina atzean herri osoa dago laguntzen. Horrek herria egiten du"

Ahal den bitartean, aurrera. 
Nire adinarekin erronka bat da lasterketa bukatzea. Oraindik gorputza indartsu nabaritzen dut. Garrantzitsua da elikadurak zer suposatzen duen jabetzea, jaten dugunak zein eragina duen gure osasunean. Pauta horietan Xalokek lagundu zidan, eta aurten beste pauso bat eman dut eta Mikel Galanekin hasi naiz entrenamendu pautak jarraitzen. Izan ere, nire albiziora aritzen nintzen entrenatzen, sarritan gainkargatuta, eta berak lagundu dit entrenamenduak antolatzen eta esfortzua kontrolatzen. Oraindik martxan segitzen dut, baina aurrerago belaunak kexaka hasiko dira: "honaino!". 

Orduan lasterketa egunean Zabalartekoekin lanean ikusiko zaitugu. 
Bai, zalantzarik gabe, beraiei laguntzen, bai ala bai. 

Lakuntza-Aralarrek etorkizuna al du?
Baietz uste dut. Gazte askok eman dute izena. Nire semeak 12 urte ditu eta Motza egitea nahi zuen, baina adinagatik ezin du. Nire ilusioa hori da, kirolarekiko txinparta hori izan dezala. Ea aita gainditzen duen.